AEBetan bi umeren zaintzaile zela piztu zitzaion bonbilla. Ingelesez, gaztelaniaz eta keinu hizkuntzan aritu behar zuen haiekin, gurasoek hala eskatuta. Haurren bilakaera ikusita, ikasketak horra bideratzea erabaki zuen. EHUko Eleaniztasuna eta Hezkuntza masterra eta A study of multilingual writing (idazketa eleanitzen ikerketa) ikerlana egin ditu. Bizkaiko eskola batean egindako ikerlan hori kontatzeko eskatu diogu.
Maialen Urbietak Irakasle-ikasketak egin zituen EHUn, ingelesa irakasteko Haur Hezkuntza graduondoa egina du eta euskara irakasteko Lehen Hezkuntza graduondoa ari da egiten. Getariarraren berri sari baten bidez izan dugu. Compostela Unibertsitate Taldeak emandako saria lortu du, masterreko ikerlana hiru minututan bideoz kontatuta.
Ikerlanaz galdetuko dizugu, baina lehenago konta ezazu AEBetako esperientzia.
Haurrak zaintzera joan nintzen familia batera. Bereziki bi hilabeteko haurra zaindu behar nuen. Hari denbora guztian gaztelaniaz egitea nahi zuten gurasoek eta 4 urteko ahizpa eskolatik etortzen zenean ingelesez. Horiez gain keinu hizkuntza erabili behar nuen txikiarekin.
Helduentzat ezagutzen dugun keinu hizkuntza?
American Baby Sign Language deitzen diote. Eskuko telefonoetarako aplikazioak daude eta horietan begiratzen nuen: “esnea” horrela [keinua egin du], “ama” horrela, “aita” horrela. Umeak urtebete baino lehen pardela aldatzeko eskatzen zidan. Komunikatzeko era oso ona zen. Gaztelania eta ingelesa beranduago etorri ziren, baina keinuak azkar ikasi zituen. 8 hilabeterekin esnea eskatzen zuen, “gehiago nahi dut”, “lotara joan nahi dut”, “aldatu pardela”... keinuak egiten zekien. Keinu bidez azkar hasteak frustrazioa gutxitzen du. Bere betebeharrak lehenago daude aseta. Haurrak ia inoiz ez zuen negarrik egiten, eskatu egiten zuen eta nik ederki ulertzen nion.
Ahizpa nagusiak gurasoekin ingelesez egiten zuen eta 6 hilabete zituenetik gaztelaniaz egiten zuen eskolara eramaten zuten. Bi umeek hainbat hizkuntzatan moldatzeko zein gaitasun zuten ikusi nuen.
Eta bonbilla piztu zitzaizun.
Pentsatu nuen, “ostras, hau ederra da, nik honetaz gehiago ikasi nahi dut!”. Orduan, Eleaniztasuna eta Hezkuntza masterrak arreta eman zidan.
Masterreko ikerlana zertaz egin zenuen?
Mikel Goikoetxea eta biok egin dugu lana, Durk Gorter [EHUko ikerlaria, eleaniztasuna hezkuntzan aditua] buru dugula. Gorterrek egindako material bilketa baliatu dugu. D ereduan irakasten duen Bizkaiko eskola bateko 114 ikaslek euskaraz eta gaztelaniaz egindako idazlanak aztertu ditugu. 10, 11 eta 12 urte dituzte. Haur horietako batzuk etxetik euskaldunak dira eta etxetik kanpo gaztelania arnasten dute, herrian gaztelania nagusi baita. Beste batzuek etxetik gaztelania dakarte eta euskararen berri ikastetxean izan dute. Badira etxean beste hizkuntza batzuk hitz egiten dituztenak ere. Haien idazlanetan hainbat gauza aztertu eta puntuatu ditugu: testuaren antolaketa, edukia, ortografia, gramatika, hizkuntza erabilera (aditz sinpleak darabiltzaten ala konposatuak...).
Ikerlanaren helburua zein zen, hipotesiren bat frogatzea?
