Karrantza Naturala elkartearen sarien aurtengo edizioak bertako Kontxako eskolan D ereduari sarrera egin zioten andereñoak –Tere Ahedo margolariarekin batera– omendu zituen. Urtarrilean egin zen ekitaldia, eta egun hartako afixak hiru andereñoren izenak zekartzan: Delia Negrete, Maibe San Nicolas eta Rosa Maria Garde, nahiz horien ondoan “eta beste andereño batzuk” eransten zuen, guztiek batera, edo bateratsu, egindako ahalegina indartu guran.
“Hiru andereño horiekin batera baziren beste batzuk liberatuta zeudenak, euskara ikasten, hain zuzen”, esan digu Mari Kruz Pardok, Kontxako eskolan D eredua ezarri zen garaian gurasoen taldeko ama ekina zenak.
Jakin dugunez, aspaldixko hila da Delia Negrete, eta erretretan sartua, berriz, Rosa Maria Garde. Maibe San Nicolas dugu omenduen hirukoitza hartatik Kontxako eskolan lanean irauten duen bakarra. Eta, astiro-astiro, kontatzen hasi da andereñoa, barru-barrutik: “Ni 1989an heldu nintzen Karrantzara, Bilboko Santutxutik, euskarazko irakasle espezifiko. Aurretik, ikasturte bat Otxarkoagan eta hiru Burtzeñan eginda nengoen”. Euskarazko irakasle espezifiko izateak esan gura du A ereduko eskolan euskara irakastera bidali zuela Eusko Jaurlaritzaren Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzak Maibe San Nicolas Karrantzako Kontxara. “Bertoko eskola osoa zen A eredukoa sasoi hartan. Nik esan beharko banu, eskolako giroa berezi xamarra zen; niri halaxe iruditzen zitzaidan, behintzat, zeren ni ikastolan ikasia nintzen, Bilboko Santutxutik nentorren, eta euskararekiko zenbait jarrera ez nituen oso ondo ulertzen, sekula ez nituen ulertu Otxarkoagan, ez Burtzeñan. Ez da kontatzekoa, baina irakasle batek egunero bere gelan sartzen nintzenean, ‘Saludad a la señorita de vascuence’ esaten zuen”. Maibe San Nicolasek esatera, hala ere, beste eskola askotan ez bezala, ikasleen eta gurasoen jarrera, oro har, ona zen Kontxako eskolan.
Andereñoak ez ezik, gurasoak ere baziren: Mari Kruz Pardo, esaterako. “Lehenengo, B eredu indartua ezarri zen eskolaurrean, eta haur haiek Oinarrizko Heziketa Orokorreko lehen mailara iritsi zirenean, 1993-1994 izango zen urtea, D eredua abiarazi zen. Gurasook ez genuen nahi guri gertatu zaiguna gure haurrei gertatzerik, euskaraz ez ikastea, baina nahiarekin batera bazen ezina ere, ezezagunari zaion beldurra. Gogoratzen naiz zenbait gurasok esaten zutela: ‘Ezin izango diogu gure umeari etxean lagundu’. Baina argudio horrek ez du askorik balio, zeren adin batez gero, seme-alabek iristen dute halako maila bat non gurasoen jakituria gainditzen baitute”.
Maibe San Nicolasek ez daki zenbat ume eta irakasle zeuden Kontxako eskolara joan zenean, bi lerro zeudela besterik. “Orain lerro bakarra dugu, abeltzaintzak izan dituen bateko eta besteko krisialdiek Karrantzako biztanleria urritzea ekarri dutelako. Orain baino askoz ikasle gehiago ziren orduan gure eskolan, A ereduan eskolatuak denak”. Denbora aurrera, bakantzen hasi ziren ikasleak A ereduan eta horrek gelak batzea ekarri zuen, eta B eredua aitzinatzea.
1993-1994an, B eredua zabaltzeak A ereduko irakasleak soberan gertatzea eragin zuen, nahiz eta legez B ereduko tutore izan zitezkeen. Orduantxe arazoak! “Irakasle euskaldunoi eta guraso interesatuei A ereduko irakasleak B ereduko geletako tutore izatea atzerapausoa zela iruditzen zitzaigun. A ereduko irakasle batzuk herri bertakoak ziren, edota hainbat urte zeramatzaten Kontxako eskolan. Ez zuten euskaldun ereduen beharra ikusten Karrantzan, edo guztiz kontra zeuden. Eztabaida sortu zen, askotan diskusio oso gogorrak izan genituen, Euskal Herriko ehunka eskolatan bezala”. Mari Kruz Pardok ere gogoratzen du garai kalapitaz bete hura. “Irakasleen artean gorabeheraren bat izan zela esango nuke, batak hona joan beharra izan zuen, besteren batek hara. Gurasoen artean ere baten batek umeak hartu eta eskola pribatura eraman zituen, hemendik 30 kilometrora. Azkenean, gero eta guraso gutxiagok aukeratu zuen A eredua, eta kito eredu hura”.
Eztabaidak izan arren, aurrera egin zuen euskarazko ereduak Kontxan. Maibe San Nicolas irakaslea oroit da: “B ereduan erabiltzen ziren ikuspegi eta metodologia berriek ere eragina izan zuten, eta gurasoak pozik zeuden egindako lanarekin. Prestakuntza saioak eta proiektuak egiten genituen, Segurako aterpetxera joaten hasi ginen, eta hurrengoan gurasoek bi ereduak aukeran izan zituztenean haurrak matrikulatzeko garaian, D ereduaren aldeko hautua egin zuten gehienek”.
