argia.eus
INPRIMATU
AHTri ez eta ez
Itziar Bardaji Goikoetxea 2017ko azaroaren 22a

Murrizketa guztien gainetik, Madrildik konpetentzia foralak inbadituz, borroka herritar historikoari ezikusia eginez, bere horretan jarraitzen dute Geroa Bai/EAJk eta gobernu espainolak. AHT bai ala bai.

Kapitalismoak gero eta gehiago produzitu nahi du, merkatua globalizatu eta abiadura handiko korridoreen bitartez lan baldintza ahulenak eta kontsumo gaitasun handienak konektatu. Gune merkaturatu funtzionalak nahi ditu, hiriak, eta haien arteko landa eremua ustiatu daitekeen territorioa da mundu osoan: energia produzitzeko, nekazaritza produkzio kapitalistarako, hondakinak erre edo lurperatzeko, landa turismorako, produktu-merkantzia eta pertsona-merkantziak abiadura handian garraiatzeko. Herriak, kulturaren eta komunitatearen azken arrastoen gordailu, ahuldu; ustiapen horren aurkako erresistentzia ahultzekotan.

Prozesu hau legitimatzeko, desarrollismoa: garapen kutsu bat badu orduan ona da, (ez al da ba progresoa egungo zapalkuntzen eta hondamendi ekologikoaren azalpena? Txist!). Garapenaren ideologiak azkarrago mugitu nahi dugula konbentzitzen gaitu. Merkatuaren nahia gizartearen nahiaz mozorrotzen saiatzen da. Akumulazio prozesuak aurrera darrai jendarte baketsuan. Logika honen baitan txertatzen da Abiadura Handiko Trena.

Horregatik, AHT ez eta ez.