argia.eus
INPRIMATU
Garoñak hor segitzen du
  • Gasteiztik 40 kilometrora dagoen Garoñako zentral zaharkituak, 42 urteren ondoren ez du energia nuklear gehiago sortuko, Espainiako Gobernuak ixteko erabakia hartu baitu.

Juan Mari Arregi 2017ko urriaren 18a

Funtzionatzen segi zezala nahi zuen, baina horretara derrigortu dute herri mobilizazioek eta oposizio politikoak. Zentral nuklearraren itxierak, ordea, beste arazo larri batzuk sortuko ditu, eta horien aurrean hobe genuke erne ibiltzea. Zoritako zentrala eraisteko 20 urte beharko dira eta Vandellósekoak bikoitza beharko du. Adituen ustez Garoñarekin gauza bera egitea askoz gehiago kosta daiteke, bere diseinuaren ondorioz kutsatuago dagoelako. Hortaz, Garoñaren arrisku erradiaktiboak hamarkadatan segituko du bizirik. Horregatik da hain beharrezkoa zentrala eraisteko plan bat martxan jartzea lehenbailehen.

Garoñaren itxierak ia 300 lanpostu zuzen deuseztatzea dakar. Gobernuek eta erakunde espainiar nahiz euskaldunek berehala heldu beharko liokete inguru hartako ekonomia berraktibatzeko plan bati, lanpostu alternatiboak sortu eta herritarrak migratzera derrigorturik egon ez daitezen.

Beste arazo bat, eta ez txikiagoa, hondakin erradiaktiboen manipulazio eta pilatzearekin dator. Garoñaren kasuan 500 tona metriko dira. Zer egingo dugu hondakin horiekin? Espainian egin nahi zuten hondakin erradioaktiboentzako biltegiaren proiektua geldirik dago eta materiala garraiatzea oso garestia da. Agian, zentraletan “behin-behineko” biltegiak irekitzeko tentazioa izan dezakete agintariek. Garoña itxiko dute eta ez du energia nuklearrik produzituko, baina herritarrentzat oso kutsagarria eta arriskutsua izan daitekeen hondakin erradioaktiboentzako biltegi bihurtu dezakete. Adi beraz, hau ez da amaitu. Garoñak hor segitzen du.