argia.eus
INPRIMATU
Portugal: erre 2003an, erre 2017an eta hurrena noiz erreko zain
  • Portugaleko ekaineko sutean ustekabeak bere lana egin du, kasualitate tragikoa behar baitu erreka polit batean bainatzen ari direnak suaren ihesi blokaturik aurkitzea errepide batean. Baina, gainerakoan, Pedrogão Grande eta inguruak kiskali dituen hondamendiak erakusten du zein garestiak izango diren klimaren aldaketak eragingo dituen kalteak eta zein gutxi dauden gure gizarteak prestatuta horiei aurre egiteko.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko uztailaren 06a
‘El Comercio’ egunkariaren gunetik hartutako irudian, ama semeak Figueiro dos Vinhos inguruetan errepidetik ikuskatzen suteak bazter guztietan eragindako txikizioak. Suteen prebentzio planetan arreta gutxiegi egiten zaio gero eta urriagoak diren nekazari
‘El Comercio’ egunkariaren gunetik hartutako irudian, ama semeak Figueiro dos Vinhos inguruetan errepidetik ikuskatzen suteak bazter guztietan eragindako txikizioak. Suteen prebentzio planetan arreta gutxiegi egiten zaio gero eta urriagoak diren nekazari familiok ingurumena babesten egiten duten lanari, baina nola egin aurre arrisku berriei horiek gabe? Administrazioak bere zerbitzuak murriztuta, sarritan sentitzen dira abandonaturik hondamendien kontrako borrokan.

Asko da Portugalen ekainaren 17tik 18rako gauean piztutako suteek kiskali dutena. 64 hildako, horietatik 47 Pedrogão Grandeko errepide madarikatuan, bi gehiago desagertu, 204 zauritu, dozenaka herri eta auzo txikitan kalte handiak, 45.000 hektarea soro eta mendi errauts bihurturik… Antonio Costa lehen ministroak esan du izan dela urtetan Portugalek suarekin ezagutu duen tragediarik handiena. Lehena izan ez den moduan, ez da izanen azkena.

Tximista lehor batek basoa piztu zuen artean, Pedrogão inguruko paraje berdeek akatsik ez zuten Lisboatik bezala beste hirietatik bake bila hurbiltzen ziren kaletarrentzako. 3.000 suhiltzaile eta boluntarioren artean garrak menderatu ezin izan dituztenean ohartu dira paisaia bukoliko hark etsaia zeukala gorderik, papera bezala erretzen den eukaliptoa, denek orain ezbeharraren errudun izendatzen duten zuhaitz asesinoa. Ez berez sortua, ordea.

Urte bete barru inor ez da akordatuko eta han, Gipuzkoan eta Bizkaian bezala, jarraituko dute sasiak hartutako mendiak pinuz eta eukaliptoz landatzen. 2003an piztutako alarmak bezala itzaliko dira oraingoak ziurrenik. 2003ko uda ere bereziki beroa izan zen, Euskal Herrian bezala Portugalen. Suteak ikaragarriak izan ziren orduan ere. Urte gutxi geroago, 2006an, Nazio Batuen Erakundearen babesean suteen jarraipen eta ikerketa egiten duen IFFN International Forest Fire News buletinak alerta jo zuen 21 orrialdeko txosten mamitsuan: “Portugaleko 2003ko mendietako suteen erro sakonak”.

2003an portugesek beren lur eremuaren %4,3 galdu zuten erreta (greziarrek %4,6, Espainiak %1,3), 160.000 hektarea. Orduko marka aurten haustekotan, ekainekoa halako lau kiskaltzen ikusi beharko dute.

Portugal Atlantiko itsas bazterrean dagoen arren, klimaz gehiago da herrialde mediterraneoa, honek berekin dakarrela suteen arrisku handiagoa.  Klimaren aldaketak, gainera, Grezia jarri du Espainia eta oro har Mediterraneo bazter guztia bezala beroketa globalaren kaltetuenen artean.

Baso eta sastraka artean Portugalek 3,2 milioi hektarea baldin badauzka, 1,7 milioi dauka pinuz eta eukaliptoz josita, basoen erdia baino gehiago. Gainerakoetatik, 0,7 milioi hektareatan artelatzak hazten ditu, herrialdearen ekonomian historikoki hain garrantzitsua izan den kortxogintzan erabilia. Elkarrekin talka egin dute espezieok azken hamarkadetan: artelatzak diru ona eman arren eskulan ugari eskatzen du; aldiz, pinu eta eukaliptoak interesatzen zaizkio papergintzako industriari.

