argia.eus
INPRIMATU
Labore Bilbo: hiritarrak ere elikadura burujabetzarantz
  • Elikaduraren gaiarekin kezkatuta zeuden Bilbo inguruko hainbat herritarrek elkartzea erabaki zuten duela urte pare bat. Eztabaidatu eta hausnartu ondoren, 2016ko udazkenean Labore elkartea sortu zuten eta Bilboko GITE-IPESekin elkarlanean antolatutako “Zer jan? Eta nola erosi?” jardunaldian aurkeztu zuten.

Garazi Zabaleta 2017ko uztailaren 20a
Argazkia: @otxargorri.Argazkia: @otxargorri.
Saltoki itxurako kontsumo elkartea

Jada martxan dauden antzeko esperientzia txiki nahiz handiak eredu hartu dituzte Bilboko Labore proiektua garatzeko: hor daude Oarsoaldeko Labore edota ibilbide luzea duen Iruñerriko Landare, besteak beste. Bilbon ere bazkideentzat denda modukoa irekiko dute udazkenean.

Elkartearen xedeen artean daude, besteak beste, bertako produktuak eskaintzea, elikadura negozio izatetik zerbitzu izatera pasatzea, salmenta zuzena bideratzea, kalitatezko produktu ekologikoak eskaintzea, proiektuaren motorra herritarrak izatea, bestelako jendartea eraikitzea edota ama lurraren defentsa egitea.

“Labore Bilboren jarduna hiru zutaberen baitan antolatuko dugu: bertokoa, agroekologikoa eta soziala. Produktu batzuetan irizpide bat hobetsi daiteke, hurrengoan bestea bultzatzeko”, dio proiektua aurkezten duen esku-orriak.

Bazkideak proiektuaren bizkarrezur

Bazkideek hartzen dituzte Labore Bilbo elkartean erabakiak, eta irekiko duten espazioa guztien artean eraiki nahi dute. Dendaren kokapena, produktuen eskaintza, funtzionamendua zein arauak modu zabal eta demokratikoan adostea.

Kontsumitzaileek kalitatezko produktuak prezio egokietan eskuratzeko eskubidea duten bezalaxe, nekazarientzako ere duinak izanen diren prezioak aldarrikatzen ditu elkarteak. “Ekoizle eta kontsumitzaileen arteko aliantzan sinesten dugu. Tartean dauden bitartekari eta bestelako interesak baztertuz”.

Proiektuaren inguruko xehetasunak eskuratu edo bazkide egin nahi duenak laborebilbo.eus webgunean aurkituko du beharrezko informazio guztia.