La Via Campesinak, munduko laborari elkarterik handienak, Euskal Herrian egingo du VII. Nazioarteko Biltzarra. Globalizazioari modu bateratuan aurre egiteko jaio zen antolakundea duela 24 urte; ordutik asko hazi eta sendotu da, politika neoliberalak areagotu diren hein bertsuan. Derioko apaiztegian batuko diren mundu osoko ehunka ordezkariak multinazionalen oldarraldiaz, nekazari txikien defentsaz eta lurra berreskuratzeaz jardungo dira, besteak beste. Elikadura burujabetzaz, bi hitzetan esanda.
1993an antolakundearen sorrerako bilkura Valonian egin zenetik, Europara berriz etorri gabe zegoen La Via Campesinaren Nazioarteko Biltzarra. Euskal Herria aukeratu dute horretarako, hainbat arrazoirengatik. Besteak beste, EAEko administrazio publikoak antolakundearen zenbait proiekturi ematen dien laguntza eta Paul Nicholson militante historikoak haren bilakaeran izan duen garrantzia. Nazioarteko Koordinazio Batzordean EHNE Bizkaiako kide Unai Aranguren egoteak ere izango du zerikusirik, jakina. Orrialdea pasata irakur dezakezue hari egindako elkarrizketa.
Arangurenek azaldu digunez, Europan laborantzak duen egoerari garrantzia emango zaio biltzarrean. “Europan orain arte kapitalismo sozialagoa, edo berdeagoa, izan da, eta orain kapitalismo hori basago bihurtu da; jendea konturatzen ari da sozialdemokraziak ez duela argi definituta zer nahi duen kontinenterako”. Ez da etxekoontzako gaia bakarrik; Europaren ahotsak berebiziko eragina du mundu osoko nekazaritza politiketan, bai erakunde publikoen bai bertako enpresa transnazionalen bitartez.
Europar Batasunaren jarrera, esaterako, oztopo bihurtu da La Via Campesinak agendan duen asmo garrantzitsuenetako bat gauzatu dadin: NBEk nekazarien eta landa eremuetan lan egiten duten beste pertsonen eskubideen aldarrikapena egitea. AEBekin batera, EBk argudiatu du ez dela beharrezkoa laborarien eskubideak babesteko beren-beregi tresna bat sortzea, Giza Eskubideen Aldarrikapena aski baita, nekazaritzaren alorrari dagozkion eskubide espezifikoei dagokienez ere.
La Via Campesina izan zen nekazarientzako aldarrikapen hori sortzeko prozesuari bultzada eman ziona duela hamarkada bat baino gehiago, eta ez dago orain amore emateko prest, are gutxiago kontuan izanda pixkanaka lortu dutela estatu batzuek hasieran zuten aurkako jarrera leuntzea. Borroka horretan eman beharreko pausoak Derioko biltzarreko hizpide nagusietako bat izango dira, Unai Arangurenek esan digunez: “Baikorrak gara, baliteke datorren urtean NBEk adierazpen bat egitea, eta hori garrantzitsua da guretzat, gaur egun ez baitaukagu nazioarteko tresnarik –epaitegi bat adibidez– gure eskubideen zapalketak salatzeko, eta gero eta gehiegikeria gehiago jasaten ari gara multinazionalen aldetik”.
Gehiegikeria horiekin lotuta dago VII. Nazioarteko Biltzarrean jorratuko duten beste gaietako bat: nekazarien aurkako kriminalizazioa, errepresioa eta indarkeria. Oraindik orain eraso bat jasan duen Berta Zuñiga, 2016an Hondurasen eraildako Berta Cáceres ekintzailearen alaba, biltzarreko gonbidatuetako bat izango da. Haren amari eta beste hildako batzuei omenaldia egiteaz gain, “VII. Biltzarrean nekazari jendeak elkartasunezko kontraerasoa abiaraziko du”, iragarri du La Via Campesinak.
Batzuentzat militantziak ez luke hain ondorio larririk izango jokoan dagoena oso garrantzitsua ez balitz. Baina bada. Denon elikadura da hemen solasgaia. Eta oroz gain, elikagaiak sortzeko ereduen arteko talkaz egingo da berba Derion. La Via Campesinak VII. Nazioarteko Biltzarraren karietara zabaldutako dokumentazioan, lurraren, hazien, basoen, uraren eta bizilekuen defentsa aldarrikatzen da lehen-lehenik. Jabez aldatzen ari dira aipatutakoak, tradizioz landu edota erabili dituzten laborariengandik industria handietara. Eta industria hori are boteretsuago bilakatzeko bidean da, konpainia erraldoien fusioen bitartez (ikus LARRUN aldizkariaren 221. zenbakia). “Milaka urtez nekazariek izandako bizimoduaren aurkako mehatxurik handiena hortik dator”, dio La Via Campesinak.
