argia.eus
INPRIMATU
Kurtso hasieran, autogestioa
Itziar Bardaji Goikoetxea 2017ko irailaren 13a

Iruñeko auzo aberats batean, etxe abandonatu baten teilatua zulatzen hasia da. Okupazio mugimenduko gazte batzuk eta kalean bizi ziren etxegabe batzuk bertan bizi dira elkarrekin, eta etxea konpontzen ari dira. Elkarlana eta elkarbizitza aurrera doaz, arduratze aktiboaz eta elkartasunez. Etxe Ikusezina deitu duten horretan ematen den bi munduren loturak, gizarte zerbitzu eta abarren asistentzialismoa eta ondoriozko mailakatze soziala gainditu lezake.

Handik ez oso urrun, alde zaharrean, Marques de Rozalejo Jauregiko ateak irekitzen dira auzoari eta hiriari gaztetxe berrira ongietorria emateko. Gaztetxe okupatu, hau da, gune aske batean garatu daitekeenak, hiritar umetuak nahiago dituen sistemaren neurrira diseinatutako instituzioetatik, bihotz onez bada ere, gazteriari eta auzoari eskaini dakiokeen espazio sasi-autogestionatu eredu oro gainditzen du. Atzeko hamarkadei begira, nik uste garbia dela gaztetxerik gabe Euskal Herria desberdina izango zela. Edo alderantziz, beste toki batzuen igualagoa, igualegia.

Bi proiektuak dira legez kanpokoak, eta horrela behar dute izan beren izaera ez galtzeko. Biak daude momentu honetan arriskuan. Babestea merezi du.