Trenari alde egiten ez uzteko esan zioten Operación Triunfo abeslari-artistak fabrikatzeko telebista saioan. Tren hura pasatzen utzi zuen ordea, abeslariaren bila baino produktu baten bila zebiltzala konturatu zelako. Joli Pascualenaren ustez arrakasta norberak nahi duena egitea da, eta oraingoz, lortzen ari da.
Abeslari eta aktorea. Ahots hutsez abesten duen Demode Quartet taldearen sortzailea da. Hamar urtean bi ikuskizun eta bi CD kaleratu dituzte. Orain hirugarrena dute esku artean: Musikal guztiak ia-ia. Hainbat filmetako eta Goenkale eta Goazen telebista saioetako aktorea izan da. Datozen hilabeteotan bi CD kaleratzea, Habanako Fábrica de Arte Cubano aretoan emanaldiak eskaintzea eta kantautore lanari berriz lotzea ditu helburu artista iruindarrak.
Oholtzarako bokazioa betidanik izan duzu?
Txikitatik oso musikazalea izan naiz. Uda oro lehengusina guztiak elkartu eta ikuskizun bat prestatzen genuen musika, dantza, antzerkia, iragarkiekin… oso ongi prestatua eta aurkezle eta guzti. Nik gitarra jo eta abesten nuen.
Ordurako jada musika ikasten ari zinen?
12 urterekin gitarra jotzen eta abesten hasi nintzen eta 16 edo 17rekin nire lehen lanak konposatzen. Aita-amek anaia nagusia kontserbatoriora eraman zuten musika ikastera eta utzi egin zuen. Ondoren ahizpak gauza bera egin zuen eta niri txanda iritsi zitzaidanean ez ziren saiatu ere egin. Autodidakta hasi nintzen eta lagunekin talde bat sortu genuen gure gustuko kantak abesteko.
Nola sortu zen Demode Quartet?
Duela hamar bat urte hasi nintzen nire proiektu pertsonalena den honekin, Patxi Barcorekin batera. Jendea bilatzerakoan abeslari apartak eta euskaldunak nahi nituela argi nuen. Mikel Espinal, Mikel de la Fuente eta Iker Huitzirekin abiarazi genuen taldea. Uste genuen urte baten buruan kontzertuak ematen arituko ginela, baina ez zen horrela izan: urte eta erdi pasatu zen ahotsak ongi enpastatu arte eta beste urte bat ikuskizuna prestatzen. 2010ean estreinatu genuen Demode Quartet ikuskizuna eta izen bereko diskoa grabatu genuen. 2013an David Rosco sartu zen Mikel Espinalen partez eta EPA! diskoa egin genuen non azaltzen genuen nola, gure ustez, mundu osoko musika estiloek euskal musikan duten jatorria. Orain Musikal guztiak ia-ia ikuskizuna dugu. Gaiarre antzokian otsailean estreinatu genuen gaztelaniazko bertsioa eta maiatzean Donostiako Antzoki Zaharrean euskarazkoa. Hemen Iruñean, Baluarten, eginen dugu euskarazko lehena abenduaren 1ean, Euskararen Eguna dela eta, Udalak antolatuta.
“Ni euskalduna naiz, euskaldun berri-berria eta argi nuen taldekide euskaldunak behar nituela, euskara eta euskal kultura ezagutzen dutenak”
Bi bertsio zer dela eta?
Aurreko ikuskizunean abesti guztiak euskaraz ziren eta esketxak hizkuntza batean edo bestean. Orain dena da euskaraz edo gaztelaniaz, baita kantak ere. Munduko musikal famatuenetako hogei kanta baino gehiago aukeratu eta euskaratu ditugu Aiora Zulaika Pirritxen laguntzarekin. Saltsa ederrean sartu gara! Erronka da lau pertsonekin musikal handiak egitea. Hori lortzeko proiekzioak erabiltzen ditugu, mozorroak, eta ahal dugun guztia. Izugarri dibertigarria da. Miserableak, Lehoi Erregea, Cats, Jesus Christ Superstar, Ozeko aztia, Cabaret… musikaletako kantak euskaraz lehen aldiz, profesionalki behintzat.
Zer duzue orain esku artean?
