Gerrak isildutako poeta galestarra

  • Hedd Wyn olerkaria Galesko hizkuntzaren eta tradizioen sinbolo ezaguna da, haren heriotzatik ehun urte igarota ere. Uztailez hil zuten Lehen Mundu Gerran.

1917ko irailaren 6an iragarri zuten Eisteddfod izeneko literatur lehiaketa irabazi zuela Hedd Wynek. Ez zen sari banaketara joan ordea, aste batzuk lehenago hil baitzuten gerran. Irabazleari egur landuzko aulkia oparitu ohi zioten eta Wynen heriotzaren be
1917ko irailaren 6an iragarri zuten Eisteddfod izeneko literatur lehiaketa irabazi zuela Hedd Wynek. Ez zen sari banaketara joan ordea, aste batzuk lehenago hil baitzuten gerran. Irabazleari egur landuzko aulkia oparitu ohi zioten eta Wynen heriotzaren berri jakinda oihal beltzez estali zuten. Orduz geroztik Aulki Beltza deitzen diote eta haren jaiotetxean dago. Gerald Williams ilobak zaintzen du aulkia eta jaiotetxe berritua.

Galesezko literaturaren ordezkari nagusietako bat hil zuteneko mendeurrena gogoratuko dute uztailaren azken egunean. Ellis Humprey Evansek, ezizenez Hedd Wyn, Flandriako lokatzetan aurkitu zuen heriotza Lehen Mundu Gerran. Bere olerkietan sorterriaz eta bakeaz idatzi zuen baina, halabeharrez, etxetik urrun eta gerra bete-betean hil zen. Aste batzuk geroago, lubakietatik bidalitako poema batek Galesko lehiaketarik ospetsuena irabazi zuen.

Yr Ysgwrn izeneko etxaldea Hedd Wynen historia tragikoaren lekuko isila izan zen. Trawsfynydd herritik hurbil dago etxe bakarti hori, Gales iparraldeko mendi malkartsuen magalean. Umea zenetik gerrara joan behar izan zuen arte, han bizi izan zen Ellis Humprey Evans. Baserri giroan hazi eta hezi zen, gales hutsean bizi zen gizarte tradizionalean. Gehienbat, sorterriaren eta herrikideen ingurukoa da haren poesia. Herri zeltetan mendez mende igaro den bardoen tradizioan murgildu zen, eta beste bardo baten iradokizunari kasu eginez Hedd Wyn ezizena hartu zuen. Bake bedeinkatua edo bake zuria esan nahi du.

Izan ere, bakezalea zen, guztiz, Hedd Wyn. “Kristaua zen eta, zentzu hertsian kontzientzia eragozlea ez bazen ere, ez zuen armarik hartu nahi ez beste inor hil nahi”, dio Naomi Jonesek. Idazlearen eta Yr Ysgwrn etxaldearen ondarea zaintzeaz arduratzen den Eryri Natur Parkeko Agintaritzako hezkuntza eta komunikazio burua da Jones.

 

Hedd Wyn 1917ko uztailaren 31n hil zuten Lehen Mundu Gerran.

Ingalaterrako eta Galesko poeta handien lanak irakurrita aberastu zuen bere estiloa Hedd Wyn gazteak eta hamaika urte zituenerako idatzia omen zuen lehenengo olerkia. Naomi Jonesen esanetan, Hedd Wyn autore erromantikoa zen eta maiz erabiltzen zituen naturako irudiak. Eisteddfod izeneko literatur lehiaketetan hainbat sari eman zizkioten. Erdi Arotik antolatzen dira halako topaketak eta Galesko hizkuntzaren eta kulturaren ezaugarri nagusietako bat dira. Nolanahi ere, Eisteddfod Nagusia, urteroko hitzordu arranditsua, artean irabazi gabe zeukan 1917ko uda tragiko hura iritsi zenean.

Baserri lana eta olerkigintza ziren Hedd Wynen bizimoduaren ardatzak, Gerra Handirako deia ate joka etorri zitzaion arte. Flandriako lubaki amaigabeetara joatea egokitu zitzaion orain dela ehun urteko uztail euritsu eta ilun hartan. 1917ko literatur lehiaketarako aste gutxi batzuk baino ez ziren falta eta frentean bertan idatzitako Yr Arwr (Heroia) olerkia bidali zuen lehiaketara. “Lurrean bakea eskatzen duen poema da”, azaldu du Naomi Jonesek. Uztailaren 31ko goizean, Pilckem Ridgeko batailaren lehenengo egunean, bala batek bete-betean jo zuen sabelean. 30 urte zituen.

