argia.eus
INPRIMATU
Faraoia etxe handi bat da
  • Per-aa hitzak “etxe handia” esan nahi du egiptoeraz. Faraoia, jakina, etxe handi batean bizi zen, eta haren jauregia izendatuz azaltzen da hitza dinastia zaharrenetako idatzietan.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2017ko urriaren 30a

Per-aa hura par’oh bihurtu zen hebreeraz, eta pharao grekoz. Hortik dator faraoi hitza, baina Egiptoko erregea izendatzen du, ez haren etxea. Gaur egun Egipton ere per-aa esaten diote faraoiari, baina erabilera nahiko “berria” da. Egiptoar eskribek nesu (errege), neb (jaun) edo hemef (maiestate) hitzak erabili ohi zituzten. Amenhotep III.aren agintaldian, K.a. XIV. mendean erabili zuten lehenengoz per-aa agintari gorena izendatzeko.