argia.eus
INPRIMATU
Ainara LeGardon
“SGAEk bazkide ez direnen izenean kobratuz 17,5 milioi euro irabazi zituen 2015ean”
  • Egile eskubideen marasma sarea modu ulerterrazean landu dute Ainara LeGardon musikariak (Bilbo, 1976) eta David García Aristegui jabetza intelektualean adituak (Madril, 1974) Consonnirekin argitaratu berri duten SGAE: el monopolio en decadencia (SGAE: monopolioaren dekadentzia) liburuan. “Gurpilaren” auziarekin lotuta SGAEko hemezortzi bazkide atxilotu berritan ekin diote aurkezpen birari. Kultur ekoizpen eta distribuzioak aldatzen ari diren garaiotan ezinbesteko ekarpena da beraien lana. 

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko uztailaren 12a
Ainara LeGardon musikaria (argazkia: Alvaro Sanz).
Ainara LeGardon musikaria (argazkia: Alvaro Sanz).

SGAEri buruzko liburu bat ateratzeko bi urte baino gehiagoko ikerketa egin duzue. Hain zaila al da nola funtzionatzen duen ulertzea? Zergatik?

Berez bi urte iraun duena idazketa prozesua izan da, baina ikerketa aurreko lan batzuekin batera hasi genuen, Daviden Por qué Marx no habló de copyright? (Marxek zergatik ez zuen copyright-az hitz egin?, Enclave, 2014) edo nik argitaratutako Otro modelo es posible (Beste eredu bat posible da) lan akademikoa. Liburu hau duela lau urte hasi zela esan dezakegu beraz.

Jabetza intelektualaren mundu korapilatsua ulertzea zaila da, eta are zailagoa SGAEk ordezkatzen duen kudeaketa eredua ulertzea. Antón Reixak, entitatearen zuzendari ohiak, gogoeta handi bat utzi zigun libururako elkarrizketatu genuenean: “Justua dena esplikagarria izan behar dela” esaten zigun, eta azaldu zigun SGAEko teknikariek Powerpoint bera hemezortzi aldiz jarri behar izan ziotela, telebistako diru banaketa nola egiten zen ulertzeko.

“Soilik oilarraren kukurrukuak ez ditu eskubideak pagatzen” dio SGAEk. Nola biltzen eta banatzen du dirua entitateak?

Beste liburu baten bidez erantzun ahalko litzaioke galdera horri. Laburtzeagatik, bazkide bati entzun nion esaldia errepikatuko dizut: SGAEk Ferrari bat bezala biltzen diru dirua, baina gurdi batek bezala banatzen du. Entitateari horren irudi txarra ekarri diona haren dirua biltzeko gosea izan da, eta aipatzen duzun eslogana horren erakusle da. SGAEk ez du gehiago jaso behar, hobeto baizik. Eta, bereziki, modu eraginkor eta egokian banatu.

“Tabernari batek SGAEren errepertorioan dauden kantak erabili ahal izateagatik pagatzen du, ez jartzeagatik. Ondoren identifikazioa ez da behar bezala egiten eta horregatik eskubideen jabeei ez zaie dagokiena iristen”

Erabileragatik kobratu ostean identifikatzen ditu obrak. Eta edozeini etortzen zaion galdera da: orduan nola daki bilketa hori dagokiola? Hau da Davidek esan nahi duena “lehenbizi tiro egin eta ondoren galdetu” dioenean.

Tarifak erabilgarritasunaren arabera aplikatzen direlako eta ez erabilera efektiboagatik daude kutxa beltzean horrenbeste identifikatu gabeko eskubide. Hau da, tabernari batek SGAEren errepertorioan dauden kantak erabili ahal izateagatik pagatzen du, ez jartzeagatik. Ondoren identifikazioa ez da behar bezala egiten eta horregatik eskubideen jabeei ez zaie dagokiena iristen.

Zer gertatzen da bazkideak ez direnen izenean jasotako diruarekin? Uko egin diezaiokete diru bilketa horri?

