argia.eus
INPRIMATU
Jose Ignacio Agorreta
Badoan munduari begira
Xabier Gantzarain @gantzarain 2017ko irailaren 15a
" " (2016). Olioa oihalean. 80 x 60 cm.

Ez du hitzaren makulurik behar, ez du makulurik nahi bere lanarentzat Jose Ignacio Agorreta Beaumontek (Iruñea, 1963ko irailaren 2a). Udara honetan Iruñeko Ziudadelan eduki duen erakusketan, bere lanek ez daramate izenbururik, ezta “izenbururik gabe” ere, ezer ez. Lana bere biluzian bada nahikoa zirraragarri, iradokor. Katalogoan ere testu gutxi dator, teoria arranditsu eta epatanterik gabe, eta hala ere, edo horrexegatik, badoan munduaren zuztarrak bezain sakon.

Oso gauza zaila lortzen du artistak: objektuak, etxeak eta bizitzak baltsamatu dituen hautsa erakustea pinturaren bidez

Pello Lizarralderenak dira katalogoko hitzok: “Denak joan ziren, eta ez dago itzul daitezkeela uste duenik. Batzuei hondamen nabarmenak, horma eta teilatu lurreratuek eragozten diete itzultzea; besteei hautsak, betiko tokian utzi zituzten objektu haiek baltsamatu dituenak”. Ez alferrik, aukeratu izan ditu Pello Lizarraldek bere liburuen azaletarako Agorretaren lanak.

Oso gauza zaila lortzen du artistak: objektuak, etxeak eta bizitzak baltsamatu dituen hautsa erakustea pinturaren bidez. Argia bera ere hauskara da koadroetan, hondamen eta abandonuaren giroa ekartzen du maisuki koadroetara. Eroritako etxeak, abandonatuak, armairu hutsak, gela hutsak, sukalde hutsak… Geratu diren objektuak pintatuz erakusten du ausentzia, falta dena, joan dena, berriro itzuliko ez dena.

Alberto Barandiaranek aipatu zuen Berriako artikulu batean: “Agorretak bizi isila irudikatu du gela huts hauetan: goiz arrunt bat; arratsalde aspergarri batek utzitako giroa; ezerezaren osteko lasaitasuna. Gerta zitekeenaren nostalgia irakurtzen da mihiseetan, iradokitzen diguna gauza hurbilenetan denborak utzitako arrastoan egon daitekeela gure memoria: pareta higatuan, aulki abandonatuan, leiho ondoko errezela urratuan, harri pilatan”.

Ikuslearen memoria pizten duten lanak dira Agorretarenak.