argia.eus
INPRIMATU
Eskemak dotoreziaz apurtzen
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2017ko irailaren 13a
Hay un plan trazado desde arriba que se llama… SUMISION CITY BLUES. Autoekoizpena, 2016

SCB 2011 inguruan sortu zen Gasteizen, luzaroan Obligaciones taldea gidatu zuen Pela-ren ekimenez. Inguruan batu ditu Obligacioneseko gitarra jotzaile Anti, bluesean luzaroan aritutako Penike baxu jotzailea, Joseba B. Lenoir gitarra jotzaile handia eta David bateria jotzaile eskarmentuduna. Ordura arteko punk-rock eta rock-and-roll izerditsutik harago jo nahi zuten. Kantuak idazten hastearekin bat, Gasteiz dirt capital bilduman parte hartu eta entzuleoi pilulak eskaintzeko hautua hartu zuten single eran: Angelines, Golden... Taldekideak saltsa askotan daude (Marky Ramone, Willis Drummond, Tobaco Road…) eta taldea isilik izan da.

SCBren marka da bizitzaren gordintasunaren esentzia idazkera poetiko zein errealistez jantzita idaztea; eta oraingoan inoizko kantu politikoenak batu dituzte nazioarte globalizatuko miseria eta bidegabekeriei erreferentzia eginez. Kide gehienak rock izerditsutik datoz eta hori ezin da geneetatik ezabatu; gainera, harro dira gaztaroko –bertako– punkaz, baina horiei koordenada desberdinetako erritmo eta melodiak gehituta, emaitza ezohikoa da, aberatsa.

Solo tú singlea izateko jaio da: elegantea, itsaskorra, sugerentea, rock argentinarra gogora dakarrena. Pastillas de jabón envueltas en toallas jostariagoa da, erritmoak apurtu eta jazzera hurbilduz. Fuego Martha & The Vandellas-en berrirakurketa da, eta hondartzak, neska koroak eta glam-rocka ekarri dizkit gogora. Quiero un rehén-ek ere asko du erritmoak apurtzetik. Nadie te ayudará balada punk-rockeroa da, gazi-gozoa. Moscas en la carnicería-k bere egiten du Eskorbutok egin nahi lukeen opera-rock-aren esentzia. Beirut city boogie itzela da: punk-rock-and-rollaren urgentzia eta Eskorbutoren espiritua dauzka, Ilegales taldeak hastapenean idatzi nahiko lukeen tankeran. Insomnio kantak Nick Cavekin amets gaiztoak izatera eraman gaitu. La guerra 60ko hamarkadatik edaten duen power-pop garageroa da. Esperándola y deseando que no venga rhythm&blues jostaria. Eta, azkenik, Obedece-k hainbeste zor diogun Australiako rockari gorazarre egiten dio.