argia.eus
INPRIMATU
Usurbilgo Alkartasuna Kooperatiba
Mende bat lurra lantzen dutenen zerbitzura
Garazi Zabaleta 2017ko irailaren 22a

“Usurbilgo Alkartasuna Baserritarren Kooperatiba Elkartearen helburua Usurbilgo eta inguruko baserritar txikia laguntzea da, behar ditzakeen zerbitzu eta eskaintzak sortu eta indartuz”. Elkartearen webguneko aurkezpena da hori, Asier Kortadi elkarteko kudeatzaileak horrela eguneratu duena: “Azken urteetan elkarteko bazkideen profila dezente aldatu da, baserritik bizi den jende kopuruak behera egin baitu, eta orain baserritarrak ez ezik baratzea edo lorategia duen herritar asko dira bazkide”.

Mende bete baino gehiago martxan

1908an sortu zuten Usurbilgo Alkartasuna Kooperatiba elkartea, baserritarrek eskuratzeko zailtasunak zituzten lehengaiak lortzeko asmoz. “Duela 25 urte inguru aldaketak egon ziren kooperatiban: baserritarrentzako eskaintza handitu (elikadura, burdindegia, arropak, sagardogintza materiala...) eta biltegiaz gain dendari indarra eman genion”, azaldu du Kortadik. Zabaltze horri jarraipena emanez, egoitza Atalluko industrialdera mugitzearekin batera 24 ordutan irekia dagoen gasolio-hornigailua jarri zuten martxan.

Baina Alkartasunaren lana ez da lehengaien eskaintzara mugatzen. Urte osoan lurrari lotutako hainbat ikastaro antolatzen ditu: erlezaintza, garagardogintza, mahastizaintza, kiwi ekoizpena, nekazaritza biodinamikoa, sendabelarrak…

“Sagarrondotik sagardora” ikastaroa

Ikastaroen artean ohiko bihurtu da Sagarrondotik sagardora: “Ikastaro horrek baditu 10 urte. Urtero taldetxoa sortu ohi da sagarrondoak noiz eta nola ongarritu eta tratamenduen, gaixotasunen, kimaketen eta txertaketen gainean ikasteko, guztiari ikuspegi biodinamikoa gehituz”, dio Kortadik. Sagarren heldutasuna igartzen eta sagardoa nola egin ere ikasten dute parte-hartzaileek, gai bakoitza jorratzeko “punta-puntako adituen laguntzarekin’”. Aurtengo otsailean hasitako saioei irailaren 9an eman diote amaiera: sagardogintzaren inguruko zortzi saio egin dituzte guztira. Pozik agertu dira antolatzaileak berriz ere jaso duten erantzunarekin: “Harrera oso ona izan du ikastaroak”. Jarraituko du sagardoak Usurbilgo protagonista izaten…