Eleaniztasun goiztiarra onuragarria dela dioten teoria asko daude. Gure helburua hori frogatzea zen. Emaitza halakoa izan da: eleaniztasun goiztiarra positiboa da. Hau da, jaiotzetik etxean euskaraz egin duten haurrek, eta era berean kalean gaztelaniaz ari direnek, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz idatzitako idazlanetan izugarrizko aldea atera diete etxean jaiotzetik gaztelaniaz egin eta bigarren hizkuntza, euskara, geroago ezagutu dutenei.
“Eleaniztasun goiztiarra onuragarria dela dioten teoria asko daude. Gure helburua hori frogatzea zen”
Beraz, ikerketako jomuga elebidun goiztiarrak zenituzten, kasu honetan, jaiotzetik etxean euskara eta kalean gaztelania arnastu dutenak.
Haur elebidun goiztiar horiek nolabaiteko onurarik duten jakin nahi genuen. Euskarazko idazlanak hobeto egitea espero genuen, baina sekulako sorpresa izan da gaztelaniazko testuetan etxetik gaztelaniaz datozen haurrek baino nota hobeak ateratzea.
Gaztelaniaz idatzitakoetan?
Bai, hori da harritzekoa. Elebidun goiztiarra izatea positiboa da, baina zein mailataraino? Ikerlanaren arabera, emaitza horiek lortzeraino.
Zer esan nahi duzu esaldi honekin? “Pertsona eleaniztunek onurak dituzte maila kognitiboan, ez azterketa emaitzetan bakarrik”.
Gauza bat da ikerlanean ikasleek zein nota atera duten idazlan bakoitzean eta beste gauza bat da haur horiek estrategiak garatzen dituztela hizkuntza batean ikasitako gauzak beste hizkuntzara pasatzeko.
Lehiaketarako prestatutako bideo grabazioan diozu eskolan hizkuntza bakoitzeko irakasle bat eta ikastordu bat formula, agian ez dela egokiena.
Ikerketan, batetik, etxetik euskaraz datozenek hala ez datozenekiko duten aldeaz aritu gara, eta bestetik, haur beraren bi idazlanak alderatu ditugu. Ikusi dugu nola euskarazkoa paragrafoetan idazten bazuen gaztelaniazkoa paragrafoetan idazten zuen, eta euskarazkoari izenburua jartzen bazion gaztelaniazkoari ere bai... Jakintza hizkuntza batetik bestera pasa daiteke. Beraz, ez dauka zentzurik euskarako irakasleak idazten irakastea, gaztelaniakoak gauza bera egitea, eta ingelesekoak ere bai.
Kanadako esperientzien berri izan duzu.
Han hizkuntzen ikasgaia daukate, agian hiru ordukoa da eta hizkuntzak lantzen dituzte. Horren arabera, ez litzateke egongo euskara ikasgaia, gaztelania ikasgaia eta ingelesa ikasgaia. Kanadako moldeari zentzua ikusten diot, nahiz eta ikerketan molde horren onuragarritasuna frogatu ez dudan. Hemen hizkuntza irakasleek elkarren artean hitz egiten dute, baina hizkuntzen ikasgairik ez dago.
Arrisku bat ikusten diot Kanadako sistemari. Han ikasle bakoitzak nahi duen hizkuntza lantzen du. Agian, Getarian ez duzu arazorik izango, euskarak galerarik izango ez duelakoan, baina Bilbon? Oso neurtuta egin beharko litzateke, ez nuke edozein tokitan arin-arin jarriko. Euskara hizkuntza gutxitua da eta gaztelania gailendua. Ez nuke nahi eleaniztasunaren alde egiteagatik euskararen kontra egitea.
Maialen Urbieta irailean Hungariara joatekoa zen, han izango baita Compostela Unibertsitate Taldeak antolatutako lehiaketaren sari banaketa. Ez da joango, Udako Euskal Unibertsitateak hainbat hilabeterako lana eskaini baitio Ulibarri programan. Pena eman dio saria jasotzera ezin joanak, baina badaki eleaniztasunaz ikasten jarraitzeko aukera paregabea duela orain UEUko lanean.
