Turismoa, kontzeptu gisa, ez dago modan. Aski ezagunak dira, dagoeneko, turismo masiboaren aurkako argumentuak. Ikasi dugu, ikusi dugulako, hiperturistifikazioak gure auzoetako alokairuen prezioak igoarazten dituela, komertzio arruntak turistei bideratutako denda bilakatzen dituela, eta turistentzako zerbitzuetan lan egiten dutenen lan baldintzak prekarioak izaten direla. Ikusi ditugu turista samaldak hiriko espazioak irabazten –alegia, guri galarazten, hitzaren bi zentzuetan–, gure eguneroko ohitura txikiak kanpotarrentzako esperientzia salgarri bilakatu ahala.
Horregatik, besteak beste, kanpora goazenean ere ez dugu turista izan nahi. Leku turistikoetan derrigorrezko argazkia egin bai –eraikinak, paisaiak, haur irribarretsuak–, baina, gainerakoan nahiago dugu ohiko zirkuituetatik at ibili. Beste argitaletxetakoen aldean alternatibotzat dugun gidak auzo alternatibotzat jotzen dituenetara jotzen dugu, ezaxola; alternatibotasunak berak balio espekulatiborik ez balu bezala; gune horietan turismoa gure pausoz sartuko ez balitz bezala; Venezia sindromea eta ez-turiston disoziazio-ihesa txanpon beraren bi alde ez balira bezala.