argia.eus
INPRIMATU
Elhuyarrek ARGIA ere ikertu du
Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko azaroaren 09a
Elhuyarrek ikertutako hiru proiektuak, Ikastolen Elkartea, Elkar eta ARGIA elkartu ziren Elhuyarren egoitzan, orain arteko ondorioen berri jasotzeko.
Elhuyarrek ikertutako hiru proiektuak, Ikastolen Elkartea, Elkar eta ARGIA elkartu ziren Elhuyarren egoitzan, orain arteko ondorioen berri jasotzeko.

Kazetaria ohituta dago galderak prestatzen, antolatzen, egiten, eta narrazioa idazten. Baina galderei erantzutea tokatu zaio oraingoan ARGIAri. Elhuyar Aholkularitzak kulturaren, nortasunaren eta identitatearen inguruko ikerketa egin du oinarri hartuta Euskal Herriko hiru proiektu: Ikastolen Elkartea, Elkar eta ARGIA.

Elhuyar Aholkularitzako Imanol Azkueren hitzetan azterketaren helburua izan da “ezagutzea identitateak nolako eragina izan duen lurraldeko gizarte-berrikuntzako prozesuetan, eta, bereziki, euskararen biziberritzearekin zerikusia daukatenetan”. Euskalgintzako hiru proiektu, oso alderdi diferenteetan lanean jarduten dutenak, eta garai bertsua partekatzen dutenak; azken 40-50 urteetan aritu baitira lanean. Norbaitek galde dezake: “zergatik ARGIA, ordea? Izango da garai horretan lanean ibilitako beste askorik ere, ezta?”. Nik ere galdera horixe egin diot Azkueri, eta hona erantzuna: “Euskal hedabideetan, ARGIA erreferentzia nagusietako bat da: ibilbide eta eskarmentu luzea dauzka, garaian garaiko moldaketak eginda iraun du, berritzailea izan da alderdi askotatik begiratuta, konprometituta dago inguruarekin, burujabea da, komunitate handia eta zabala (langileak, laguntzaileak, harpidedunak) biltzen du inguruan… eta hautaketarako jarri genituen irizpideak ondo betetzen ditu ARGIAk”.

Ez dute elkarte edo talde bakoitza orokorrean aztertu, lan edo pauso zehatzak baizik. ARGIAren kasuan, Ametzagaña taldearen sorrera, Interneterako jauzia eta kudeaketa-eredua izan dituzte ardatz. Hilabetetako prozesua izan da eta hainbat bilera egin dituzte, ez baitira bi orduan kontatzekoak hiru gaiak ere.

Ondorioez galdetuta, Azkuek azaldu du hiru urteko proiektua dela, eta oraindik bukatu gabe dagoela. Baina azterketan esanguratsutzat dituzten zenbait datu eskaini dizkigu, ondorioztatzen dutenak balioetako asko errepikatu egiten direla; hala nola, proiektuen oinarrian dagoen auzolanaren kultura, parte-hartzea, herri ekimenetik sortuak izatea, erakunde etikoak, justuak izatea,  errealitate, garai eta egoera berrietara egokitzen jakin izana, harreman-sareek horrelako proiektuetan duten garrantzia...

Elhuyarrek aurreikusten du lan osoa datorren urtean aurkeztuko duela.