argia.eus
INPRIMATU
Diru publikoa kudeatu eta kontrolatzea
  • Zenbait euskal enpresa egoera larrian dago (CNA-Fagor, Xey, GE, CEL, La Naval…) eta ehunka lanpostu desagertzeko arriskuan.

Juan Mari Arregi 2017ko uztailaren 18a

Horrek prentsako azal eta izenburuak bereganatu ditu. Enpresa horietako askotan Eusko Jaurlaritzak dirua jarri du finantzaziorako, eta akziodun ere bada. Jaurlaritzako arduradunen jarrerak harridura sortu du, batez ere Industria sailburu Arantxa Tapiarenak. Albiste txar zaparradaren aurrean eta enpresen itxiera iragarpenak etengabe datozenean, kexu da ez zaiolako horretaz informatu, ordainketa-eteteen berri prentsatik jakin duela dio eta zenbait inbertitzailek ihes egin dutela.

Nola da posible egoera hori, zenbait kasutan gobernua bera baldin bada krisian dauden enpresa horien jabea? Arrazoizko azalpen bakarra da Jaurlaritzak enpresa jakin batzuk finantzatu dituela, akzionista izatera igaro dela, fiskalitatean mesedeak egin dizkiela zergak gutxituz eta ez duela haien kudeaketa gertutik jarraitu. Era berean, badirudi enpresa horietan diru publikoa jarri duela benetako bideragarritasun plan baten bermerik izan gabe eta ez diela euskal jendartearen zerbitzura geratzeko konpromisorik exijitu.

Egiazko industria politika batek, sektore estrategikoak momentu oro ongi aukeratzeaz gain, inbertitu den diru publikoaren kontrol zorrotza behar du. Gestioa etengabe gainbegiratu behar da, desagertzeko edo uzteko unea iristen denean, botere publikoek ez dezaten esan ez direla enteratu edo “inbertitzaileek ihes egin” dutela, aipatu dugun kasuren batean gertatu den bezala. Tapia sailburuak hobe luke hainbeste propaganda egin beharrean gehiago arduratuko balitz industrian erabiltzen den diru publikoa kontrolatu eta gestionatzeaz.