argia.eus
INPRIMATU
Natura eta askatasuna hainbat aurpegitan
  • Bada esanguratsua ibilbide luze eta sendoa duen musikari eta sortzaile donostiarrak bere laugarren lan luzea autoekoiztu izana. Nahiz eta argi gera bedi gaur egun auto-ekoizpena askotan ez dela gabezia baten ondorio, hautu pertsonala baizik. Gauzak honela, auto-ekoizpenak badu arriskutik eta norberak beretik eman beharretik; eta San Sebastianek, zuhaitzek bezala, ez du beldurrik.

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2017ko urriaren 03a

Barruan daramana askatzea da bere xedea. Beste talde batzuekin ibilia da eta azken hamarkada luzean bere proiektu pertsonalekin ausarki abiarazten da naturatik plazara. Hala, beti iruditu zait bere eskaintza dela folkyegia –lurrari lotutakoa– rock-zaleentzat eta, aldiz, folka maite dutenentzat rockeroegia. Izan ere, ahots berezia eta erregistro aberatsa dauka, sustraiak oso presente ditu beti eta, horrekin batera, arima askea erabat.

2004an eta 2009an hurrenez hurren kaleratutako Orai (No-CD records) eta Ospela (Elkar) euskal folkari eta lurrari lotuta zeuden hein batean eta haiei zor dizkiegu gure kantagintzan zizelkatutako Atzo naiz-en gisako perlak. Horien ostean, piztia berpiztu eta Erraiak (Elkar, 2012) kaleratu zuen rock indartsuarekin eta beste kultura erritmikoagoekin blaituta erabat. Piztiaren bila areto izerditsuenetaraino amildu zen.

Orain berriro dator bueltan naturaz eta horren magiaz zipriztindutako lan berriarekin, eta beste behin kamaleoniko gorpuztu zaigu, bat baino gehiago bizi direlako bere baitan. Nereari basoari erreparatzen dion folk goxoa erditu zen, baina taldearen indarraz rock amerikar bilakatu da. Zuhaitza kantuak balio du San Sebastianen abesteko sentimendua gure egiteko. Haizea gozatzen handia da, Neil Youngen kadentzia eta malenkonian jaio eta indioen tankeran erotuta post-rock distortsionatuan biderkatuta. Basamortu epel zinematografikoa da erabat, kabaretero-rockeroa. Itsaso gureak marinelen omenez idatzitako eresia, rock gihartsu, itsaskor eta bizia. Ametsa-k asko du San Sebastianen umoretik, probokaziotik eta 70eko hamarkadako rocketik. Ikusezina, aldiz, akustikoan biluztean datza. Esk erromeriatarako pieza transgresorea da. Atea, berriz, hillbilly-a, 70eko rocka, Iparraldeko kantagintza eta Afrikakoa batzeko ariketa. Eta, postre gisa, sorpresa goxoa.