Diru bilketa egin eta bost urtera autoreek ez badute erreklamatzen, eskubide horiek preskribitu eta entitatearen aktibo izatera pasatzen dira. Autore askok, arrazoi ugarirengatik, ez dute SGAEko parte izan nahi, eta beraiei dagozkien eskubideei uko egiten diete, ezinbestean.

Paradoxikoa da, legeak derrigorrezko kudeaketa kolektiboko eskubideak daudela esaten baitu –hau da, SGAE bezalako entitateen bitartez soilik egin daitekeela–, baina entitateko bazkide izatea borondatezkoa da. Beraz, bazkide ez direnen izenean kobratu egiten da, zenbakiak loditzeko gurpil zoroa eraginez. 2015ean “identifikatzeko” geratu ziren eskubideak 17,5 milioi eurokoak izan ziren.

Garcia Aristeguik eta LeGardonek ikerketa sakona egin dute SGAEren inguruan liburua argitaratzeko (argazkia: Rafa Rodrigo).

Ustelkeria kasuak, Kanonaren gehiegikeriak… SGAEren dekadentzia benetan gertatzen ari da ala iritzi bat besterik ez da?

Liburuan hitz egiten dugu bere monopolioaren dekadentziaz, eta hori objektiboa dela uste dugu. Tarifak ezartzerako orduan egin dituen gehiegikeriengatik isunak ezarri dizkio Merkatuen eta Konpetentziaren Espainiako Batzordeak; Europatik, bidea libre uzten zaie kudeaketa independenteko elkarteei, kudeaketa entitateen gaineko 2014/26/UE zuzentarauaren bidez; DAMA edo EKKI bezalako alternatibak sortu dira azken urteetan… asko dira arrazoiak. Baina orain, inoiz baino gehiago, SGAEk duen monopolioaz aparte, bere egituran eta kudeaketa ereduan ere sumatzen ari gara dekadentzia. 

Gardentasun falta eta kudeaketa eredu berrietara ez egokitzea dira zuen kritika nagusiak. Zer egin daiteke?

“SGAEk duen monopolioaz aparte, bere egituran eta kudeaketa ereduan ere sumatzen ari gara dekadentzia”

Liburuan proposatzen ditugun gauzen artean daude, bazkideei erabakitzeko ahalmen handiagoa ematea, erabilgarritasunari dagokion tarifa sistema albo batera utzi eta erabilera efektiboari dagozkion tarifak ezartzea –egun dagoen teknologiarekin egingarria da–, “identifikatzeko” eskubideen kutxa beltzean geratzen dena dagokion jabeari helarazteko ahalegina egitea –SGAEk nori banatu ez dakien zenbatekoak, autoreak ez daudelako identifikatuak edo ez direlako entitateko bazkide–…

Zerbait ona izango du hala ere…

Noski baietz. Autoreen eskubideak kudeatu eta hauengatik kobratu ahal izateko sortu ziren kudeaketa kolektiboko entitateak. Obra musikalen kasuan, zabaltzeko daukaten gaitasunagatik, autorearentzat oso zaila da berak bakarrik egitea bere obraren jarraipena. Pentsa zer litzatekeen galdezka aritzea irratiz irrati, tabernaz taberna, salaz sala, gure eskubideengatik. Lan hori errazteko dira beharrezkoak kudeaketa kolektiboko entitateak.

Arazoa gertatzen da autoreak eta editoreak entitate berean sartzean, interes kontrajarriak baitituzte. Orain gutxi ikusi dugu “telebistetako gurpilen auzian” hutsune legalak daudela, desoreka handiak baimentzen dituztenak; autore eta editore gutxi batzuen aberastasuna bilatzen da, eta horrek botere politikoa dakar –SGAEn zenbat eta gehiago sorrarazi, orduan eta bozka gehiago dituzu–.

Gauza onetara itzuliz, irabazien zati bat laguntza asistentzialetara bideratua da, difusio eta promoziorako, birak antolatzeko edo ekoizpen diskografikorako adibidez. Gainera, laguntzak eskaintzen ditu betaurreko graduatuak edo audiofonoak ordaintzeko, edo bazkideren baten etxe-kaleratzea gelditzeko.