Eskolak D eredura egin zuen, metodologia aldaketarekin batera. Maibe San Nicolasek dioenez, “ordu arte ez bezalako modeloak aztertu genituen, material egokiak sortzen hasi ginen, eta lan eta lan egin genuen. Baina gazteak ginen! Bereziki, gogo onez gogoratzen ditut Karrantzara goaz izeneko proiektua eta Segurako barnetegian egin genituen egonaldiak”.
Delia Negrete, Rosa Maria Garde, Maibe San Nicolas. Hiru izen, hainbat irakasleren artean. Mari Kruz Pardok azaldu digu: “Hiru horiek Karrantzan egin zuten lan, kasik beti. Delia bertakoa zen, Rosak 30 urte baino gehiago egin zituen hemen, eta Maibe, berriz, lanean da oraindik”. Horregatik izendatu zituzten hirurok. Maibe San Nicolasena da oharra: “Delia karrantzarra zen sortzez, euskara ikasi zuen eta izugarrizko lana egin zuen herrian zein eskolan euskararen alde. Saria jaso genuen egunean Olentzeroren irudia jarri zuten Deliaren omenez, herriko lehen olentzeroa atera zuten garaia gogoratzeko. Korrika txikia antolatzen bihotza jartzen zuen Deliak, eta Korrika Karrantzatik atera zen edizioan ere buru-belarri lan egin zuen. Eskolan, andereño eta ama izan zen aldi berean, eta oso argi izan zuen bere seme-alabentzat nahi zuena… Saria eman digute, baina uste dut egin beharrekoa egin genuela, gure gurasoek nirekin egin zutena. Ekitaldia, berriz, oso hunkigarria izan zen, askok negar egin genuen Delia gogoratuz. Hiru ikasle ohik egin zuten gure aurkezpena, eta benetan harro sentitu nintzen”. Jaio dira berriak, beste behin. Beti jaioko dira berriak.
Maibe San Nicolas: “Omenaldian, Deliaren seme Asierrek ere hartu zuen hitza, eta guri begietara begira eskerrak eman zizkigun. Ekitaldian parte hartu zuten beste zenbait ikasle ohik bezala. Eta zelan hitz egin zuten! Zelako maila ikasle ohi horiena! Han ziren ikasle guztiek goi mailako ikasketak egin dituzte, euskaraz. Zer edo zer ondo egin genuen Kontxan, beste batzuek beste eskola askotan bezala. Lana egin genuen, baina dena ez dago eginda: kalea landu behar dugu, euskara erabili. Orain, orduan ez bezala, gazteek badaukate aukera hori”.
Modu horretan, euskara eta euskal kultura hiriaren bihotzera eraman duen proiektuari egonkortasuna eta sendotasuna emanen diote.
Zestoan (Gipuzkoa), 2024ko irailaz geroztik, baliabide ekonomiko urriko haur eta gazteak bost kultur eta kirol ekintzen artean bat aukeratu, eta horretan doan aritu daitezke. Udalak dirulaguntzen araudia berritu du, haurren aisialdia eskubide bat dela argudiatuta. Aldaketarako... [+]
Eusko Jaurlaritzak isunak kendu dizkie ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortuak izan ziren Donostiako herritarrei. Manex Ralla eta Amaia Abendaño dira herritar horiek, isunak kendu dizkietela baieztatu diote hedabide honi.
EITBko Euskara Batzordeak gaitzespena adierazi du azken hilabeteetan egindako zuzendaritza postuetarako hautaketa prozesuak direla eta. Salatu dutenez, euskarazko C1 maila ez duten hiru pertsona hautatu dituzte postu garrantzitsuetarako: EITB Mediaren zuzendaritzarako, Social... [+]
Ostegun honetako Udal Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dira Amurrioko Udaleko 2025erako aurrekontuak eta, beste behin ere, Udal Gobernuak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearen hitzarmen eta dirulaguntza berrezartzeari.
Euskarazko murgiltze eredua eta eredu elebiduna duten ikastetxeak gutxiengo izatetik gehiengo izatera pasa dira Ipar Euskal Herrian hogei urteotan, Euskararen Erakunde Publikoaren azterketak erakutsi duenez.
Egiari zor, ez dakit zergatik ari naizen hau idazten. Gaur egungo giro liskartsuan ez dira modu honetako iritziak ondo hartzen. Beharbada, ARGIAk ez du hau argitaratuko, ez baitator bat orain arte argitaratu dituzten iritziekin (baina, azkenean argitaratzea erabaki badute,... [+]
Antolatzaileek Biltzar Nagusian harturiko erabakia da: aurten ez dute Lapurtarren Biltzarrik antolatuko Uztaritzen. Motibazio eskasa da erabakiaren oinarrian dagoen arrazoia.
Arkitektoen elkargoaren helegitea dela eta, Donostiako Udalak atzera bota du kontratazio espedientea.
Tipi-tapa mugitzen ditugu euskaltzaleok gure oinak Korrikaren lekukoaren atzetik, gure hizkuntzaren alde, desio dugun Euskal Herri euskalduna helburu, herri euskaldun gisa biziraun nahi dugula aldarrikatzeko.
Tipi-tapa ematen ditu lehen urratsak Afrikako, Hego Amerikako edo... [+]
Urtea amaitu baino lehen gehiengo politikoaren oniritzia lortu nahi du udalak
Hezkuntza Departamentuak Oibarko ikastetxe publikoan D eredua ezarriko dutela iragarri du. Hilabeteetako protesten ondoren, euskarazko lerroa ezartzea lortu dute.
2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.