Ikuskizun honetako bi diskoak grabatu eta orain editatzen ari gara Durangoko Azokan aurkezteko asmoz. Honetaz gain urrian EPA! eta Musikal guztiak ia-ia Ezkaroze, Orkoien, Lodosa eta Mutiloan eginen ditugu, besteak beste, eta azaroan Fábrica de Arte Cubanora goaz, Habanara, gure lehen bi ikuskizunekin. Oso aukera polita da. Ez da batere erraza sartzea. Maila handia dago eta lehendik famatua bazen ere, Obamaren emaztea bisitan izan zenetik jende gehiagok ezagutu du mundu mailan. Hiruzpalau eszenatoki dago eta artista latinoamerikar askorentzat erreferente bihurtu da. Oso leku polita da. Orain arte Euskal Herrian, Madrilen, Errioxan… mugitu gara, baina estatutik kanpora joaten garen lehen aldia izanen da.
Eta Joli bezala?
Ikuskizun berria eta diskoak erabat abiatu ondoren nire proiektu pertsonalari heldu nahi diot berriz. Konposizio berriak sortu nahi ditut eta baten bat berreskuratu dut 2018rako bakarkako ikuskizun bat sortzeko asmoz.
Zertaz abesteko gogoa duzu?
Ez dakit zer aterako den. Ni neu aldatzen ari naiz eta konposizio berriak sortu gabe egon naizen hamar urteotan esperientzia ugari bizi izan dut. Seguruenik aldaketez, sentimenduez, emozioez… hitz egingo dut. Eta ziurrenik lan berri horietako batzuek azken urteotan lortu dudan ikuspuntu ironiko eta dibertigarria izango dute.
Zer moduz moldatu zara kameren aurrean?
Zineman bi pelikulatan parte hartu dut: Dragoi Ehiztaria eta Sabin. Oso paper txikiak ziren. Telebistan lan batzuk egin ditut, garrantzitsuenak Goazen eta Goenkale telesailetan, oso gustura aritu nintzen. Telesailekin askoz gehiago gozatu dut, paperak luzeagoak izan baitira.
Haur kantarientzako telebista saioez: “5 urteko haurrak dio: ‘Nire bizitza osoko ametsa da hemen egotea…’. Nola betiko ametsa, 5 urte besterik ez duzu eta! Oso artifiziala bihurtzen ari da artisten mundua”
Operación Triunfo telebista saiora ere aurkeztu zinen.
Bai, bigarren ediziora. Lehenengo edizioa ikusi nuen eta inbidia ematen zidaten kantu eskolek. Nik halako akademia batean egon nahi nuen interpretazioa, dantza eta ahotsa ikasteko irakasle onenekin. Kantaria nintzela ere frogatu nahi nuen. Azken faseraino iritsi nintzen. Oso gogorra iruditu zitzaidan nola telebistarako produktu gisa tratatzen gintuzten eta utzi egin nuen. Trena behin bakarrik pasatzen dela bizitzan esan zidan saioko arduradun batek, baina nik argi ikusi nuen. Baliteke tren hori behin pasatzea, baina badira tren gehiago leku berberera ailegatzeko, arrakasta izateko. Agian bidea luzeagoa eta gogorragoa izango da, baina zuk kontrolatuko duzu eta ez besteek. Gainera, arrakasta zer da? Niretzako gustatzen zaizuna egiten bizi ahal izatea da arrakasta. Baina orain ematen du, programa horiei esker, telebistan agertzea dela arrakasta izatea. Ez dut esan nahi telebistak ezaguna izaten eta ateak irekitzen laguntzen ez duenik, baina produktu bihurtzeko arriskua dago, ez baitute artista behar. Askotan galdetzen didate ea damutu naizen hartu nuen erabakiaz, eta ezetz esaten diet, batez ere momentu hartan abeslari bezala zer egin nahi nuen oso garbi ez nuelako, eta oso erraza izango zen produktu bihurtzea. O.T. kide asko dira programa horren ondoren oso gaizki pasatu zutenak. Jendearen onespena lortzeko urteak behar dira, kontua ez da telebista saio batean agertu eta kito. Ez da horren kontu azalekoa eta erraza.
Artisten irudi faltsua zabaltzen al dute?
Telebista beti produktu baten bila doa eta askotan askoz inportanteagoa da bizitza pertsonala, ibilbidea edo prestakuntza profesionala baino. Ez dute artista behar, ezta nortasuna duen norbait, bere bertsio edo konposizioak egingo dituena, arima jarriko duena. Kristoren ahotsa izatea eskatzen diete, estilo ezberdinetan abestu ahal izatea, dantzatu ahal izatea… nahiz eta ez izan bere estiloa. Gaur egun, kristoren ahotsak entzuten dira, baina arima izatea, kantuei zerbait ematea, ongi abestea bezain garrantzitsua da. Tamalez, zaila da zerbait originala aurkitzea.
