argia.eus
INPRIMATU
Badira ipuin tristeak
Ana Mendia 2017ko irailaren 13a

Hilabetez hilabete desiratutako ametsa egia bilakatu zela zirudien. Ustekabean, ordea, abiapuntura itzuli da; izterretik behera joan da izan zitekeenaren ilusioa. Segundo batean erantzi du errealitateak soinean zeraman mozorroa.

Beldurrak aginduta sekretupean gorde zuen berri ona, nahiz erraietan barrena sentitzen zuen erotasun pozgarria etxekoekin partekatu beste nahirik ez zuen. Gaur, ordea, itxaropenaren tokia minak hartu duenean, ohartu da haurdun zegoela esan ez izanak ez duela berezko abortuaren oinazea eztitu. Eta, hala, hankarteko odol arrastoak garbitu bitartean, bere islarekin topo egin du ispiluan: gertatutakoa sinetsi nahi ez eta onartu ezin.

Bat-batean bezperan Instagram-era igotako argazkia etorri zaio burura, gogokoen duen gailurrean ilunabarrari begira ateratakoa. “Bizi bizitza” jarri zion izenburu. Zoriontasunez gainezka zegoen emakume horri galdetu dio, orain, egunero bizi behar ote den bizitza, derrigor. Komuneko azuleju hotzen konpainia hutsean, ordea, ez du erantzunik topatu.

Itxaropenaren tokia minak hartu duenean, ohartu da haurdun zegoela esan ez izanak ez duela berezko abortuaren oinazea eztitu

Aitaren besoetan negar egin nahi du, kafe baten bueltan lagunen berotasuna sentitu. Amari galdetu nahi dio alaba zaharrena izan zitekeen besterik egon ote zen; baina sufritzeko eskubiderik izango ez balu bezala, berri txarra itzaletan abandonatzea onena duela sinetsarazi nahi izan dio bere buruari. Ez daki, ordea, norekin ketu amorrua, nori leporatu pisutsuegi zaion erruduntasuna, nola garaitu segurtasun eza, non ezkutatu lotsa.

Estatistikaren alde garratza bizi duten gainontzekoak non ote dauden galdegin dio bere buruari; zergatik ote diren ikusezin guraso izateko nahiak mintzen dituenak. Ohartu da tabuak are krudelago egiten duela atsekabea, baina ez zaio erraza egiten bart gauera arte, ia nahigabe, indartu duen zentsuraren aurka matxinatzea.

Askatzeko premia duen tristezia lurperatu beste aukerarik ez duela dirudi, baina ezin du gertatutakoa ahaztu. Ez du ahaztu nahi. Instagram-en jarri nahi du bizitza bizitzeak min ematen duela, sarritan. Ez du, ordea, begirada errukitsurik nahi ordainetan; ez du esaldi merkerik entzun nahi. Abortua sendatzen duen tirita magikorik ez dagoela onartzeko parada baino ez du behar.

Etxeko sarrailaren hotsak arnasa eman dio, azkenean. Begietara begiratu eta totelka esan dio hainbesteko maitasunez espero zuten ttikia ez dela sekula helduko. Elkar besarkatu eta batak bestearen sorbalda gainean malko bana jauzi dute. Handiegi begitandu zaie hutsunea, baina isiltasunean egin behar izan dute oihu. Amaiera zoriontsurik ez duten ipuinak ez dira kontatzen.