Semaforo gorrian gelditu nintzen. Eskuin aldera begiratu eta atletismoko talde bat ikusi nuen entrenatzen: aurretik, korrikalari profesionalen antzera, eguzkitako betaurrekoak, galtza motxak eta elastiko iragazkorra jantzita, entrenatzailea bizpahiru mutikoez inguratuta. Atzetik, hainbat metroetara, bi neskatxa. Goitik behera behatu nituen erdi korrika eta erdi oinez zihoazen bi neska hankaluze eta atletikoak.
Nire lehen gogoeta jokabide horren zergatia antzematen saiatzea izan zen, kontuan hartuta begi-bistakoa zela neska horiek ez dituztela taldekide mutilen gaitasun fisiko gutxiago; eta nire lehen ondorioa, neska horiek gizarteko estereotipoak barneratuta haietaz espero dena egiten ari zirela.
Behin eta berriz entzuten dugu neska-mutilak berdintasunean hezteko eredu mistoa egokia dela, baita kirolean. Honen harian, hain zuzen, artikulu bat argitaratu berri du Jon Tornerrek ARGIAn. Nik neuk datuetan oinarritutako iritzia eman nuen, berdintasuna egon ezean, neska-mutilek bananduta parte hartzeko garrantzia defendatuz, eta emakumeek kirolean gorputzaren jabekuntza prozesu bat egitea ezinbestekoa dela adieraziz. Argi eta garbi ikusten dut hori haur gehienek egiten dituzten taldeko kiroletan; eta beste kirol jardueretan sexu biek elkarrekin parte hartzeko egokitasuna onartzen dut, betiere, hezkidetza bermatzen bada. Artikulu berean, Itsaso Nabaskuesek eskola kirolean “kirol tipiko” horiek ez diren eta neska-mutilek elkarrekin egiten dituzten “aisialdiko” beste adibideak ekartzen ditu, hain zuzen, izotz hockeya edo atletismoa.
Azken batean, ez da jarduera bera egokia edo ezegokia dena, jarduera hori egiten den modua baizik. Egia da gizartean gehien baloratu diren kirolak tradizioz gizonen eremu izan direla, eta ondorioz, gizonak izan direla arlo honetan jakitunak eta trebeziak bereganatzeko aukera gehien izan dutenak. Honek eragina izan du neska-mutilen arteko elkarrekintzan, eta aipatu artikuluan esaten zen moduan, neskek protagonismo eta iniziatiba jokabide gutxiago azaltzen dituzte. Baina kirol arloa gizartearen ispilu da, eta gizarteko desberdintasunak kirol arloan islatzen dira, nabarmenki batzuetan, sotilago besteetan.
Beraz, ezin pentsa genezake berdintasuna sustatzeko nahikoa dela eskaintza aldatzea; arazoa estrukturala da, eta hala eman behar zaio erantzuna. Ziur nago egun korrika egiteko sortzen ari diren emakumezkoen taldeetako partaideek, jabekuntza prozesua bizi baino lehen, semaforo ondotik pasa ziren bi neskatila horien erantzun bera emango lidaketela mutilekin entrenatzeko esperientziari buruz.