argia.eus
INPRIMATU
01/01/4000
Edu Zelaieta Anta 2017ko uztailaren 11

Goian duzuen data, eta duzuen eran, da nik EHUrekin indarrean dudan kontratuaren epemuga. Data txundigarria mesedez egiaztatzeko eskatu diot saileko idazkariari, ikerketa-proiektu baterako bete beharreko paperak tarteko, datu ofizial hori jakin beharra baitaukat. Data horixe dela berretsi dit idazkariak; koiunturagatik-eta ez naizela bakarra kode hori duen langilea.

Badaezpadako beste kontsulta bat egin eta ondoan, dataren datu miresgarria zuzena dela egiaztatu didate: unibertsitatearen sistemak ageri duenez, 4000. urteko urtarrilaren 1a arte da nire kontratuaren bukaera-data. Ikerketa-proiektu baterako paperak txukun bete behar baitira, zientzia akademikoa egiteko asmoz zientzia fikzioaren legea bete dut azkenean, eta data galaktikoa ezarri dut paper ofizialean.  

Bitxiena, baina, ondotik etorri da. Hilezkor sentitzen hasi naiz orduan eta betiereko morroi ikusi dut neure burua, kontratuak dioena nahitaez betetzera kondenatua. Hala, aurretik nituen eskubideak galtzen joan naiz XXI. mendean barrena. Prekarietateak eragindako eldarnioei eusteko aski indarrik ez izaki eta, XXII. mendean sartu orduko, konortea ere galdu dut.

Zorionez.