Frantziako Gobernua adinez gaztea da eta gaztetasun horren izenean pentsatzen ahalko liteke jendarteari buruz bederen ideia berriak ekartzeko gai izango zela. Baina lau hilabete pasatu dira eta ez dute deus frogatu oraino. Alderantziz: egiten, erabakitzen eta lege bihurtzen duten guztia errotik lobby neoliberalenen menpe dago.
Boterea, lapurreta moduan hartu eta berehala nahastaile endokrinoen auzian Europan indarrean dauden aurkako neurrien maila apalenari amen erratea deliberatu zuten. Lan kodearen suntsitzea ez dut aipatzen, balitekeelarik hor ere zer idatzi. Duela gutxi nekazaritza ministroak bio-ekoizleei ematen zitzaizkien diru-laguntzak kenduko edo murriztuko zituela iragarri zuen: merkatuak berak finantza dezala nekazaritza mota hori. Ez diote horrelakorik eskatzen laborantza intentsibo, kutsakor eta subentzioz okituari: badakite nor duten biluzten.
Hemen argi geratzen da FNSEA sindikatuaren, lur lan eredu konbentzionalaren eta agian industria agro-alimentarioaren galde bekaitzei makurtu zaiola frantses gobernua, hauei dirua luzatzea debalde xahutzea delarik ene ustez, energia irensleegia den modeloak ez duelako etorkizun izpirik.
Mundu errealetik kanpo bizi direla dirudi. Birla endogamiko batean. Gobernariez ari naiz.