Mikel Asurmendiri irakurri nion ARGIAn bertan Hegoaldekook ez dugula Iparraldearen berri (ia) ezagutzen. Esango nuke egia dela, eta gaineratuko nuke Nafarroaren errealitateari buruzko ezagutza ere, behar baino mugatuagoa dugula Mendebaldean.
Horregatik pentsatzen dut korner honetako gehien-gehienok jakingo dugula euskara ez dela ofiziala Nafarroa osoan, baina askoz gutxiago izango garela zerrenda bakarraren kalapitaz jakitun gaudenok.
Ostera, bi-biak dira eztabaidagai uneotan Nafarroan, eta biek dute ardatz bera: euskara.
Aspaldiko erreibindikazioa da euskara Nafarroa osoan izatea ofizial. Aurreko parlamentuekin ezinezkoa bazen, oraingoarekin ere bai. UPN, PSN eta PP kontra daudela gauza jakina da. Baina Ezkerra ere kontra dago, eta hura barik ez dago, gaur-gaurkoz, legea aldatu eta ofizialtasuna foru-erkidego osora zabaltzerik. Kito.
Hori esanda, iruditzen zait arrazoi puntu bat baduela Joxerra Olanok, LARRUN 223n dioenean berriro ere oposizioan izatekotan zaila izango dela ofizialtasuna eskatzea, agintean izan bitartean hura gauzatu ez bada. Gauzatzerik ez badago ere, ofizialtasuna aldarrikatu egin behar da, orain ere bai. Baina: lehenengo-lehenengo, ofizialtasunak zer esan gura duen argitu behar da. Horren bitartez –bitartekoa baino ez baita– zer bilatzen dugun definitu beharrean gaude. Ez bakarrik euskal hiztunari zein eskubide ekarriko liokeen, baizik eta –batez ere, esango nuke nik– ofizialtasun horrek zein betebehar ekarriko liokeen euskaraz ez dakien nafarrari. Izan ere, pentsatzen badugu ofizialtasunak derrigor ekarri beharko lukeela euskara Nafarroa osoan ikasi beharra, orduan etxekalte ariko ginateke. Tren hori aspaldi joan zen (joaten utzi genion?) eta EAEn duela ia berrogei urte posible izan zena ezinezkoa da gaurko Nafarroan, non euskararen bultzada eskubideen errespetuan oinarritu behar den, ez betebeharrak ezartzearekin. Eta eskubideetan oinarrituta ere, nahikoa lan: begiratu bestela Ezkerraren jarrera hezkuntzako zerrenda bakarraren gaian.
Lanerako ildoa, beraz: ofizialtasuna, nafar elebidunen eskubideak Nafarroa osora zabaltzeko, baina ez elebakarrei hizkuntza betebeharrik ezartzeko. Administrazioko lanpostuetarako, EAEko sistema zein den ondo azaldu, hala eskatzen den euskara mailaz, nola euskara ezagutzaren bat jartzeko jarraitzen den prozeduraz–, eta Araneraren Legeari begiratu bat eman.
Eta definitzea eskatzen ari naizenez, beste eskaera bat ere egingo dut Mendebalde honetatik: jakin gura nuke Kontseiluak zer iritzi duen euskararen kaltetan izango diren Heziberri eta 3L ereduaren gainean. Horretaz ez baitiot txintik entzun.