Zer berri gure herrietako landa eremuan? izenburupean jardunaldiak egin dituzte irailean eta urrian Goierri Garaiko zazpi herritan. Eskualdeko landa lurren eta nekazaritzaren egoera aztertu du Ambientalia21 ingurumen aholkularitzak, udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin eta Goimen Goierriko Landa Garapenerako Elkarteak koordinatuta. “Nekazaritzak gure gizartean duen papera, gure lurren egoera edota elikaduraren aldetik gure herriek duten autonomia maila aztertzeko lanketa egin da”, azaldu digu Manex Aranburu Goimeneko teknikariak.
Lurraren sailkapena egin dute diagnostikoan, erabileraren arabera: baratze lurrak, fruitu-arboletarakoak, basorakoak edota abeltzaintzarako erabiltzen direnak. Eskualdeak 11.000 hektareako lur azalera hartzen du, eta %95 landa eremua da. Baina barazki lurrek eta soroek zati oso txikia hartzen dute. Zer dela eta? Bada, lur askok jabetza pribatua dute, eta jabeek ez dute hura lantzen. “Lehen aldia da historian natur baliabideak izanda, lurra kasu, horiek aktiboan jarri gabe dituguna, erabilerarik eman gabe”, dio Aranburuk.
Oinordetzan jasotako lurrak dira horietako asko, jabeek saltzeko inongo asmorik ez dutenak. “Sentsibilizazio lanean ari gara. Jardunaldiak egin ditugu eskualdean lurraren funtzio sozialarekin lotuak, herritarrei adierazteko zenbateko eragina duen paisaiak, lurrak eta lurrarekin egiten dugunak”.
Lehenagotik eskualdean martxan zuten “Bertatik bertara” proiektuarekin, herritarren tokiko produktuak eta garaian garaikoak kontsumitzeko ohitura handitzen ari zirela ikusi zuten. Zabaltzen ari den eskaera horri erantzuna ematea, ordea, zail dagoela azaldu digu Goimeneko teknikariak, nekazaritzan hasi nahi duten gazte askok lurrak lortzeko zailtasunak dituztelako, besteak beste.
Hori dela eta, lurjabeen eta baserritik bizi nahi dutenen artean formula berriak bilatzea da gakoa, teknikariaren ustez: maiztertza bidezko akordioak lortzea, adibidez. “Azken urteetan nekazaritzaren joera beheranzkoa izan da, eta zerbait egiten ez badugu lur pila bat libre, abandonatuta, dauden eszenategian aurkituko gara”, dio. Egoera horri aurre hartzea da ideia, eta horretarako alde guztiek egin beharko dute lanketa: lurjabeek, nekazariek, kontsumitzaileek, nekazaritza erakundeek nahiz instituzioek.