argia.eus
INPRIMATU
Sagarrondo hilezkorra
  • Sagarrak paradisutik bota omen gintuen, baina sagardoa eman digu, beste paradisu bat. Hori pentsatuta ekin zioten Joy Doumisek eta Jeremy Hammondek beren asmo lurtarrari: Malus Immortalis. “Malus” sagarrondoaren izen zientifikoa da, eta “inmortalis” hitzak hilezkorra dio. Baina nondik nora izen bikoitz hori? Brooklynen gauzatu dute ekimena: bertan behera utzitako hilerri zahar batean dauden sagarrondoetako fruituekin sagardoa egitea. Green-Wood izena du 1838ko hilerriak, eta garai hartakoetakoa da, parke gisara eraikitzen ziren haietakoa. Ikaragarria da, ia 700 golde ditu.

Jakoba Errekondo 2017ko abuztuaren 28a
Joy Doumis eta Jeremy Hammondek Brooklyneko Green-Wood hilerrian 
hazitako sagarrekin egiten dute sagardoa. (Arg.: Christian Johnston)

Ibilaldi batean topo egin zuten sagar geza batekin, kosk egin orduko ahotik jaurtitzeko gogoa ematen duten horietakoa, hau da, sagardoa egiteko egokietakoa. Hortxe hasi zen sagarrekin eta sagardoarekin haien amodio kontua.

150 sagarrondo aldaera edo mota baino gehiago omen daude bertan. Eta berriak landatzeari ekin diote, baita lehendik badiren sagar makatz edo sagarmin asko ere. Bi mendean eraiki diren mausoleo eta estatua tartean etengabe berritzen eta birsortzen ari den sagasti galanta! Milaka lagunen bizitzen historien artean...

Aldaerak era batera eta bestera nahasiz, mota askotako sagardoak egin dituzte, eta hilerriko katakunbetan ontzen jarri. Bertan auzolanean egiten diren ekimen ugarietan ederki baliatuko dituztelakoan... Sagardo horietako batek “Paradisus” du izena. Sagarrondo horiek loreak eman ditzaten erlezain bat ere bada, bere eultzeak hilerrian dituena. Eztiaren izena “Hemendik atzerako gozoa” da.

Hilerrian bertan soilik edaten dituzte sagardo horiek. Apartsuak direnez, botilak irekitzean zurruztada bat lurrera erortzen da. Sagarrondoen sustraiei bueltan emandakoa. Hemen bezalaxe, edandakoan edalontziaren ipurdian geratzen den kondarra lurrari bueltan ematen zaion eran.

Beti esan izan dut: nire gorputza sagardotarako sagarrondo baten azpian ikusi nahi dut.