1970eko hamarkadatik hona, urtetik urtera ugaritu dira suteak Portugalen, kointzidituz nekazaritzan gertatu diren aldaketa sakonekin. Baserritarrak urritu dira, herriak hustu eta lehen sasi eta basoak garbitzen zituzten aziendak desagertu nekazariekin batera. Abandonatutako lurrak baso berritzerakoan administrazioak kontutan hartu ditu lur jabeen eta paper industriaren interesak, lurralde antolamendua egokitu gabe nekazaritzaren beharrei. Ondorioz, suteak prebenitzeko planetan ez dira kontutan eduki ez lekuko laborariak, ez espezieen aniztasunaren garrantzia, eta agintariek sustatu dituzte zuhaitz espezierik sukoienak, eukaliptoak eta pinuak.

Eukaliptoa ez zen bere oinez etorri

2003ko suteak ikusita, idatzi zuten IFFNren txostenean: “Pinuak eta eukaliptoak izugarrizko garrantzia daukate Portugaleko basogintzaren ekonomiarentzako, horregatik ezarri behar dira suteak prebenitzeko neurri zorrotzak. Baina ekonomikoki errentagarriak ez diren guneetan zuhaitz mota horiek galarazi egin behar dira, horien ordez lehenetsiz suari aurre hobeto egiten dioten eta ingurumenaren bezala paisaiaren aldetik etekin hobeak ematen dituztenak”.

Aldatzea neketsua izan, ordea. 2013an, hamar urte geroago, egoerak berdin edo okerrago jarraitzen zuen, Eco 123 guneak erakutsi zuenez “Monchique and Eucaliptus in Portugal” artikuluan. Herri txiki baten kasua aipatzen du landa eremu gehienaren egoeraren iruditzat.

Algarveko (hegoaldean) Monchique udalerrian (6.000 biztanle) mendi eta basoen %76 eukaliptoz osatuta dago gaur ere. 2003ko suteetan lur eremu osoaren %80 kiskali zitzaien, errauts bihurtu diren etxalde asko, milaka erlauntz, azienda, artelatz, kortxo lantegi... baina hamar urteren buruan beti landaredi eta paisai bera.

Urte asko lehenago, 1991n, aste oso bat iraun zuten suteek Monchiqueko mendietan, eta artikulugileak aitortzen du herritarrek beldur handia diotela berriro gertatzeari. “Behin eta berriro mendiak su hartzen du eta garretan suntsitzen ditu baserri txikietako aziendak eta baita etxeak ere sarri. Horregatik, hurrengo sutea denbora kontua baizik ez da”.

1960ko hamarkadan lur jabe handiak industriaren eta agintarien laguntzarekin eukaliptoa landatzen hasi zirenean Monchiquek ia 15.000 biztanle zeuzkan. Nekazarien exodoarekin erdia baino gutxiagora urritu dira geroztik.

Eukaliptoak indar hartzen duen eremuan lehengo landare ia guztiak desagertzen dira, agur hurritz, algarrobo, gurbitz eta artelatz. “Eta gurpil zoro batean –idatzi dute kronikan– suteek are gehiago indartzen dute zuhaitzaren inbasio ahalmena. Garrek kiskalitakoan, eukaliptoak berriro ernetzen dira hazi eta sustraietatik (...) Eukaliptoak izurria bezala nagusitu dira Portugaleko eremu zabaletan eta haiekin batera ugaritu dira oihanetako suteak. Zuhaitzen olio lurrinkorrak oso sukoiak dira. Suteok eragindako kalteak milaka milioitan zenbatzen dira, kalte ekologikoak kalkula ezinak dira eta horiek gizartean, osasunean eta kulturan dakartzaten ondorioak ez dituzte kontutan hartu agintariek”.

Eukaliptoa, ordea, ez da bere oinez etorri Australiatik, Nafarroako mendiak ezpelik gabe gorri utzi dituen zomorroa bere kasa iritsi ez den bezala Txinatik. Paper oletako nagusiek etekinak kalkulatu zizkioten alboko kalteen kosteak kontabilitatetik kanpo utzita. 2008ko krisi handiak mahai gainean azaldu dituen arte. Gero eta sute gehiago, gero eta suhiltzaile eta ekipamendu behar handiagoa... eta aldi berean estatua bere zerbitzu publikoetan murrizketa drastikoak egitera derrigortuta, askotan lekuko herritarrak aurkitu dira abandonatuta katastrofe ez naturalaren aurrez aurre.

Klimaren beroketak dagoenekoz eragiten dituen hondamendiak garesti aterako zaizkio jendeari, oinazetan eta dirutan. Administrazioak, berriz, horiei aurre egiteko dirurik eta bitartekorik gabe utzi dituzte, zorpetuta. Hurrengo sutea ez da epelagoa izanen.