Nekazariek, eta ez konpainia handiek, landu behar dute lurra bertatik elikagaiak ateratzeko, baina ez edonola, La Via Campesinaren aburuz. Horregatik, agroekologiaren aldeko apustu politiko garbia egiten du mugimenduak: “Agroekologiak botereari desafio egiten dio, eta tokian tokiko komunitateak jartzen ditu elikagai-ekoizpenaren erdigunean, naturarekin bat eginik. Ez da nekazaritzaren industria ‘egokitzeko’ tresna bat, haren alternatiba baizik”.
Derioko biltzarra amaitzearekin batera jakingo dugu zein erronka zehatz ezarriko dion La Via Campesinak bere buruari datozen lau urteetarako. Edozein dela ere, ez da txikia izango, aurrean dagoen arerioa ez den bezala. Nolanahi, antolakundearen mende laurdeneko bilakabideak argi uzten du erantzun globalizatuak beharrezkoak direla globalizazioari buru egiteko. La Via Campesina 200 milioi inguru pertsonaren ordezkaria da, eta horrek, Unai Arangurenek ohartarazi digunez, zenbait gobernuk baino botere handiagoa edukitzea dakar.
La Via Campesinaren lehenbiziko nazioarteko biltzarra Valoniako Mons hirian egin zuten 1993an, mundu osoko hainbat laborari elkarteetako ordezkariek bat egin nahi izan zutenean nekazaritzaren alorrean indarra hartuz zihoan globalizazioari aurre egiteko. Biltzar hura izan zen antolakundearen abiapuntua.
Gaur egun Afrika, Asia, Amerika eta Europako 150 talde baino gehiago dira La Via Campesinako kide. Guztira 200 milioi nekazari inguru. Euskal Herriko taldeei dagokienez, EHNE Bizkaia sindikatuak zuzenean parte hartzen du elkartean, eta EHNE, UAGA eta ELBk, berriz, Espainiako eta Frantziako estatuetako COAG eta Confédération Paysanne sareen bitartez.
2000tik, Emakume Nekazarien Asanblada egiten da Nazioarteko Biltzarrarekin batera, eta 2004tik, Nekazari Gazteena ere bai. Derion, hurrenez hurren, emakumeen bosgarrena eta gazteen laugarrena egingo dituzte. 500 pertsona inguru bilduko dira.
BILTZARRAREN EGUTEGIA:
-Uztailak 16-17: Gazteen Asanblada.
-Uztailak 17-18: Emakumeen Asanblada.
-Uztailak 19: Nazioarteko VII. Biltzarraren inaugurazioa. Ohi bezala, antolakundeko kide berrien aurkezpena egiteko baliatuko da ekitaldia.
-Uztailak 19-22: Biltzarra. Amaieran La Via Campesinak datozen lau urteetarako dituen erronkak eta estrategiak aurkeztuko dituzte.
-Uztailak 23: Deriotik Bilbora martxa, eta manifestazioa Moyua plazatik Plaza Berrira.
“Hizkuntzaren aldetik ere erronka handia da honelako biltzar bat antolatzea”, dio Unai Aranguren EHNE Bizkaiako kideak. Denek elkar ulertu ahal izateko ezinbestekoa izango da borondatezko 80 interprete inguruk osatutako “gudarostearen” lana; “guretzat ondasuna dira, eta ondo zaindu behar ditugu”. Ohiko hizkuntza nagusiak (ingelesa, frantsesa, gaztelania eta portugesa) izango dira ardatza, eta horiekin batera euskarak ere izango du ofizialtasun estatusa.
Alta, bost hizkuntza horietako bakarra ere ez dakiten pertsona asko izango dira biltzarrean. “Horiek beren itzultzaileekin batera etortzen dira, eta haiek egiten dute zubi-lana hizkuntza ofizialetako batekin”, azaldu du Arangurenek.
