argia.eus
INPRIMATU
Begiak ireki eta
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2017ko urriaren 31

Reno, Nevada, Ameriketako Estatu Batuak. Euskaldunon iruditerian hiri seinalatua: euskal kolonia garrantzitsua (zeren urrina duen, auskalo), artzain euskaldunaren omenezko monumentua (ados, ez dut txantxarekin jarraituko), are, Center for Basque Studies, euskara eta euskal ikasketak lantzeko ikerketa zentroa. Zilbor behaketa horretatik kanpora zer ordea? Ilun, ez behintzat Las Vegas bizilagunaren argirik. Galdetuko dizu Ero hiria ipuin bilduma honetako pertsonaia batek: “Zer egin daiteke Renon arratsaldeko bostetatik aurrera?”. Aurrerago erantzuteko beste ipuin batean beste batek: “Renon ez dun ezer gertatzen”.

Renon baitaude girotuta hamar ipuin hauetako bat eta bakoitza. Hamarrak irakurrita, ordea, kontxo, ezer ez baino zerbait gertatzen dela esan behar, eta zerbait asko: ez agian zaratots arranditsu artean, baina gehiago lurrazpiko dar-dar apenas atzemangarri eta konstante batean. Emakume eta gizonen (eta are emakume eta emakumeen, eta gizon eta gizonen) arteko harremanak dira nagusi, harreman, nola deitu, batez ere afektiboak –“Flirteatzea da gaur egun geratzen zaigun bide bakarra”–. Jatorri, kondizio, jaidura askotariko emakume eta gizonak, elkar ulertzera edo elkar ez-ulertzera edo gutxienez elkarrekin interaktuatzera kondenatuta daudenak. Mundu guztia biltzen da hartara orriotan, mundu txiki bat, esan dezagun munduaren zabala har lezakeen mikrokosmos bat. Lasai, euskaldunok ere bagaude, zorionez dosi txikietan –“Euskaldunok ez gaituk santujale hutsak” esateko, adibidez; edota aberkide bat “immigraziokoek harrapatu eta etxera bidali ditek”–. Ero hiria, beraz, baina jende erabat normala aterpetzen duena bere baitan, osotoro arrunta, zu eta ni bezalakoa.

Taberna ugari (billar-mahai musika jotzeko oholtza, han-hor-hemen ageri diren hegazti eta piztien gorputz disekatuak), alkohol ugari (azenario-zukua ere bai, tarteka), zinema ugari (“Egungo heziketan hain da sakona Hollywooden eragina”), milurteko berriaren karietara zalantza ugari. Horien artean gertatzen dira hemen gertatu beharrekoak. Eta hasieran egindako galderekin baino, geratuko nintzateke “Renora etorriz gero dena da posible”, “Renon egunak hogeita lau ordu baino gehiago ditu” bezalako baieztapenekin. “Begiak ireki eta gauza asko ikusiko dituk Renon”. Besterik ez bada, Javi Cilleroren eskutik.