Urriak 31 ditu lerro hauek idazten ari naizenean, eta urriaren 1ean Katalunian behatzaile ibilitako euskal herritar franko harrituxe dabiltza Errepublika aldarrikatu zenetik honat gertatutakoaz. Urriaren 1aren antzeko masa-ekimena espero zuten, hau da, jende olde handia karrikan Generalitatearen egoitzak babesteko, erreferendumaren egunean bozkalekuak nola, eta 155i arbuioa erakusteko. Zenbaitek, halaber, beren harridura erakutsi dute (sareak lekuko) independentziaren aldekoak abenduaren 21eko bozetan aurkeztuko omen direlakoz (Puigdemont larrutzetik gertu ibili zen baten bat, presidentak hauteskundeak deituko zituela zirudienean). Suhar itzuli baitziren Kataluniatik, hura herria, hura jendea, hura irmotasuna, herri oso bat ahaldundua, burujabetua, bere buruaren jabe eginda. Joan ez ginenok ere gogoa han izan genuen, arrunt hunkiturik, ikusitakoak ikusita. Ezagun independentziazale bat itzuli da Bartzelonara Errepublika ezarri ondoko lehen asteburuan. Mikaztu zaio egonaldia, Espainiako bandera kopuruari erreparatuta, eskuin muturrekoak lasai-lasai nola ibili diren ikusita, eta mugimendu independentistaren isiltasunak harrituta, “unionistak ere ahaldundu dira, eta karrikak ez dira gureak izan, haienak baizik”. Bat-batean, Antonio Baños CUPeko kidearen txio suspergarri batek itzuli dio irribarrea: “Oroitzen zarete ez zituztela hautestontziak topatu? Isiltasuna ez da beti inakzioa”.
Ezagun independentziazale bat itzuli da Bartzelonara Errepublika ezarri ondoko lehen asteburuan. Mikaztu zaio egonaldia, eskuin muturrekoak lasai-lasai nola ibili diren ikusita, eta mugimendu independentistaren isiltasunak harrituta, “unionistak ere ahaldundu dira, eta karrikak ez dira gureak izan, haienak baizik”
Bitartean, Kataluniatik datozen haizeak baliatu nahia sumatzen da, hemen ere bulkada ahalik eta lasterren emateko. Baina, aldi berean, hango abiadaren (bere adiera guztietan) aldean, aunitzen ustez, “inakzioa” nagusi da Euskal Herrian, gelditasuna, moteltasuna. “Herri hau lo dago eta iratzartzeko aldia da” entzun nion bati lehengoan. Hori hala bada, zerk lokartu du? Zerk utzi du indarrik gabe eta leher eginik? Ez al dute zerikusia urtetan “sua” itzaltzeko ahaleginean xahututako indarrek, eginahalek, izerdiek eta neke gorriek? Hala ere, Katalunian gertatu bada, hemen ere gerta daiteke, bere neurrian, urratsez urrats. Nork erranen ote zuen duela zortzi urte Joseba Asiron izanen zela Hiri Buruzagiko alkatea, eta Uxue Barkos, Ekialdeko lehendakaria? Huskeria iritziko diote hainbatek, baina alimalekoa izan da, eta horixe da oraingoz gure joko-zelai nagusia. Bizkitartean, ea ez diren Nafarroako “unionistak” gehiegi ahalduntzen, eta ea gauza garen, hemendik urte eta erdira, bigarren agintaldia emateko Asironi eta Barkosi.