argia.eus
INPRIMATU
Komunak
Estitxu Garai Artetxe @egarai 2017ko uztailaren 05a

Esaerak dioenez, La tercera és la bona. Kataluniako independentistek badakite hala behar duela izan. Aurretik egindako bi saiakerek, 2014ko azaroaren 9ko kontsultak eta plebiszitu gisa deitutako 2015eko hauteskundeek, prozesuan aurrera egitea ahalbidetu zuten, baina garbi dago ez zutela erreferendum izaera petorik lortu. Carles Puigdemont presidenteak iragarri du:  urriaren 1ean egingo da galdeketa eta “Nahi duzu Katalunia estatu independente izatea errepublika gisa?”, izango da galdera.

Ara egunkariak kaleratu du dagoeneko data horri begira egindako lehenengo inkesta. Inkestak inkesta, erreferendumaren arrakastarako gako zenbait zirriborratzen dira bertan, batez ere,  biharamunean arreta guztia bereganatuko duten bi alorretan: parte-hartzea eta emaitza. Datuak onak izango lirateke independentistentzat: parte-hartzeko asmoa %64,2koa izango litzateke, hauteskunde autonomiko eta orokor askotako zenbakietatik ez oso urrun, eta parte hartuko luketenen artean aise irabaziko luke baiezkoak, %67 erdietsita. Inkestaren araberako emaitzok edozein erreferendumen estandar guztiak beteko lituzkete, eta nazioartean onarpena jasotzeko eta aldebakarreko independentzia aldarrikatzeko aukera eskainiko lukete. Datuon irakurketa ez da oso katramilatsua, sektore unionistaren zati batek bozka ez ematearen ondorio zuzena baitira. Unionisten partetik birpentsatzeko moduko kontua iruditzen zait; erreferendumari zilegitasuna kendu asmoz ezezkoa desmobilizatzeak baiezkoa indartu eta aldebakarreko independentzia hurbildu bailezake.

Ohiko sektore espainolistaz gain, Un País En Comú-ren baitan biltzen den ustezko soberanismo demokratikoa hasi da lurra goldatzen aldebakarreko bideari eta erreferendumari zilegitasuna kentzeko.  Berme guztiak dituen galdeketa bat beharrezkoa dela adierazi du Xavier Domenech-ek, eta hori ez dio inork ukatuko. Arazoa bigarren zatian dator, galdeketak berme guztiak izatea berdintzen baitu Espainiako Estatuarekin paktatua izatearekin

Alta, horra heltzeko kapitulu asko falta zaizkigu oraindik eta emaitza bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa izango da egun horretara nola iristen diren eta zein kontakizun gailentzen den. Ahalegin handiak egin ditu horretan Junts Pel Sí koalizioak, argi eta garbi utzi nahian aldebiko bidea hobetsiko luketela, baina Espainiako Estatuaren kalitate demokratiko baxuaren ondorioz, aldebakarreko bidea dela atakari benetako aterabide demokratikoa emateko modu bakarra. Diskurtso hori hasi da emaitza ematen nazioartean, besteak beste New York Times egunkariko editoriala erreferenduma egitearen alde mintzatu da jada. Espainiako Gobernuaren partetik, berriz, badirudi bide judiziala eta haren bidez beldurra areagotzea baliatuko dituztela eta legearen bandera izango dela euren errelatoaren muina.

Lehia diskurtsiboa, ordea, ez da Kataluniako mugetatik at soilik emango. Katalunian bertan ere, ohiko sektore espainolistaz gain, Un País En Comú-ren baitan biltzen den ustezko soberanismo demokratikoa hasi da lurra goldatzen aldebakarreko bideari eta erreferendumari zilegitasuna kentzeko. Berme guztiak dituen galdeketa bat beharrezkoa dela adierazi du Xavier Domenech-ek, eta hori ez dio inork ukatuko. Arazoa bigarren zatian dator, galdeketak berme guztiak izatea berdintzen baitu Espainiako Estatuarekin paktatua izatearekin, Espainiako Gobernuak legea eta demokrazia berdintzeko darabilen mekanismo bertsuarekin.

Ezinezkoa da benetako soberanista izatea ez baduzu ezer egiten subiranotasuna beti ukatuko dizula dakizunaren aurrean. Espainiako gehiengoa aldatzeko zain egotea lurrikara batek Herrialde Katalanak Espainiatik bereiztearen zain egotearen pareko litzateke. Komunen diskurtsoa ez da hain komuna izan orain arte Espainian, baina Katalunia eta Euskal Herrian aspaldi ezagutzen dugun diskurtsoa da, Espainiako legeen kateari estuki lotuta gauzak aldatzeko edozein saiakera komun zulotik botatzen duen diskurtsoa, alegia.