argia.eus
INPRIMATU
Aktualitatearen Gakoak
Udan astekaririk ez baina...
Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko uztailaren 05a

Abuztua gainean da. Oporrak. Eguraldi ona. Urte osoan zehar apaletan udararako aparkatutako irakurketa guztiak hartu eta lasai lasai leitzeko beta izaten dugun sasoia. Bakoitzak bere txokoan: besaulkian, toalla gainean, tabernako terrazan… Urteak daramatza ARGIAk aldizkarian garai honetarako liburu gomendioak egiten, baina aurten beste irakurketa bat proposatzeko asmoa dugu: Gakoak.

Normalean baino ia urte erdi lehenago dator aurtengoan urtekariaren hariari segika sortutako Aktualitatearen Gakoak liburuxka. Garai batean, pasatako urteari ikuspegi kronologikotik begiratutako bilduma banatzen zen urtarrilean, azken hamabi hilabeteetan gertatutakoak gorde eta edozein unetan kontsultatzeko liburua. Baina orain zer zentzu du horrek Internetekin?

Salto bat eman zen 2016ko urtarrilean. Geroztik, kontsultarako bilduma bat baino, iragan urtean agenda markatu duten gaien inguruko analisiak eta kronikak biltzen dira, astekaria irekitzen duten Panoramako argazkietatik sei esanguratsuenak aukeratzen dira, ‘ARGIAko onenak’ atalean Larrunen, aldizkarian, blogetan edo sarean zintzilikatu diren hainbat erreportaje, elkarrizketa edo artikulu biltzen dira, eta aurrera begirako aurreikuspenak jasotzen dira ‘Joerak’ atalean. Irudiek garrantzi handia hartzen dute formatu berrian, eta azala Josevisky marrazkilariaren esku geratzen da, barruko beste zenbait irudi bezala.

Urtarriletik abuzturako saltoa

Kronologiak eta kontsultarako bilduma izateak garrantzia handiagoa zutenean, agian logika gehiago zuen urtarrilean banatzeak. Urtekariaren izenean. Baina formatua aldatuta, gaur egun abiadura bizian doan aktualitateari patxadaz begiratzeko tartea hartzeko ez al da hobe abuztua? Gainera, lau aste horietan ez da astekaririk izaten, eta ARGIAren fanatikoenentzat monoa pasatzeko metadona funtzioa ere bete dezake.

Total, errealitatea irakurtzea maite duzuenontzat, hemen eskaintza. Hori bai, ez pentsa datorren urtarrilean beste Gakoak bat iritsiko zaizuenik postontzira. Dosifikatu indarrak, 2018ko abuztura arte berririk ez da izango eta.