argia.eus
INPRIMATU
Baratze sozialak Beasainen
Garazi Zabaleta 2017ko uztailaren 05a
Argazkia: www.baratzeparkea.ekogunea.eus
Argazkia: www.baratzeparkea.ekogunea.eusArgazkia: www.baratzeparkea.ekogunea.eus

60 baratze berri izanen dituzte Beasainen irailetik aurrera. Beasaingo Udalak Ekogunearekin eta Caritasekin lankidetzan abiatu du proiektua, eta Laia kooperatibaren bidez ari dira martxan jartzen. Udalei ingurumen zerbitzuak eskaintzen dizkie Laia kooperatibak: auzo konposta edo aldaketa klimatikoaren inguruko gaiak lantzen dituzte hainbat herritako udalekin. Baratze proiektu bat martxan jartzen duten lehen aldia da Beasaingoa, ordea.

Izaera soziala

“Batik bat Udala izan da baratzeen proiektuari izaera soziala ematea bultzatu duena”, azaldu digu Rosa Aurkia Laiako kideak: “Baratzeak herri askotan daude, baina Udalak behar berezia duen jendeari eman nahi zion lurra lantzen hasteko aukera”. Ongizate sailarekin batera bideratuko dute behar gehien dutenentzako baratzeen banaketa.

60 baratzeen esleipena egiterakoan beste bi talde ere izan dituzte kontuan: batetik, herriko elkarte eta ikastetxeentzako bideratu dira baratze batzuk, horien artean dago Caritas. Bestetik, zenbait baratze herritarren artean banatzeko bideratu dira; edonork egin zezakeen eskaera.

Baratze txikiak eta ekologikoak

Baratzea lantzeko bi baldintza jarri dituzte: autokontsumorako baratze txikiak izanen dira, ezingo dituzte saldu bertatik ateratako produktuak, eta ekologikoan ekoiztu beharko dute.

Ekogunea Fundazioaren baratze parkeen sareko kide izango dira Beasaingo baratze publikoak, eta beren laguntza izanen dute parte hartzaileek baratzeak martxan jartzeko. “Ekogunearen laguntzarekin baratzezainen elkartea sortuko da. Elkarteak eramanen du baratzeen kudeaketa, baita Udalarekin eta Ekogunearekin harremanak ere”, kontatu digu Aurkiak. Ardurak ere eskatuko zaizkie parte hartzaileei, lurra lantzearen truk.

Ekainaren 30a arte izan zuten beasaindarrek baratzeak eskatzeko aukera. Obrak uztailean hasiko dira, eta bultzatzaileek espero dute irailean jada, aitzurrak eskuan, Beasaingo baratzeetako lurra lantzen hasteko aukera izatea.