argia.eus
INPRIMATU
Posturak
Leire Narbaiza Arizmendi @txargain 2017ko uztailaren 19a

Etxean entzuna dut txikitatik: “Jokoa ez da errenta”. Amamak historia beldurgarriak kontatzen zizkigun posturen gainean; frontoian baserria jokatu zuen gizonarena, adibidez. Beti imajinatzen nuen gizona etxera itzultzen, emazte eta seme-alabei esaten bizilekua abandonatu behar zutela. Gurdi gainean ihesi, lau trepetxu eta piltzar batzuk jasota irudikatzen nituen nire buruan, film negar-eragile askotxo ikustearen ondorioz. Baina beti jartzen nintzen andre horren larruan, zein latza izan behar zuen ganorabako batengatik ordura arteko bizimodua alboratu behar izateak.

Antzinako kontua dirudi honek. Egia da gaur egun estanpa hori ez dela existitzen, baina ezin ahaztu posturak zenbaiten hondamendia direla. Jokoa arazoa da askorendako, eta orain askoz eskuragarriagoa da lehen baino. Ugaritu dira joko-aretoak, tabernetan apustu-makinak daude, internetez ere joka daiteke erruletan, ordu txikietako telebista saioek ere eskaintzen dute trabes egitea. Beti aberastasun promesa faltsuekin, zoriontasun eskuragarria krisi sasoi larri honetan. Droga moduko bat, menpekotasuna sortu samatik ondo oratuta eduki gaitzaten. Sistema honen beste tranpa bat, askatasun ekonomikoaren izenean, posturen esklabotza.       

Kantuak esan arren bizitza tonbola bat dela, zorizko jokoak sekula ez dira errenta!