argia.eus
INPRIMATU
Urdaibaiko jatorrizko basoak berreskuratzeko diru bilketa martxan
Garazi Zabaleta 2017ko urriaren 26a

Natur ondarea kontserbatu eta kudeatzeaz arduratzen da Lurgaia Fundazioa, eta bertako basoen berreskurapenerako lanean dihardu 2002an sortu zutenetik. “Gure basoak, gure etorkizuna” proiektua jarri dute abian orain: Urdaibaiko jatorrizko basoak berreskuratzea da helburua. Proiektua bultzatzeko diru bilketa martxan da dagoeneko.

Pinu eta eukaliptoen ordez bertako baso anitzak

Muxikako Ibarruri auzoko Undabaso eremua da proiektu berriaren kokalekua. Bertako basoen %90 inguru pinu eta eukalipto ustiapenak dira, Mireia Valle Tobar Lurgaiako langileak azaldu bezala: “Hango baserri batera bizitzera joan zen pertsona bat jarri zen gurekin harremanetan: bere lurretan dena pinu eta eukaliptoa zela ohartu zen, eta bertako zuhaitzak nahi zituen”. Lurgaiakoek inguruko lurrak erosteko eta bertako jabeekin akordioak lortzeko lanari ekin zioten.

Urdaibai inguruan harizti oso gutxi gelditzen direla eta gutxi horiek banatuta daudela azaldu digu Vallek. Horregatik, bioaniztasunaren alde espezie anitzak landatzea ez ezik, haritzari garrantzia ematea ere bada fundazioaren helburua: “Hariztiak berreskuratzea oso garrantzitsua da, ez bakarrik gure ondare naturala berreskuratzeko, baizik eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko, higadura prozesuak gutxitzeko edota gure ibaien eta erreken uraren kalitatea hobetzeko”, diote proiektuaren arduradunek.

Diru bilketa lurrak erosteko

Urdaibaiko baso lurren gehiengoa esku pribatuetan egonik, jabeekin akordioak lortzen saiatzen dira fundaziokoak, eta hori ezinezko denean lurrak erosten dituzte. Hain zuzen horretarako abiatu dute diru bilketa kanpaina: lurrak erosi ahal izateko. 18.000 euro falta zaizkie lehenengo eremua ordaintzeko. Hitzarmen berriarekin lehendik kudeatzen zituzten 26 hektareei beste 31 gehituko dizkiete, orotara 57 hektareatako lur eremua hartuz. Helburu nagusia, ordea, hurrengo urteetan 100 hektareatako basora iristea litzateke. “Basoa esaten dugunean, gutxienez 100 urte eta 100 hektarea behar dituen ekosistema konplexuaz ari gara. 100 urte itxaron beharraz ez gara arduratzen, ez dugu presarik, naturari laguntzen diogu eta ez ditugu emaitza azkarrak espero. Argi dugu, baina, egun gure basoak zaintzeak gure etorkizunean eragin positiboa izango duela”, diote. Bere aletxoa jarri nahi duenak labur.eus/HP5TQ helbidean egin dezake ekarpena.