Gogoratzen duzue zer esan zuen Espainiako Gobernuak bankuen erreskateaz? “Zergadunari ez zaio euro bakar bat kostako”. Bankuek eta aurrezki kutxek laguntzak itzuli beharko zituztela zioen.
Ba, gezurra esateaz gain, zergadun bakoitzari 2.000 euro inguru lapurtu dizkigute. Argi eta garbi. Albiste hori oharkabean igaro da Kataluniako prozesuaren kontrako erasoaldi ofiziala dela-eta.
Hain zuzen, Espainiako Bankuak galdutzat dauzka bankuen erreskate publikorako erabilitako 40.078 milioi euro. Hamalau finantza entitatek jaso zuten erreskatatuak izateko edo berriz kapitalizatzeko dirua FROB bidez –Espainiako Estatuaren jabetzako organismoa–; guztira 54.353 milioi euro. Espainiako Bankuaren kalkuluen arabera 3.873 milioi berreskuratu dira eta soilik beste 10.402 milioi berreskuratzeko “aukera” duela uste du. Baina abalak, bermeak eta banku txarrarentzako kapitalak gehituta kostua askoz handiagoa da. Kontuak aterata esan liteke zergadun bakoitzari 2.000 euro lapurtu dizkigutela. Diru horrekin ez litzateke beharrezkoa izango murrizketarik Hezkuntzan (14.000 milioi euro), Osasungintzan ere ez (10.000 milioi euro), ezta langabetuei 16.000 milioi euro kentzea ere.
Erantzukizunak garbitu behar dira: finantza entitate bakoitzeko administrazio kontseiluetan, Espainiako Bankuan, Europako Banku Zentralean... Eta jakina, Espainiako Gobernua ere bai. Bereziki Rajoyk dauka ardura handia: lehenik gezurra esan zigun, eta orain, lapurreta horren aurrean eskuak garbitzen ditu esanez gordailugileak defendatu dituela. Euskaldunok badugu beste arrazoi bat gure subiranotasun nazional, sozial, ekonomiko eta politikoaren alde borrokan segitzeko.