Gerrak Galesko idazle handienetako bati emandako zorigaiztoko amaieraren berri zabaldu baino lehen, irailaren 6an, Eisteddfod Nagusia antolatu zuten Ingalaterrako Birkehnead hirian. Lehiaketako olerkirik onenaren egileari egur landuzko aulkia oparitzeko ohitura dute eta orduko hartan ere prest zuten Eugeen Vanfleteren maisu flandiarrak egindako aulki ederra. Epaimahaiburuak iragarri zuen Hedd Wyn zela irabazlea baina jaialdiko Druida Nagusiak han bildutakoei azaldu zien idazlea sei aste lehenago hil zutela gerran. Irabazlearen aulkia oihal beltz batez estali zuten eta harrezkero Y Gadair Ddu esaten diote, alegia Aulki Beltza.

Yr Ysgwrn etxaldera eraman zuten aulkia eta gaur egun han dago oraindik. “Berehala jendea etortzen hasi zen Galesko bazter guztietatik, baita kanpotik ere, aulkia ikustera eta familiari doluminak ematera”, azaldu du Naomi Jonesek. “Aulki Beltza sinbolo bihurtu zen, ez Hedd Wynena bakarrik, baita Lehen Mundu Gerran hil ziren 40.000 galestarrena ere, aulki huts hura Galesko etxe askotan geratu ziren aulki hutsen oroigarria da”.

Eisteddfod Nagusia irabazi zuen Yr Arwr ez ezik, beste olerki gogoangarri ugari ondu zituen Hedd Wynek. Ingelesez ere ondo moldatzen zen arren, galesez idatzi zuen ia beti, hura baitzuen etxeko hizkuntza. Horregatik, alderdi kulturalean hutsune handia utzi zuen poetaren heriotzak, 20. mendearen hasierako idazle garrantzitsuena baitzen Galesen. Hain gazte hil ez balute, nork jakin noraino iritsiko zen.

Galesko Lauaxeta

Alde horretatik, Hedd Wynek utzitako hutsuneak Hego Euskal Herrian hogei urte geroago gertatutakoa gogora dakar. Euskal literaturan eta hizkuntzan izandako pizkundea itzali zuen 1936ko gerrak, kultura izan zen gerraren biktimetako bat Galesen zein Euskal Herrian. Antzekotasun handia dute, esaterako, Hedd Wynen eta Lauaxetaren ibilbideek.

Atzerriko literatura
sakon ezagutu zuten
bai Hedd Wynek
baita Lauaxetak ere,
eta galesez
eta euskaraz idazteko hautua egin zuten

Baserri giroan haziak, naturari eta sorterriari idatzi zioten Ellis Humphrey Evansek eta Estepan Urkiagak, bizimodu tradizional eta nolabait idealizatua gogoan. Atzerriko literatura sakon ezagutu zuten biek, baina galesez eta euskaraz idazteko hautua egin zuten. Kristau fededunak zirela nabarmena da Hedd Wynen nahiz Lauaxetaren olerkietan. Gerra parean egokitu zitzaien eta antzeko adinarekin hil zituzten, artean gazte. Hedd Wynen heriotzaren mendeurrena gogoratuko dute Lauaxetaren fusilamenduaren 80. urteurrena oroitu den urte berean. Esan daiteke Hedd Wyn dela Galesko Lauaxeta edo, beharbada, Lauaxeta da Euskal Herriko Hedd Wyn.

Ehun urte igarota, Galesko literaturaren eta hizkuntzaren mito handienetako bat da Hedd Wyn. Gerald Williams, poetaren iloba, Yr Ysgwrn etxaldean bizi da eta bere arbasoek egin zuten bezala, bisitari guztiei ongietorria egiten die. Ez zuen osaba ezagutu, baina Hedd Wynen eta Aulki Beltzaren inguruko pasadizo guztiak dakizki. “Etxean Ellis deitzen zioten eta Gales guztian ospetsua izan arren gurasoek beste seme-alaben pareko tratua ematen zioten”, kontatu digu Williamsek. “Poesia bere pasioa zen, berandura arte egoten zen idazten”.

Eryri Parke Naturaleko agintaritzak Yr Ysgwrn erosi zuen 2012an eta goitik behera berritu du etxaldea, Hedd Wynen ondarea belaunaldiz belaunaldi transmititzen segitzeko. Babestutako ondarearen lege-babesa duen etxe horretako pieza baliotsuena Aulki Beltza da, hori ere kontu handiz zaharberritua. Gerald Williams “harro” dago bisitariei osabaren berri eman ahal izateaz. “Aitona-amonek, Hedd Wynen gurasoek alegia, pozez hartzen zuten jendea beti eta nik ere gozatu egiten dut, batez ere gazteen jakin-mina antzematen dudanean”. Osabaren pasadizoak kontatzeaz gain, mezu garbi bat ematen die Williamsek belaunaldi gazteei: “Yr Ysgwrnen ikusten dute gerra suntsitzailea dela eta espero dut horrek mundu hobe bat eraikitzeko gogoa sortuko diela”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Galesera
2022-11-14 | Sustatu
Egunean Behin jokoaren galesezko bertsioa kalean da: Cwis Bob Dydd

