argia.eus
INPRIMATU
Andre histerikoak
Leire Narbaiza Arizmendi @txargain 2017ko irailaren 27a

Liliana Felipek “histerikoak tumatxak gara, galduak, vouyeurrak, seduzitzaile konpultsiboak, diva finak Freud eta Lacanen dibanera jaurtiak...” kantatzen du Las histéricas-en.

Abesti hori gogoratu nuen twitterren lagun batzuen elkarrizketa irakurrita. Plastiko beltzen atzeko neska gazteez ziharduten Hondarribiko alardearen ondoren.

Jaime Altunak zioen neskak plastiko beltzen ostean zeuden bitartean, mutil eta gizonak alarde baztertzailean zebiltzala desfilatzen, lasai eta eroso, inongo kontaktu barik gatazkaren alde bortitzenarekin, txaloak jaso eta parranda egiten. Jaizkibeleko kideekin elkartzen diren tokietan ez dagoelako gatazkarik. Jaizkibel konpainiako ezagunak agurtzen dituzte, elkarrekin hitz egiten dute, “ondo pasa” esaten diete… Mutil eta gizon. Hortxe gakoa.

 Begiak zabaldu zizkidan. Neskatilak dira aurpegia ematen dutenak, plastiko beltzean ostenduta. Bitartean, gizonezkoek disfrutatu eta luzitu. Gizonak “normal” eta natural; andrazkoak, ostera, histerikoak. Histerikoek eskopetarekin irten nahi dutelako. Histerikoek, plastiko beltzekin matxismoa defendatzen baitute.

Beti histerismoak jota, jakinekoa baita histeriko berba femeninoan deklinatzen dela.