argia.eus
INPRIMATU
Barne-bidaia baten lekukotza
Amaia Serrano Mariezkurrena 2017ko azaroaren 14a
Golgota. Xabier Montoia. Elkar, 2008

XXI. mendeko Europan ikusi ditugun zenbait gaitzekin lot liteke kalbario hitza, baina lehenago ere izan dira oinazez beteriko gatazkak. Horietako bat 1936ko Gerra izan da gurean. Ez bakarra, noski, ezta azkena ere. Haatik, Xabier Montoiak bere lanetan agertu ohi dituen kezka soziopolitikoak ezagututa, nekez esan liteke obra hau 36ko Gerrari buruzko “beste eleberri bat” denik, narrazioa garai horretako gertakari historiko batek irekitzen badu ere.

Nafarroan gaude, 1936ko abuztuaren 15a da, Amabirjinaren eguna. Afalorduan, indarrez sartu da gizonezko talde bat Felisaren familiaren etxean, fusilak eskuetan. Haren aita eraman nahi dute, baina alaba zaharrena jarri zaie bidean. “Gorriaren familia” da, eta aita-alabak egun horretan bertan desagerrarazten dituzte, hala gainerako kideen patua idatzita utzirik. Hasiera indartsua du eleberriak; Kafkak zioen bezala, buruan jotzen zaituen horietakoa da. Tentsio horri bide ematea, ordea, ez da erraza, eta pasarte batzuk astun gertatzen dira. Felisaren barne-munduaren kontaketa da eleberriaren lorpenik handiena, eta, inoiz haren erabakiak guztiz ulertzea zail gertatzen bada ere, Josefina Lambertoren lekukotza du oinarri istorioak, bere horretan sinesgarri gertatzeko zail diren pasarteak barne.

Esperanza eta Felisa, itxaropen eraila eta zoriontasun lapurtua. 36ko Gerrako biktimak dira, baina gerra handia gerra txikiagoekin ere nahasten da. Haien ahizpa Margarita bere senarrak jipoitzen du, Felisa moja sartzen denean Elizak kolpatzen du, modurik zitalenean, Esperanza fisikoki bortxatua da, eta haien ama, aldiz, publikoki makurrarazia.

Felisaren erbestealdi fisikoek bere nortasunean arakatzera bultzatzen dute. Oroitzapenak iraganean uzteko saiakeran bilakatzen da moja, beharra dutenei laguntzeko asmoz. Hautu horrek, ordea, amaren arbuioa eta bazterketa dakarzkio, etsaiarekin elkartzea egotzita. Torturaz josiriko bidea abiatzen du orduan, tarteka 36ko gertaera hura ametsa izan zitekeela ere pentsatzeraino, aita eta ahizpa ebatsi zizkioten egun hura amesgaizto itxuran agertzen baitzaio gauero. Nolanahi ere den, etengabe gogoratzen dituen irudi horiek errealitatea ulertzeko eta iraganari hitzak jartzeko balio diote. Alabaina, hitz horien tonua aldatu egingo da eleberrian zehar, ahots berri bat sortuko, poetikoagoa, lirikoagoa dena. Azken batean, Golgota, zerbait bada, errealitate gordin baten kontaketa edertua da.