Egunean Behin jokoaren galesezko bertsioa irten berri da merkatura, 12 asteko denboraldi batekin eta Cwis Bob Dydd izenarekin. Jokoa CodeSyntax euskal enpresak garatu du, Tinopolis ekoiztetxe galestarrarekin batera, bertako S4C galesezko telebista publikoaren enkarguz, eta S4C... [+]


Galesezko oinarrizko ezagutza eskatuko die gobernuak funtzionarioei

2050. urterako sektore publikoa guztiz elebidundu nahi du Galesko Gobernuak. Milioi bat gales hiztun izatera heldu nahi dute 30 urte barru. 


Galesek legebiltzar propioa izatea lortu du eta bertako hizkuntzan eman diote izena

Orain arte Galesko Asanblada Nazionala zena, Galesko parlamentu bilakatu da, eta bertako hizkuntzan jaso du izendapena: Senedd Cymru. 21 urteko prozesuaren ostean heldu da parlamentuaren onarpena. Izan ere, legeak eratzeko eta zergak kobratzeko eskubideak lortzeko prozesuan egon... [+]


Awen Iorwerth, mediku eta irakasle galesa
“Jendeak gaixo dagoenean bere hizkuntzan artatzea nahi du”

Irlandarrak eta galesak izan dira Euskal Herrian. Galdakao-Usansolo ospitalea, EHUko Medikuntza fakultatea eta UEU bisitatu dituzte. Gaixoak bere hizkuntzan artatzeko bideak ikasten eta praktikara eramaten ari dira. Ahalegin horretan ari da Awen Iorwerth traumatologo eta... [+]


Jatorrizko hizkuntza osasungintzan
Ez da gauza bera galesez ala ingelesez erditzea

Ez da gauza bera pediatrak umeari zer esaten duen ulertzea eta ez ulertzea. Ez da gauza bera buru gaixotasuna izan eta osasun profesionalek norberaren jatorrizko hizkuntzan ala bigarren hizkuntzan egitea. Euskaldunok bezala pairatzen dituzte horrelako egoerak gales hiztunek.


Elebakarrei mimikaz komunikatzeko trebezia %136 handitzen zaie

Galesi buruz umorez aritzeko twitter kontuan (Welsh Bollocks) aurkitu dugu esaldia. Hizkuntza bakarra jakiteak dituen “onurak” deskribatu dituzte.


Dementzia duten gaixo galestarrak euren hizkuntzan artatuko dituzte ospitalean

Ohe gainean gales hiztunak direla jarriko du, osasun langileek jakin dezaten eta hizkuntza horretan artatu ditzaten.


Galeseraren aldeko “Korrika” abiatuko da asteazkenean

"Ras yr iaith" Galeseraren aldeko Korrika abiatuko da asteazkenean. 25 herri zeharkatuko ditu iparraldetik hegoaldera, eta ostiralean amaituko da. Bigarren edizioa du ekimenak, aurrekoa orain bi urte 2014an egin zuten.


Galeseraren aldeko “Korrika” lehen aldiz ostiralean

Orain gutxi jakinarazi dute Galesen ere lehen aldiz egingo dutela "Korrika" ekainean, Ras yr Iaith izenpean (hizkuntzaren lasterketa). Ekainaren 20an izango da, ostiralean eta 22 kilometroko ibilbidean bederatzi herritatik igaroko da.


2013-08-23 | Kike Amonarriz
‘Ras yr Iaith’! Galeseraren aldeko lehen Korrika atzeratu egin da

Ras yr Iaith’  da galeseraren aldeko lasterketaren izena eta lehen edizio hau behintzat, 3 egunekoa izango da.


2013-07-15 | Kike Amonarriz
Zergatik txiokatzen dugu euskaldunok euskaraz, galesdunek galesez halako bi?

"Zergatik txiokatzen dute euskaldunek, galesdunok halako bi?" tituludun artikulua argitaratu du Rhodri ap Dyfrig Aberystwyth Universityko irakasleak bere blogean, euskara darabilten kontuen kopurua eta galesa darabiltenena berdintsuak direla kontuan izanda.


Galesa tutik ere ez
The Guardian egunkariaren bertsio digitalean irakurri dugu. Errepideko seinalean ingelesez hala jartzen du euskarara honela itzuliko genukeena: “Ez sartu ibilgailu astunak”, eta galesezko itzulpena: “Ez nago bulegoan. Mesedez, itzultzeko lanak bidali”... [+]

S4C, ETBren ispilu galestarra

S4C galeserazko telebista kateak 2012ko azaroaren 2an ospatu zituen 30 urte antenan, ETBk baino aste batzuk lehenago.


Eguneraketa berriak daude