argia.eus
INPRIMATU
Generoak banandutako erresumak
  • Vincennes (Frantzia), 1328ko otsailaren 1a. Karlos I.a Nafarroakoa eta IV.a Frantziakoa, Kapeto etxearen azken erregea, hil zen. Frantziarrek ederra ezizena (Charles le Bel) ipini zioten, nafarrentzat, aldiz, Karlos burusoila zen (batak ez baitu bestea kentzen). Baina hil zenean ilerik eza ez zen arazoa, gizonezko oinordekorik eza baizik. Karlosek bi alaba utzi zituen eta hirugarrena bidean zen; Joana Evreuxekoa alarguna, erregearen hirugarren emaztea, haurdun zegoen senarra hil zenean, baina aurrerago beste neskato batez erdituko zen. Lege salikoa medio, Frantziako oinordeko zuzenenek ezin zuten aitaren tronuan eseri.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2017ko abuztuaren 28a
Filipe VI.a eta Joana Burgundiakoaren koroatzea 1328ko maiatzaren 29an.

Lege salikoa franko saliarren lege kodea zen –hortik zetorkion izena–, V. mendean bildutakoa eta ondorengo mende askotan indarrean egon zena, zatirik ezagunenean, monarkiaren oinordekotza arautzen zuenean, behintzat: emakumeek ezin zuten erregetza eskuratu. Saint-German-en-Layen bilduta, hildakoaren gizonezko senitarteko gertuenekoen artean aukeratu behar zuten monarka berria. Hauek ziren hiru hautagaiak: Eduardo III.a, Ingalaterrako errege izendatu berria eta hildakoaren iloba, amaren aldetik; Filipe Valoisekoa, Karlosen lehengusua aitaren aldetik; eta Filipe Evreuxekoa, hildako erregearen iloba Joanaren senarra.

Lehen hautagaia behintzat kanporatu nahi zuten frantziarrek, Ingalaterrako koroak Frantziakoa xurga ez zezan. Horretarako 1302an lehenengoz bildutako Estatu Orokorrak berriro elkartu ziren eta oinordekotza legea aldatzea erabaki zuten: emakumeek lehenago ere ez zuten erregetza lortzeko aukerarik, baina oinordekotza transmititzeko eskubidea ere galdu zuten arau berrituaren eraginez. Hala, Filipe Valoisekoak bakarrik betetzen zuen eskakizuna eta hura izendatu zuten Frantziako errege.

Nafar agintariak ere Karlos I.a hil eta berehala bildu ziren oinordekotza erabakitzeko. Generoagatiko mugarik gabe, Karlosen iloba eta Luis Hutinen (Luis I.a Nafarroakoa eta X.a Frantziakoa) alaba Joana izendatu zuten Nafarroako erregina. Eta horrenbestez, Nafarroako eta Frantziako koroak banandu ziren.

Baina ez zen hura oinordekotza lege baztertzailearen ondorio bakarra izan. Ingalaterrako erregeak ere ez zuen onartu izendapena, eta legea iruzurtzat jo zuen. Haren kezka ez zen Nafarroako Joanaren edo Karlosen alaben patua. Filipe IV.a Frantziakoaren gizonezko iloba bakarra zen Eduardo III.a eta beretzat nahi zuen Frantziako koroa. Eta koroa jantzi ezean, Frantziaren aurka egiteko aitzakia zeukan. Frantzia eta Ingalaterraren arteko ezinikusia aspaldiko kontua zen, baina, azkenean, Nafarroaren eta Frantziaren arteko lotura dinastikoa hautsi zuen erabaki hark berak piztu zuen Ehun Urteko Gerra.