argia.eus
INPRIMATU
Fakeak
Leire Narbaiza Arizmendi @txargain 2017ko urriaren 31

Argazki bat ikusi dut Twitterren: Bilboko udaletxe aurrea jendez lepo, baita zubia ere. Idatzita du euskaldunon protesta dela 155. artikulua aplikatzearen kontra. Baina erretratuko jende oldean kolore bat nagusitzen da, gorria. Bitxia. Era berean, egun horretan eguraldi tristea egin zuen. Fotoan, ostera, eguzkitsu dago. Fakea da, faltsutze bat, alegia. Argitu digute Athleticen ospakizun batekoa dela.

Halako asko zabaltzen dira sare sozialetan, borondate txarrez ia beti. Manipulazio galanta, erraz irensten duguna, astirik hartzen ez dugulako jatorria non duen ziurtatzen. Ia beti, datsegit batek, edota bertxioek askoz gehiago arduratzen gaituztelako. Azkar klikatu, ahalik eta gehien zabal dadin.

Sare sozialek informazioa kontsumitzeko modu hau ere bultzatzen dute. Dena bizkor, dena bat-batean, arin eta atseden barik. Ez dago astirik ezer berresteko, informazio kopurua, osotara, irentsi ezina delako.

Engainatu egiten gaituzte. Edo, hobe esanda, engaina errazak garenez, esku-eskura jartzen diegu aukera faltsutzaile hauei. Baina benetako galdera da zergatik argitaratzen dituzten iruzurgileek fakeak: loriazko 15 minutuak izateko. Nartzisismoak besterik ezin du azaldu erridikulu hau.