Pintoretzat du bere burua: “Pintorea naiz edo, behintzat, pintorearen ikuspuntuarekin egiten dut lan. Ikusteko modu batez ari naiz, eta hori ez da inoiz aldatzen, nahiz eta beste diziplina batzuetan aritu. Nik gauza ezberdinak egin ditzaket, baina ikuspuntua beti da berdina”. Alta, egin izan ditu, egiten ditu eskulturak ere, eta azken aldian bien tarteko lan hauekin dabil Manu Muniategiandikoetxea Markiegi (Bergara, 1966).
Institututik korrika joaten zela pintatzera, kontatzen du, gurasoek ez ziotela ordurik jartzen estudioan baldin bazegoen. Zekiena desikasteko balio izan ziola karrerak, Arte Ederrak ikasteak. Gero Artelekun egin zituen urte batzuk, 90eko hamarkadaren hasieran, ikasten, tailerretan, pintatzen, liburutegian: katalogo guztiak begiratzen zituen, berriak noiz iritsiko egoten zen.
Handik erakusketak egitera pasa zen, galerietara. 2000. urtean jaso zuen Gure Artea saria. 2004an Ni ez naiz hemengoa erakusketa jarri zuen Rekalde aretoan, Chus Martinez komisario zela. Trebea da erakusketen izenburuak jartzen. 2007an liburu bitxi bezain zoragarria atera zuen, Harkaitz Canoren testuekin: Naufragoentzako instrukzioak.
“Beste izatea. Hori da Manu Muniategiandikoetxea artistaren jolasa, eta horretan aritzen da Astigarragako estudioan. Kaos moduko baten erdian aritzen da beste artista batzuen lanak ikertzen, haien azalean sartzen eta haien lanak bere egiten”. Sarrera hori idatzi zion Iñigo Astizek 2011n Berrian egindako elkarrizketan. Alexander Rodtxenkoren lanarekin ibili da liluratuta, Bruce Naumanenarekin, Martin Kippenbergerrenarekin. Hala zioen artistak: “Batzuetan ez dakizu non bukatzen den bestearen obra, eta non hasi zurea. Muga horretan liberatu egin nintzen. Ni bestea naiz”.
Bestea(k) izanez da bera. Ez dago beste modurik norbera izateko.