argia.eus
INPRIMATU
Aio zurina, aio!
  • Ez dakit nola harritzen garen! Gezurra dirudi; mendeak joan eta urteak etorri eta badakiguna berretsi besterik egiten ez badigu ere, eguraldi gogaikarriak petraltzen gaitu. Zera dio, behin eta berriz: hemen beroa eta hezetasuna elkarrekin bizi izaten dira. Horrek harrotzen ditu onddoak eta haien alaba diren gaitzak.

Jakoba Errekondo 2017ko uztailaren 03a
Zurinak jotako landarea. (Arg.: Polinator-CC By SA)
Zurinak jotako landarea. (Arg.: Polinator-CC By SA)

Onddoek sortutako gaitzak sufrearekin eta kobrearekin tratatzen ditugu. Bi gai horiek naturalak edo sintetikoak izan daitezke. Naturalak harri natural batetik erauzitakoak dira. Sintetikoak industria kimiko batean sortutakoak. Tratamenduak egindakoan gai horiek azkenean lurrera doaz. Sufrea, inorganikoa izateagatik hor nonbait. Kobrea, ordea, metal astuna da, eta nora joan han pilatu. Neurririk gabe emanez gero, kutsadura areagotzen da. Tamainan erabilita ere nahikoa lan badu. Azken beltzean landareak, lurrak, urak eta gu geu kutsatuko gara. Biak, sufre eta kobre, ahalik eta gutxien erabili behar dira.

Ez dago aukera handirik gaitzei aurre egiteko. Aurrea hartzea da eraginkorrena, bi aieketan lan eginda: landare aldaera sendoak eta gaitzak jasateko gai direnak aukeratzea eta, bestetik, onddoak harrotzen dituen hezetasunari buru egitea.

Panorama honekin jende asko ari da, han eta hemen, landareen osasungintzan. Onddoak kemengabetzen dituzten fungizida aukera mordoa dago dagoeneko frogatua: esnekiak, errautsak, propolioa, bikarbonatoak, ur oxigenatua... Denek lan bertsua egiten dute: landarearen azala lehortu eta zaildu. Horiez gain silize ugari duten landareen urak ere baliatzen dira: azeribuztanarena eta asunarena. Lehenak gaitzari aurre egiteko indartzen du landarea. Bigarrenak, nahiz eta gaitzak jo izan, buelta eman eta suspertzen.

Duela gutxi jakin dut oidioari edo zurinari aurre egiteko beste erremedio interesgarri baten berri: Quercus generoko landareen kuku-sagarra. Lehor-lehor dagoenean eho, eta hautsa zabaldu landarearen gainean. Aio zurina, aio!