80ko hamarkadakoak pila gustatzen zaizkit, norberak nahi duen bezala kantatzen eta dantzatzen duelako. Gaur egun janzkera, dena… berdintsua da. Eta zer esan haurren telebista saioei buruz. Ez zaizkit batere gustatzen. Helduak imitatzen dituzte, oso modu artifizialean. 5 urteko haurrak dio: “Nire bizitza osoko ametsa da hemen egotea…”. Nola betiko ametsa, 5 urte besterik ez duzu eta! Oso artifiziala bihurtzen ari da artisten mundua. Egia da halako saioetatik ateratako batzuek jarraitzen dutela. Benetan balio dutenak izaten dira, eta gogor egiten dute lan.
Ekonomikoki zaila da abeslari profesionala izatea?
Guk oso urte gogorrak pasatu ditugu krisia dela eta, baina ezin gara kexatu gauzak nola dauden ikusita. Konpainia eta talde askok bizi ahal izateko beste ogibideren bat hartu behar izan dute eta guk, momentuz, honetan jarraitzen dugu. Krisiak eta BEZak min handia egin dute. BEZa jaitsi da, baina soilik sarrerak erosterakoan, guretzat berdin jarraitzen du kobratzen dugun katxetak BEZ berberarekin segitzen duelako. Oso argi izan behar duzu hori dela nahi duzuna eta hala ere askotan pentsatzen duzu hobe duzula oposizioak prestatzea eta dena pikutara bidaltzea. Bestalde, poz handia ematen dizu, eszenatokian bizitzen duzuna ez dizu beste ezerk ematen.
Euskal Herrian zergatik dago hainbeste kantari on?
Abesteko ohitura handia egon delako betidanik. Iparraldean gehiago, gaur egun bederen. Oso finak dira kantatzen, gainera. Harmonia oso bereziak eta oso doinu eztiak dituzte.
Poza eta boza lotuta daude?
Triste gaudenean ere izugarri abesti ederrak sortzen dira, baina egia da pozik gaudenean gure gorputza irekiago dagoela eta ahotsa libre ateratzen dela. Ahotsa zuzenean konektatua dago emozioekin eta gorputz osoarekin. Horregatik jarrerak oso garrantzitsuak dira. Gorputza irmo baino, erlaxatua eta malgu izan behar duzu abesterakoan. Gure kasuan batez ere gorputza zaintzea oso garrantzitsua da, ordu eta erdiko emanaldi bat egiteko eta bizirik irteteko. Emanaldi osoa a capella abesten dugu, dantza egiten eta esketxak interpretatzen segundo bakar bat ere gelditu barik.
“Gaur egun, kristoren ahotsak entzuten dira, baina arima izatea, kantuei zerbait ematea, ongi abestea bezain garrantzitsua da. Tamalez, zaila da zerbait originala aurkitzea”
Nola zaintzen duzue ahotsa?
Abestu baino lehen ongi berotu behar da eta tarte zailenak ongi prestatu. Fisikoki ariketa egin behar da eta elikadura ere zaindu behar da. Kantatu aurretik gutxi jatea komeni da, gorputzak indar gehienak digestioan jartzen dituelako. Izotza ezta ikusi ere. Tabakorik ere ez. Emozioek ere izugarri eragiten dute. Gaixorik edo energia gutxirekin zaudenean teknikak hori dena disimulatzen du eta eztarrian min gutxiago hartzen laguntzen dizu.
Euskara eta euskal musikarekin konpromisoa duzu?
Ni euskalduna naiz, euskaldun berri-berria eta argi nuen taldekide euskaldunak behar nituela, euskara eta euskal kultura ezagutzen dutenak. EPA!n egin duguna, adibidez, oso dibertigarria izan da. Euskal abesti ezagunetan gure harrikadak sartu ditugu. Loa-loa sehaska kanta Bolywood estiloan edo Behin batean Loiolan disko-music bihurtu ditugu, adibidez. Euskararen eta kulturaren aldeko ekitaldietan, hala nola gala, aurkezpen edo edozein saraotan parte hartzeko prest gaude beti.
Zuen arrakastaren gakoa zein da?
Dotoreak eta umoretsuak izaten saiatzen gara, eta gure bertsioetan interpretazioaren originaltasuna bilatzen dugu. Lanean oso serioak gara eszenatokian gero dena dibertigarria izan dadin. Guk ongi pasatzen dugu oholtza gainean eta publikoa ere kutsatzen da. Oso garrantzitsua da emanaldira, tokira, egoerara egokitzea. Ez da gauza bera Donostiako Zinemaldiko galan abestea, Ahotsenean edo Nafarroa Oinezen.