argia.eus
INPRIMATU
Gilles Clement. Erresistentzia baratzetik
“Bizidunek gauean asmaturikoa ulertu behar dugu egunero baratzezainok”
  • Baratzeari begiratzeko molde berri bat plazaratzen hasi zen Gilles Clement duela 25 urte. 1991n argitaraturiko Le jardin en mouvement (Baratzea mugimenduan) liburuarekin bazterrak inarrosi bazituen ere, laster arrazoia eman zion denborak. Orduz gero, erresistentziarako teoriak eta teknikak plazaratzen dihardu, baratzeko lana sekula bazterrera utzi gabe. Baratzea egitea oraindik ere politika egitea delako.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2017ko irailaren 26a
Gizon-emakumeen esku-hartzerik gabeko guneak “sekulako altxorrak” direla dio Clementek. “Hirugarren paisaia” nozioarekin izendatzen ditu gune horiek eta dioenez oraindik anitz daude hirietan zein baserri munduan. (Arg.: Georges Lévêque)
Gizon-emakumeen esku-hartzerik gabeko guneak “sekulako altxorrak” direla dio Clementek. “Hirugarren paisaia” nozioarekin izendatzen ditu gune horiek eta dioenez oraindik anitz daude hirietan zein baserri munduan. (Arg.: Georges Lévêque)

Hainbat baratze ospetsuren sortzaile zara. Crozant herrixkako baratzezain txikia nola bilakatu zen handi?

Espazio publikoan agertzen hasi nintzenean hasi nintzen ezagutua izaten. Parisko André Citroen parkea izan zen nire lehen baratze handia, beste paisajista batekin eta bi arkitektorekin batera sortutakoa. Horrekin teorizatu “baratzea mugimenduan” nozioak oihartzun handia ukan zuen. Liburuak idazten hasi nintzen, justuki Le jardin en mouvement (Baratzea mugimenduan) izan zen lehena. Lanbideari buruzko begirada aldaketa eragin zuen liburuak. Agian horrek zidan ekarri ospe deitzen duzun hori... Ez dakit, ez naiz ohartzen.

Teoria horri segi, landu baino gehiago baratzea behatu behar dela diozu.

Hori da. Hala ere artetan esku hartu behar da, hori gabe baratzea oihan bilakatuko litzatekeelako! Baina gutxiago eginez, kontrako energia gutxiago erabiltzen dugu. Gainera, arreta luzatzen bazaie, landareen jokamoldeari buruzko jakintza emendatzen dugu.

Ideiak eta nozioak ereiten zabiltza. Adibidez, baratzea egitea erresistitzea dela.

Baratzean aritzen garenean ez gara gehiago inposatua zaigun denborarekiko harremanean. Ez gara zalutasunaren presioaren menpe. On egiten du, oreka dakar. Natura inoiz ez da gelditzen eta bizidunak gauean asmaturikoa ulertu behar dugu egunero. Naturaren antzea ez dugu menperatzen eta espirituaren autonomia deitzen dudana ezinbestekoa dugu hori ulertzeko.

Erran nahi baitu?

Emaitza oso sofistikatuak dakarten gertaerak dauzka naturak baina ez ditugu ezagutzen. Adibidez, landareen arteko komunikazioaz oso gutxi dakigu. Alta, ulertzea lagungarria litzaiguke. Kudeaketa planen aurka naiz, mantentze programa bat aplikatzen dabiltzan robot bihurtzen direlako baratzezainak. Maleruski geroz eta gehiago daude. Baratze baten bilakaera ezin da teknokrata baten moduan aurretik pentsatu.

Pestizida eta intsektizidekin baratzean dabilena baratzezain izendatzen duzuia?

Baratzezaina baino gehiago, eremuaren teknikari bat dela errango nuke. Garbitasunaren ordena betetzen duena da; baina garbitasunak ez du ezer ikustekorik biologiarekin. XX. mendeko  ikuspegi higienista eta estetisante horrek ditu ezabatze teknika arriskutsu horiek ekarri. Lurreko bizia desegin, urak kutsatu eta espezieak desagerrarazi dituzte. Ez dira baratzezainak, uste dute hala direla baratzean dabiltzalako, baina ez! Baratzezaina bizidunaz arduratzen da, ez da hor hiltzeko.

Baratzearekin baino gehiago lobbyekin dira harremanetan agintari politikoak.

Hori hala da. Funtsean, ez gara demokrazia batean, bozkaturiko hautetsiek ez dute benetan botererik. Uste dute badutela, baina ez, lobbyek, multinazional handiek dute boterea.

Hirugarren paisaia deitzen duzuna ere bada, baratzea bezain garrantzitsua.

Adibidez, ordura arte laborantzarako ziren eta gaur egun beren gisa utziak diren eremuak dira. 60ko hamarkadan hasiz, paisaia erabat bestelakotu zen laborantzaren mekanizazioarekin. Makinak lagungarriak izan ziren,  baina aldi berean, gune deserosoak alde batera utzi zituzten. Mekanizazioaren ondorioz haizaturiko eta geroztik ere kimikoarekin uxaturiko aniztasuna garatzen ari da gune horietan. Horiez gain, gizon-emakumeak inoiz joan ez diren guneak edota gune babestuak ere dira hirugarren paisaiak. Sekulako altxorrak dira.

Hirian bizi denari zer esaten diozu?

“Laborantzazko hiri” batzuei buruz goazela errango nieke. Remi Janin paisajista gazteari mailegaturiko nozioa da hori, izen bereko liburu txiki bat idatzi berri du. Ideia da hiritarrek naturaren jitea onartzen badute, natura etorriko zaiela. Utzi dezatela jiten eta gero ikusiko dute zer egin. Hirugarren paisaiak daude hirietan, aniztasunari dagokionez, zinezko altxorrak direnak. Baina imajina daiteke ere janari ekoizpena garatzea eremu horietan.

Geroari begira baikor zirea?

Epe laburrari so egitean ez, baina epe ertainera begiratuz bai. Donostian adibidez, Ulia parkea urbanismoaren mehatxupean dute; benetan penagarria da, udaletxeak parkearen garrantziaz kontzientziarik ez duenaren isla da. Proiektu pedagogikoak egin ditzakete bertan, dagoen aniztasuna babestuz edota zergatik ez erabiliz. Egoera orokor baten sinbolo da Ulia parkea. Hiri baten heinean kokatzen da, baina azkenean munduan berdina gertatzen ari da: dirua da nagusi. Modelo ekonomiko katastrofiko horretan segitzen duguno ez naiz baikor izanen. Baina uste dut hala ere eredua alda dezakegula.

Tokian tokikoa.

Bai, hori da, tokian tokiko ekimenei esker dugu lortuko. Eusko tokiko moneta, adibidez, interesgarria da. Inposaturiko eredua errefusatu eta berri bat eraikitzen dabiltzanei esker dugu lortuko. Tokiko klimari, egoerari eta kulturari moldatuz indartsu gara.

Biziduna lehenetsi

“Baratzezain eta paisajista naiz profesionalki, baina baratzezaintzat daukat nire burua. Alde nahiko handia da paisajista baten eta baratzezain baten artean: biak dabiltza espazioan eraikitzen, paisaia fabrikatzen, baina paisajistak edozein materialekin lan egin dezake, baratzezainak haatik biziduna du lehenesten. Iraupenean bizidunaz okupatzeko betebeharra du baratzezainak. Baratze bat noiz abiatzen den badakigu, baina ez dakigu noiz bukatzen den!”.