argia.eus
INPRIMATU
Baratzea paristar guztien eskubide
Garazi Zabaleta 2017ko irailaren 08a
Hiriko mapa eskuetan, turista onen papera betetzen genbiltzan Parisen lagun bat eta biok. Ohiko kale paristarretatik oinez gindoazela, ordea, gure begirada bereganatu zuen zerbaitekin egin genuen topo: hiriko zuhaitzen jardinera askotan hainbat barazki eta lore zeuden landatuta. Kalabaza zuhaitz horren azpian, piperra
hurrengoan, tomatea... Nork jarri ditu baratze txiki-txiki hauek hiriko kaleetan, baina? Udala izan da? Herritarrak?
 
'Landaretu zure kalea, baimenduta dago!'
Parisko Udalak bi urte atzera martxan jarritako proiektua da Vegetalizer sa rue, c’est permis! (Landaretu zure kalea, baimenduta dago!). Onartutako lege berritzailearen arabera, edonork dauka lorategia edo baratzea landatzeko eskubidea hiriko edozein tokitan: kalean, zuhaitzen jardineretan, horma edo teilatuetan... Herritarrei irudimena erabiltzeko eta toki berrietan landaketak egiteko gonbitea luzatu die Udalak. Helburua: Paris “landaretzea”.
 
Proiektuaren bultzatzaile den Parisko alkate Anne Hidalgok espero du modu honetako 100 lorategi hektarea egotea 2020. urterako. Gune publikoetan landaketak egin nahi dituen edonork Parisko Udalean eskatu behar du baimena lehenik. “Espazio publikoaren lorezainek” landaketarako oinarrizko kita eta haziak jasoko dituzte, eta trukean ekoizpen modu jasangarriak erabiltzeko konpromisoa hartzen dute: bioaniztasuna sustatzekoa eta pestiziden erabilera ekiditekoa.
 
Auzotarren arteko harremanak sendotuz
Hiriaren bizi kalitateari ez ezik, hiritarren arteko harremanei ere onurak dakarzkiela uste dute hiri baratzeen bultzatzaileek. “Legearekin paristarrei hiri berdeago bateranzko aldaketan parte hartzeko aukera ematen diegu, baina horrez gain, herritarren arteko harremanak sortzen eta indartzen ere lagun dezake proiektuak, batez ere auzotarren artean”, azaldu zuen Udaleko Laguntzaile Penelope Komitesek.
 
Kohesio sozialerako saiakeraren adibide, kaleko jardinera bateko baratze txikian topatu genuen mezu xelebrea:
“Bizilagunak: oporretan kanpoan izango naiz egun hauetan. Eskertuko nuke baratzea ureztatu eta barazkiak jasoko bazenituzte. Hartu eta jan lasai”, zioen karteltxoak, auzotar baten sinadura azpian zuela.
 
Hiri handiek ere pixkanaka grisetik berderanzko bidea hartzeko aukera badutenaren seinaletzat har daiteke Parisko proiektua. Gurean ere egon dira antzeko ideiak (ikus 2.552. aleko Borraja Komandoaren artikulua), ez ordea, oraindik, udalek babestuak...