SGAEk errepertorio guztiengatik biltzen du, baita Creative Commons lizentziapean daudenengatik ere. Baina lizentzia horiekin autoreak dagozkion eskubideak jaso ditzake?

“SGAEren eta YouTube-ren arteko akordio konfidentzial bat dago, autoreek ezagutu ezin dezaketena”

Gatazka argia da: SGAEk ez ditu lizentzia askeak onartzen, ezta ez-komertzialaren klausula barruan ere. Baina arazoa hori da, erabilgarritasunagatik kobratzen duenez, berak kudeatzen ez duen errepertorioagatik kobratzen du, Creative Commons-ak erabiltzen dituzten autoreenak barne. Beraz, autoreak berari dagokion dirua jaso nahiko balu, SGAEko bazkide izan beharko luke derrigorrez, eta bistan da biak batera ezin direla egin.  

Bazkideak bere errepertorio osoa SGAEn deklaratzeko derrigortasunak eta lizentzia askeak ez onartzeko jarrerak, oztopatu baino ez du egiten sortzaileek erabakiak modu askean hartu ahal izatea.

Azken urteetan asko aldatu da musika kontsumitzeko kultura, eta gehiengoak internet bidez eta streaming plataformen bidez egiten du. Nola egiten da hemen diru bilketa?

On-line den musika industriaren ordainketa fluxuak bereziki konplexuak dira. Plataformek ez dituzte eskubideen eta royaltien banaketak modu argian finkatuta. Hori bai, ekoizleei beti iristen zaie autoreei baino gehiago.

Kulturaren Liburu Zuriak datu esanguratsuak eskaintzen ditu: plataforma bateko harpidetzaren 9,99 euroetatik soilik 0,46 bideratzen dira artistentzat. Diskoetxeek 4,58 euro jasotzen dituzte eta euro bakarra bideratzen da autoreen zatira –editore eta autoreen artean banatzeko–.

Hori Spotify gisako plataformekin. Datu esanguratsuena, nolanahi, YouTube-ren funtzionamendua ikertzen ari ginenean jaso genuen. SGAEren eta YouTube-ren arteko akordio konfidentzial bat dago, autoreek ezagutu ezin dezaketena. Beraz autoreok ezin dugu jakin zenbat jasotzen duten gure lanaren kontura. Gure iturrien arabera, SGAEren Zuzendaritza Batzarrak ere ez ditu ezagutzen dokumentuaren edukiak, soilik Zuzendaritza Kontseiluak.

EKKIren gisako alternatibez hitz egiten duzue liburuan. Zer garapen izan dezakete?

Daukan monopolioaren kontrako borrokan beti atera da irabazle SGAE. XXI. mendeko lehen hamarkadaren hasieran eta erdialdean bi saiakera jarri ziren abian, baina ez zuten arrakastarik izan. DAMA izan zen lehena (Derechos de Autor de Medios Audiovisuales), ALMA gidoilarien sindikatuek bultzatuta. Orain berriro gertatu da EKKIren sorrerarekin Euskal Herrian.

EKKIk zein DAMAk proposatzen duten eredua SGAEren oso bestelakoa da: hasteko, “bazkide bat bozka bat” printzipioa dute –diru-bilketaren zenbatekoa alde batera utziz– eta tarifak erabilera efektiboagatik kobratzen dituzte eta ez erabilgarritasunagatik.

EKKI oso hasierako momentuan dago, mintegi informatiboak antolatzen, bazkide berriak formatzen eta erakartzen. DAMAkoak bost urte egon ziren dirua biltzen hasi aurretik, SGAEren aldetik izandako epaiketa eta presioak gaindituz. Espero dugu EKKI lehenago jarri ahal izatea funtzionatzen. Anarik esan zigun bezala “bere abantaila da hobetzeko margen handia duela. […] Arrakala txiki batek haitz oso ireki dezake”.