“Hemengoek ere hurbildu behar dute kanpotik etorri garenongana”

  • Batzuetan, halaxe datoz gauzak. Ostiralerako egina duzu hitzordua Tarana Karimekin, Tolosan, han baitabil eragin eta astindu aktibista azerbaijandarra, eta zenbait egun lehenago, galderak prestatzen ari zarela, hara non Mursegok bi kantu zabaltzen dituen, Oiongo herritarrekin batera eta elkarbizitza sustatzeko ondu duen diskoaren aurrerapen. Elkarrizketara bidean, ezin ezpainetatik kendu egoerari propio jarria dirudien doinua: “Ni ez naiz zu / eta zu ez zara ni / baina biok batera bagara”.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Tarana Karim (Julfa, Azerbaijan, 1977)

Ikasketaz abokatua da Tarana Karim; ostalaritzan eta itzulpengintzan jardun da besteak beste, eta gaur egun aktibismoan ari da buru-belarri. Bizitzak hala ekarri duelako, orain 15 urte Euskal Herrira etorri zenetik hainbat elkartetan ibili da boluntario, hala nola Caritasen eta Gurutze Gorrian. Orain dela hiru urte Ana Yurd izeneko emakume-elkartea sortu zuen, munduko emakumeak biltzeko, eta Tolosako Emakumeen Etxearen Aldeko Taldean ere badabil. Bi urte egin ditu SOS Arrazakerian lanean, eta, hori baino lehen, lau urtez aritu zen elkarbizitza bultzatzeko Bizilagunak proiektuan dinamizatzaile. Aisialdian, ipuinak kontatzen ditu: hura aditzeko aukera, Hernani Hitzetan jaialdian.

Hasteko, zure burua aurkezteko eskatu nahi nizuke.

Tarana Karim naiz, azerbaijandarra, han jaioa eta hazia. 15 urte egin ditut Euskal Herrian bizitzen, ikasten, nire umeak hazten… Nire bizitzagatik edo jatorri ezberdina dudalako, egunerokoan borroka egitea eta estereotipoak apurtzea tokatu zait, beraz duela hainbat urte borrokalari bihurtu nintzen, kanpotar eta emakume bezala bereziki.

Zuzenbidea ikasi zenuen jaioterrian; horrek ba al du loturarik zure borroka-grinarekin?

Nik esango nuke nire borrokatzeko grina neure egunerokotik datorrela, beharretik. Zuzenbidea ikasi ala ez, horrek eragiten du, noski, badakizu zeintzuk diren zure eskubideak, baina pertsona bezala, momentu batean konturatzen zara gauzak ezin direla horrela izan, aldatu behar direla eta badagoela beste modurik gauzak egiteko.

Nolatan etorri zinen hona bizitzera?

Gazteagoa nintzen eta nire gizartean oztopo batzuk aurkitu nituen lan aldetik. Han nengoela, nire bikotekidea ezagutu nuen, eta hemengoa zen. Donostiara iritsi nintzen, eta hortik jarraitu dut.

Zer oztopo aurkitu zenuen jaioterrian?

Azerbaijan, herri bezala, oso polita da: natura, kultura aberatsa… Turismoa egiteko, ederra da. Bertako jendearentzat, berriz, gero eta traba handiagoak daude; gaur egun diktadura bat da: ez daukazu askatasunik, internet kontrolatuta dago, komunikabideak itxi dituzte, gauzak egin nahi dituen jendea kartzelaratu… Nire garaian, lanera eta unibertsitatera sartzeko orduan, ustelkeria handia zegoen, eta okerrera egin du horrek ere. Dirurik ez badaukazu, ezin zara unibertsitatera joan ezta ametsetan ere; ofizialki publikoa da, doakoa, baina diruaren bidez funtzionatzen du denak. Hango jendearentzat oso zaila da bizitza.

Zer moduzko bidea egin duzu hemen?

Iritsi nintzen hizkuntza jakin gabe eta niretzat oztopo handia izan zen. Lan egiteko garaian zorte ona eduki dut, bazegoen beti norbait ingelesez moldatzen zena, eta berehala hasi nintzen lanean. Iritsi eta lehen lau urteetan, lana eta etxea, horiek ziren nire guneak, baina gero umeak jaio ostean ez nintzen hainbeste aritzen kanpoan lanean, eta denbora eman zidan hainbat gauzari buruz pentsatzeko. Parkera, liburutegira edo dendara joatean, konturatzen zara gizarteak nola hartzen zaituen. Jende askok espero du hemengoak bezalakoak bihurtuko garela, hemengoek bezala jokatuko dugula: hori prozesu bat da, eta prozesu hori egin nahi izanez gero, akaso zure bizitza osoa behar izango duzu horretarako. Edonola ere nik argi daukat ez dudala hori nahi: ez dut inor bihurtu nahi, nik nahi dut nire bizitza bizi tokatzen zaidan bezala.

Argazkia: Dani Blanco.

Nola hasi zinen hemengo gizartean zeure tokia egiten?

Filtro moduko batzuk jartzen dizkizute: lehen, euskara zen filtro bat niretzat. Bertako pertsonak bildu ohi diren lekuetan, kanpoan geratzen zara. Ni hasi nintzen pentsatzen ea nola sar nintekeen toki horietan, zeren gizarte honetan bizi naiz, baina badirudi ez nagoela. Umeak pixka bat hazitakoan hasi nintzen Tolosako Udalak antolatzen zituen egitasmoetan parte hartzen, nire iritzia ematen… Gizarteko kidea naiz eta nahi dut dagokidan toki horretan egon, eta kontuan har dezatela nire iritzia.

