argia.eus
INPRIMATU
Nola libratu Erromako legiotik
  • Italiar penintsula, K.a. 343. Lehen Gerra Samnita piztu zen erromatarren eta Apeninoetako samniten artean. Erromatar armadak hasieratik legio zuen izena, baina, ordurar arte, greziar polis-en falangeen moduan jarduten zuten gudu-zelaian. Samniten aurkako gerra piztu zenean hasi ziren taktikak aldatzen eta modu formalagoan antolatzen. Hasierako bakarra bitan banatu zen lehenik, lautan aurrerago, eta pixkanaka, geroz eta gehiago profesionalizatu zen.   

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2017ko uztailaren 19a
Erromatar legionarioak barbaroen kontra borrokan. Erliebe honek Grande Ludovisi izeneko sarkofagoaren erdiko panela osatzen du eta III. mendekoa da.

Lanbide gogorra zen legionarioena. Baina baldintzak ez ziren hain kaskarrak. Janaria, bizitokia, soldata finkoa, erretiroa eta arreta medikoa bermatuta zeuzkaten, eta pribilegioak izan ohi zituzten, esaterako, epaiketetan. Gerrako harrapakinen zati bat ere eramaten zuten. Legioan sartzeko eskakizunak betetzea erraza zen: erromatar hiritarra izatea –atzerritarrek tropa osagarrietan parte hartzeko aukera zuten–, 1,65 metro edo gehiagoko garaiera edukitzea, gutxienez 17 urte izatea eta osasun azterketa gainditzea. Horregatik, asko ziren beste ogibiderik ezean legioa hautatzen zutenak.

Baina Erromako ejertzitoan parte hartzea ez zen beti hautazkoa. Gerra garaian 17 eta 60 urte bitarteko herritarrak errekrutatzen zituzten, eta gerra ez zen ezohikoa Erroman. Eskakizunak ez betetzea zaila zen. Soldadutza egin eta gerrara joatea baino zeregin hobeak zituztenek osasun-azterketa ez gainditzea zuten gehienetan legiotik libratzeko aukera bakarra, ondorengo garai gehienetan bezala. Eta hori lortzeko bideetako bat erpuruak moztea zen, muturreko metodoa baina eraginkorra, erpururik gabe ezpatari heltzerik ez baitzegoen. Augustoren garaian (K.a. 16-K.o. 14) kasu sonatu bat izan zen: erromatar aberats batek –eliteak ez zeuden salbuetsita– bi semeei erpuruak moztu zizkien haurrak zirela, haztean gerran galduko zituen beldur. Amarrua harrapatu eta gizona esklabo saldu zuten.

Datu zehatzagorik ezean, ez dakigu horrelako kasuak bakanak ziren ala ohikoa zen garai hartako “intsumisoek” hatzak moztea. Baina Inperioaren amaieran, barbaroak hiriaren atarian zituztela, soldaduek sekula baino gehiago zuten galtzeko eta ezer gutxi irabazteko. Erpuruak ebakitzea oso ohiko bihurtu zen nonbait, 368. urtean legeria aldatu eta heriotza zigorra ezarri baitzuten, odol isuria gudu-zelaira bideratzeko asmoz.