argia.eus
INPRIMATU
AHT: lotsak eta erantzukizunak
  • Eusko Jaurlaritzak, bost hilabete lehenago gonbidatu bazuten ere, ez zuen AHTri buruzko mahai-inguru batean egon nahi izan. Deseroso eta lotsatuta ote dago halako diru xahutzearen aurrean?

Juan Mari Arregi 2017ko uztailaren 06a

Gobernu orok herritar guztien alde egin behar du, ez soilik aukeratu duten horien alde. Jendarte horretan sorturiko arazoak eztabaidatu egin beharko lirateke inongo erabakirik hartu aurretik. Baina EAEko gobernuak ez dirudi horretarako asmorik duenik, alderantziz, jendarteko zati txiki baten zerbitzura jarri dela ematen du. AHTrekin dugun arazo larriaz ari naiz, zergadunaren milaka milioi euro erabiltzen ari baitira bere etorkizuna oraindik ezezaguna zaigun arren. Behin eta berriz aldatu dute AHT martxan jartzeko eguna, eta behin eta berriz hautsi dute hitzemandakoa.

Joan den astean Eusko Jaurlaritzak, bost hilabete lehenago gonbidatu bazuten ere, ez zuen AHTri buruzko mahai-inguru batean egon nahi izan. Katedradun, ingeniari eta sindikalistek hartu zuten parte. Nolako lotsa behar duen izan administrazio horrek, Euskal Y-aren aldeko jarrera defendatu nahi ez izateko… Deseroso eta lotsatuta ote dago halako diru xahutzearen aurrean? Obrek segitzeko eta trena martxan jartzeko eguna behin eta berriz atzeratzen ari delako agian? Beldurra al dio beste mota batzuetako iritziei aurre egiteari, jakinik 52 milioi euro gehiago beharko direla 11 tuneletan sorturiko arazoak konpontzeko? Ez al ditu entzun nahi proiektu milioidun hau zementuaren lobbyaren eta ingeniaritzen zerbitzura besterik ez dagoela diotenen arrazoi ekonomiko eta teknikoak?  

Lotsagabekeria bat da, murrizketa sozialak hain handiak diren garaiotan Eusko Jaurlaritzak gure diru publikoa erabiltzen segitzea azpiegitura antisozial, antiekonomiko eta ingurumenaren kontrako honetan gastatzeko. Eta gainera, iritzi publikoaren aurrean ez du aurpegirik eman nahi bere jarrera justifikatzeko. Lotsa eta erantzukizun gehiegi dira horiek ezkutatu ahal izateko.