argia.eus
INPRIMATU
Zazpi herrialdeetako sagardoa Hendaiako Sagarno Egunean
Garazi Zabaleta 2017ko ekainaren 29a

Ekainaren 17an egin zuten Sagarno Eguna Hendaian. Duela hogei urte inguru hasi ziren egun hori ospatzen, baina urte pare bateko deskantsuaren ondoren, iaz berreskuratu zuen ekimena Baleak elkarteak.

Aurtengo festan egon da nobedaderik: Zazpi herrialdeetako Sagarno Eguna izan da Hendaiakoa, lehen aldiz, Jesus Arzallus Baleak elkarteko kideak azaldu bezala: “Zuberotar bat aurkitu genuen, Iruriko auzapeza, sagardoa egiten hasia zena. Orduan ikusi genuen posible zela zazpi herrialdeetako sagardoarekin egitea eguna”.

Izan ere, sagardo tradizioa bereziki Gipuzkoarekin lotu izan badugu betidanik, Lapurdin bertan sorpresa eraman dute Baleak elkartekoek: Etxean sagardoa ekoizten dutenak uste baino gehiago dira, sei bat sagardogile topatu dituzte horretan ari direnak. Nafarroa Beherean ere, Irulegiko arnotegitik hasita eta bertako jendeak bultzatuta, sagardoa egiten eta saltzen ari dira. “Badago tradizioa, eta badago jarduera garatzeko gogoa ere”, dio Baleak elkarteko kideak. Badu etorkizunik Ipar Euskal Herriko sagardoak, beraz.

Plaza bete jende, plaza bete sagardo

Urteko ekimenik arrakastatsuenetarikoa du Baleak elkarteak Sagardo Eguna. “Badu ‘gantxoa’, sagardoak jendea erakartzen du eta egun herrikoia da oso”, azaldu du Arzallusek.

Aurten ere egitarau zabala zuten antolatua: arratsaldeko bostetatik aurrera txalaparta, bertsolariak, herri kirolak, taloak, eta noski, sagardoa izan zuten hurbildutakoek. Sagardotegi bakoitzaren ondoan, gainera, Hendaiako hainbat elkarte aritu ziren jateko pintxoak eskaintzen. Herriko eragileen parte hartzea bultzatu eta ekimena herrikoiago bihurtu nahi izan dute antolatzaileek kultur nahiz kirol arloko elkarteak inplikatuz.

Pozik agertu dira antolatzaileak herritarren erantzunarekin. Plaza bete jende izan zen eta 800 edalontzi baino gehiago banatu zituzten arratsaldean zehar, giro bikainean. Beroari aurre egiteko ongi etorriak izan ziren Euskal Herriko zazpi herrialdeetako sagardoak. Kasik sagardorik gabe gelditu omen ziren…