Nekazariarentzat baratzea eragozpena besterik ez da. Egungo makina bat nekazari “aurreratuk” horrela pentsatzen du. Bere lanean ez dute baratzerik behar, ezta oilategirik, ezta sagarrondorik, ezta erlauntzarik ere.
Gasteizko Basaldea etxaldean dago kokatuta Soilik nekazaritza birsortzaileko proiektua, Abetxuko auzoan, eta Jaime Garcia, Joseba Vigalondo eta Javier Chaves dira bultzatzaileak. “Lehen sektorean, eredu agroekologikoan inkorporazio berriak bultzatzea da gure helburua,... [+]
Euskal Herriko Laborantza Ganberak hogei urte bete ditu. 2005ean sorturik, bataila anitzetatik pasa da Ainiza-Monjoloseko erakundea. Epaiketak, sustengu kanpainak edota Lurramaren sortzea, gorabehera ainitz izan ditu hogei urtez.
Kriztian Borda hautetsi ohia eta Lurzaindia elkarteko kideak sare sozialetan zabaldu duen bideo baten harira piztu da ika-mika. Arbonan laborantza lurrak "arriskuan" daudela salatu du Bordak, eta jakinarazi du Arbonako Herriko Etxeak bere kirol zelaia Baionako promotore... [+]
Txotx denboraldian eredu ekologikoan ekoiztutako Euskal Sagardoaren eskaintza izango da hainbat sagardotegitan, eta hura bistaratzeko, Jatorri Deiturak eta ENEEK-Ekolurrak kupeletan paratzeko euskarria aurkeztu dute.
Lurraren alde borrokan dabilen orok begi onez hartu du Frantziako Legebiltzarrak laborantza lurren babesteko lege-proposamenaren alde bozkatu izana. Peio Dufau diputatu abertzaleak aurkezturiko testua da, eta politikoa eta sentimentala juntaturik, hemizikloan Arbonako okupazioa,... [+]
203 diputatu alde eta hiru aurka agertu dira martxoaren 11 gauean egin bozketan. Higiezinen agentziak haserre agertu dira, eta bi salaketa aurkeztu ditu FAIN Frantziako Higiezinen Federazio Nazionalak Europako Batzordean. Bata, lege-proposamenari esker botere gehiago jasoko... [+]
Laborantzaren Orientazio Legea pasa den astean ofizialki onartu du Frantziako Parlamentuak. Ostegunean Senatutik pasa da azken aldikoz. Iazko laborarien mobilizazioen ondotik, aldarrikapenei erantzuteko xedea du lege horrek. Aldiz, ingurumenaren aldeko elkarteek azkarki salatzen... [+]
Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.
Mauleko Euskalduna ostatuak urteak daramatza Zuberoako etxe ekoizle txikien produktuekin lanean, eta hiriburuko ostatu parean eraikin bat erosi zutenean proposamena egin zien laborari horiei berei: zergatik ez ireki hurbileko ekoizleen saltokia bertan? “Motibatuta zegoen... [+]
Gasteizko protestak Trebiñu eta Araba elkarteek deitu dituzte, Tafallakoak Semilla y Belarra elkarteak eta Baionakoak 'Pirinio mendikateko laborariek’. Denek salatu dute Mercosur merkataritza akordioaren ondoriozko konpetentzia, eta erregaien zerga gehiegizkoak.
Otsailaren 6 honetan zenbatu dituzte departamenduko laborantza ganberarako bozak. Biarnoa eta Ipar Euskal Herria biltzen dituen departamenduan lehen indarra izaten segitzen du agroindustriaren sustatzailea den FDSEAk baina indarra galdu du: %54tik %46ra pasa da.
Gaur egun, Gazan su-etena dago, eta ez dakigu noiz arte iraungo duen; bitartean, sarraskiak, anexioek, kolonizazioak eta era guztietako giza eskubideen urraketek bere horretan diraute gainerako lurralde okupatuetan. Jarraian irakurriko dituzunak ez dira kasu isolatuak,... [+]
Datorren astean Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeak ospatuko dira Ipar Euskal Herrian. Frantzia mailako FDSEA eta CR sindikatuez gain, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna aurkezten da, "euskal laborarien defentsa" bermatzeko.
Euskal Herriko Laborantza Ganbera elkartearen hogei urteak ospatu zituzten asteburuan Ainhize-Monjolosen. 2005eko urtarrilaren 15 hartan sortu zuten Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako laborantzaren garapena –hori bai, iraunkorra eta herrikoia izan nahi duena–... [+]