argia.eus
INPRIMATU
Gaurkotasunaren “Analisia” Panorama atalaren barruan
Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko irailaren 15a

Zaharrei entzun diet azken denboretan “mundu hau zoratu zaigu erabat” edo antzeko esaldiren bat. Ez dakit askoz ere aldrebesagoa izango ote den orain, lehen ere imaginatzen baitut zorotik puska bat izango zuela. Baina tira, zail zait eromena neurtzea eta gaurko zoroetxeari nola begiratzen diogun erreparatu nahi diot. Hori egin gura izan duelako ARGIAk ere, besteak beste.

“Panorama” atala da, astekarian, ARGIAk gaurkotasuna aztertzeko erabili ohi duen tresna –noski, indarrik kentzeko intentziorik gabe aldizkariko beste ataletan sakon lantzen diren aktualitateko hainbat gairi–. Baina “Panorama” da gaurkotasuna erdigunean jartzen duena. Alde guztietako informazioa jasotzen dugun honetan, ordea, agendaren lehen lerroa betetzen duten gaien abanikoa oso zabala da. Eta nola analizatu erpin horiek guztiak gure astekarian? Ez daukagu plantilan kazetari orojakilerik (zorionez). Beraz, denok lanera. Bakoitza bere gaietik, bere interesetatik. Analisi hobeak eta astekari sinesgarriagoa, ziurrenik.

Horixe da ARGIAren planteamendua. Beste erreportaje eta elkarrizketetan ere, konturatuta egongo da honezkero irakurlea, kazetari bakoitzak lantzen duela bere arloa. Bada, analisien kasuan ere, logikak agintzen duen moduan, erredakzio taldeko hainbat kidek beren gaietan lupa jarri eta aztertu bezala iritzia emateko tartea izango dute orain “Panorama” atalean, gorriz “Analisia” jartzen duen tarte horretan.

Dagoeneko gure orriak betetzen ez dituen “Maltzagatik” atala izan da “Analisia” txoko berri honen aurrekari. Xabier Letonak astero-astero zorroztasunez idatzitako lerro horiek gehienbat jotzen bazuten politikaren ildotik, oraingoan gaurkotasunari zentzu zabalagoan begiratzeko intentzioa du erredakzio taldeak. Astero erredaktore batek, txandan-txandan.

Urko Apaolaza, Mikel Asurmendi eta Unai Brea estreinatu dira dagoeneko. Ikusi egin beharko dugu zoroetxeak zein joera hartzen dituen datozen hilabeteetan, eta nor ausartzen den hortik ezer garbirik ateratzera “Analisia” atalean.