Haurrak dituzten familiei egiten diete deia, bereziki. Seme-alabentzat onena nahi dugulako, etorkizunerako aukerak zabaltzea litzateke euskara ematea. "Eleaniztasunaren aldeko hautua egiteko gonbidapena da, euskara ematea batzea delako", esan du Ana Ollo Euskara... [+]
Azken urteetan, adimen artifizialaren (AA) garapenak hizkuntza gutxituen egoeran eragin nabarmena izan du. Teknologia erraldoiek garatutako eredu nagusiak, hala nola ChatGPT, hizkuntza nagusietan trebatzen dira, eta horrek euskararen moduko hizkuntzak bazterrean uzteko arriskua... [+]
Horrela eman diogu amaiera deskolonizazioari buruzko lantaldeari, joan den azaroan Arraia-Maeztun (Araba) egin ziren “Euskal Herrian ekofeminismoak gorpuzten” topaketen baitan. Lurraldearen defentsaren hainbat espresioren babesleku izan zen, ideia emankorren hazitegi... [+]
Donostiako Udalak 2024ko irailean helegitea jarri zuen, urte bereko urtarrilean epaileek bi udaltzainen B2 hizkuntza eskakizuna baliogabetu zutelako. EAEko Auzitegi Nagusiak helegitea ez du tramitera ere bideratuko, “kasaziorako interes objektiborik” ez dagoelako... [+]
Le Tampographe Sardon enpresak salgai ezarria du 24 laidoko zigilu-kutxa. Sarean eskuragarri da. Ximun Fuchs aktoreak du hautaketa lana egin, irainak "lan tresna" baitira beretzat.
Idatzi honen bidez, EITBko Euskara Batzordeak eta azpian sinatzen duten EITBko organoek euren kezka eta gaitzespena agertu nahi dituzte azken hilabeteetan EITBko zuzendaritza-postuetarako abian ipini diren hautatze-prozesuak direla eta, gutxietsi egin baita euskararen... [+]
Manifestazioa goizeko 11:30ean izango da, Justizia Jauregian. Mugimenduak euskaldunon eskubideen alde eta auziperatuekiko elkartasunean luzatu du deialdia. Auziperatuek iazko Euskararen Egunean Baionako Justizia Auzitegian "Justizia Euskararentzat" pintaketa egin zuten... [+]
Aurretik bistaz ezagutzen banuen ere, musikaren munduak hurbildu gaitu Julen Goldarazena eta biok. Segituan ezagutu nuen Flako Chill Mafiak erakusten zuen irudi horretatik harago eta horrek baldintzatu dizkit, hein handi batean, proiektuarekiko harremana eta iritzia. Lauzpabost... [+]
Eskola segregatua izan da Gasteizko Judimendi ikastetxe publikoa, hiri guztiko ikasleak hartu ditu, jatorri atzerritarreko familien seme-alabak. Baina A hizkuntza eredutik D eredura igarotzeaz gain, auzoak eskola bere sentitzeko eta auzoko familiak erakartzeko egindako... [+]
Nafarroa Beherean, Aiherrako 'Beltzegitea' etxean kokatuko da Eguzkilore haurtzain-etxe berria. Euskara, natura eta motrizitate librea oinarri harturik, heldu den apirilean hasiko dira zerbitzua eskaintzen.
"Etorkizuneko zubiak" eraikiz, azpimarratu dute "garai nahasi hauetan" euskararen aldeko aldarriak ozen entzun behar direla aurrerantzean: "Bada garaia euskarari dagokion tratamendua, lekua, emateko".
Zestoan (Gipuzkoa), 2024ko irailaz geroztik, baliabide ekonomiko urriko haur eta gazteak bost kultur eta kirol ekintzen artean bat aukeratu, eta horretan doan aritu daitezke. Udalak dirulaguntzen araudia berritu du, haurren aisialdia eskubide bat dela argudiatuta. Aldaketarako... [+]
Modu horretan, euskara eta euskal kultura hiriaren bihotzera eraman duen proiektuari egonkortasuna eta sendotasuna emanen diote.
Eusko Jaurlaritzak isunak kendu dizkie ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortuak izan ziren Donostiako herritarrei. Manex Ralla eta Amaia Abendaño dira herritar horiek, isunak kendu dizkietela baieztatu diote hedabide honi.