argia.eus
INPRIMATU
Zoo(i)logikoaren analisia
Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko irailaren 15a

Gorka Bereziartua Mitxelenak, Boli Gorria bezala ere ezaguna, asteroko bere analisia estreinatu berri du lanera bueltatzearekin batera. Aldizkaria goitik behera zintzo bezain zorrotz errepasatzen duen irakurlearentzat ez naiz ezer berririk kontatzen ariko, dagoeneko ohartuta egongo baita ARGIAko aldaketa guztiez. Dena dela ere, ongi etorria eman nahi diot txoko honetan “Fauna Publikoa” sail berriari.

Marraztu ditu Bereziartuak lehen letrak tinta gorriz kurtso berriko aurrenengo alean. Iletik tiraka tituluarekin egin dio kosk sare sozialetan ezagun egin den aipu bati. Gloria Vazquez Zarauzko parekidetasun zinegotziak Anna Gabriel CUPeko parlamentariaren orrazkeraz egindako adierazpenei hain justu. Hortik joango baitira tiroak. Hedabideetan egindako adierazpen bat oinarri hartuta analisia egitea. Azalekoa izan daitekeenak sakonean duena aztertzea.

“Deklarazioen gehiegikeria dago gure prentsan, eta hondoko arazoari baino gehiago begiratzen zaio gaur egun esaten denari”, dio kazetariak. “Esaten dena vs egiten dena jarri nahi dugu mahai gainean zutabe modura idatzitako atal honetan, saltsa bilatu”.

Manuel Delgado antropologoaren El animal público liburuaren izenburua izan da Fauna Publikoa atalari izena jartzeko inspirazio iturri. Azken batean, adierazpen eta pertsonaia publikoak izango ditu Boli Gorriak jo-puntuan. Fauna horretan murgilduko da astero gustu handiz kazetaria. Aitortu digu, gainera, aspalditik zebilkiela bueltaka buruan maiztasun jakin batez astekarian atal bat elikatzeko asmoa. Eta “Panorama” atalaren inguruan erredakzioan gogoeta egiten ari zirela azaldu zuen taldean bere nahia.

Ez dut zalantzarik “Fauna Publikoa”k jokoa emango duela, Bereziartuarena ez baita tinta azkar bukatzen zaion luma horietakoa. Punta zorrotza izan ohi du normalean, eta erreparo handirik gabe sartuko du eztena, ziur naiz. Kazetaritzak ez alde bateko eta ez bestekoa izan behar duela gehiegitan entzuten dudan garai hauetarako aproposa.