argia.eus
INPRIMATU
Epika
Edu Zelaieta Anta 2017ko irailaren 20a

Epika itzuli da gure karrika-kaleetara ikasturte berriarekin batean. Erraz sumatzen da hori, adibidez, Gasteiz batean. Espainiako saskibaloi selekzio maskulinoaren kartelak ez du zalantzarako zirrikitu handirik uzten, ez jokalarien poseak, ez idatziz ageri den mezuak. Kausa noble baterako garaipenak epika behar du. Epika merezi du.

Globalak eta postmodernoak garen honetan, odola eta izerdia agertzen dituen epika maite dugu, betiko maitasuna maite dugun bezalaxe. Eta ez naiz ari Espainiako espiritua elikatzeaz bakarrik: Euskal Herriko sinbologiarekin jokatzen duten Alaveseko nahiz Baskoniako kartelek ere argi erakusten dute hori, bai bazkide berriak lortzeko kanpainaren bitartez, bai hurrengo partida iragartzeko irudiaren bitartez. Kausaren izena aldatzen da; ez, ordea, epika handirako grina.

Kirola eta politika ez direla nahasi behar maiz oroitarazten dute ahots batzuek; batez ere, kirolaren eremuan hainbat aldarrikapen (deseroso) plazaratzen direlarik. Epika zaharra noiznahi berritzea ez dago politikarekin lotua, nonbait ere. Garaileen eredua ez bide da molestagarria inorentzat. Ez eta galtzaile direnentzat ere.