Euskara ikasi zenuen, filtroa pasa zenuen, eta gero…

Euskaldunak biltzen diren lekuetara iritsi nintzen, eta hasieran harrituta begiratzen zidaten, baina gero ikusi dute hainbat gauzetara joaten naizela, eta ohitu egin dira. Egitasmo askotan nabil, saiatzen naiz parte hartzen eta nire kolektiboaren iritzia eramaten. Udalek esaten dute berdintasunaren alde daudela, bai, baina bertakoei ematen zaizkien aukerek agian kanpotarrei ez diete balio, beste behar batzuk dauzkagulako. Kanpotik etorritako emakumeek ez daukate hainbesteko sarerik eta hainbat egoeratan beste behar batzuk ditugu: hori kontuan hartu behar da politikak egiteko garaian. Bestalde, udalak edo elkarteek gauzak antolatzen dituztenean ez dute kontuan hartzen beste gizarte batetik datozen pertsonek beste erritmo bat daukatela: denontzako egitasmoak antolatzen dituzte eta esaten dute kanpotarrak ez direla joaten. Tira, agian kanpotik gatozenok ez ditugu gauzak horrela egiten: joan zaitez beraiengana, galdetu, ezagutu….

Azkenaldian Europako hainbat hiritan gertatu diren erasoen ondoren, alderik igarri duzue?

Gaia okerrera doa. Musulmanak atera gara esanez eraso horiek egin dituzten pertsonak ez direla musulmanak baizik eta terroristak, eta uste dut horregatik gauzak argitu direla gizarteko arlo batzuetan behintzat, baina sare sozialetan, adibidez, egurra ematen digute ezker-eskuin. Gainera borrokan ari garen emakumeoi topikoak botatzen dizkigute, musulmanei eta matxismoari buruz: ez ditugu zertan halakoak onartu, baina nik ez diet halako pertsonei azalpenik eman nahi. Ulertu nahi baduzu nik zer egiten dudan, gustura azalduko dizut. Baina nahi dut hurbiltzea, ni neu hurbiltzen saiatzen naizen bezala euskal ohituretara. Bi aldetakoa izan behar du ahaleginak, hemengoek ere jarri behar dute interesa.

Gogoan duzun egoera desatseginik?

Adibidez, behin ertzaintzara joan nintzen, nire etxean lapurrak sartu zirelako, eta ertzaina hasi zitzaidan galdetzen ea bizi nintzen etxe hori alokatuta ote neukan, eta ea diru-laguntzarik jasotzen ote nuen, zeren hala izatekotan alokairuarena aitortu beharra neukan… Esan nion ogasunarekiko betebeharrak ondo beteak neuzkala; eta gainera, ertzaintzaren lana ez da hori: ni salaketa jartzera joan nintzen, lapurtu egin zidatelako. Baina zapia daramadanez eta abizen ezberdina daukadanez… Etxeberria edo Aranburu bat joango balitz, ez liokete halakorik esango. Hala ere, horrelako esperientziek, eta ez bakarrik nireek, ingurukoenek ere, tresnak ematen dizkizute, halakoak gertatzen direnean zer egin jakiteko. Halako egoeretatik ikasi egiten duzu, eta badakizu non jarri behar dituzun mugak.

Halako bizipenak beste batzuekin konpartitzea lagungarria al da?

Bai, gainera, beste emakume batzuek askotan kontatzen dute momentuan ez zutela jakin zer egin, eta orduan joaten gara elkarrekin, edo erantzuteko moduak aztertzen ditugu. Batzuek pentsatzen dute kanpotarrei edozer gauza esan dakiekeela, eta ez.

Argazkia: Dani Blanco.

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren gaiak ere harrotu ditu hautsak.

Diru-laguntza hori edo beste edozein gauza kobratzeko baldintza batzuk bete behar dira: baldintza horiek betetzen badituzu eskubidea daukazu jasotzeko, eta kitto, berdin du nongoa zaren. Beste gauza bat da zenbait baldintza direla medio bertakoak kanpoan geratzen direla, laguntzak modu jakin batean antolatuta daudelako: hori ez da kanpotik etorri denaren errua. Gobernuari eskatu beharko litzaioke baldintzak aldatzeko edo laguntzak beste modu batean antolatzeko.

Hona etorri zinenez geroztik, askotariko lanak egin dituzu, ezta?

Kanpotar asko bezala, behetik hasi nintzen. Ostalaritzan ibili nintzen hasieran, eta 2003an hasi nintzen aktibismoan eta boluntariotzan, hona iritsi eta urtebetera, gehienbat kanpotarrak zebiltzan tokietan. Ostalaritzako lana 15 ordu da egunero, bizitza osoa pasatzen da han, baina tartea neukanean boluntario aritzen nintzen. Gero klaseak ematen aritu nintzen, ingeles eta errusierako hizkuntza-eskoletan, eta ondoren, Eusko Jaurlaritzak proiektu bat jarri zuen martxan, kanpotik etorritako umeentzat, eskolan lau hilabetez laguntza emateko: itzulpenak egin, azterketetan haiekin egon, medikura haiekin joan… Horretan aritu nintzen Gipuzkoako hainbat herritan, besteak beste Irunen, Andoainen eta Zizurkilen.

SOS Arrazakerian lan egiten duzu orain. Nola hasi zinen horretan?

Urte eta piko egin nuen motel lan aldetik, baina lanean gutxiago ibili naizen garaian aktibatu ditut emakumeen elkartea eta aktibismoa. Duela bi urte pasa hasi nintzen SOS Arrazakerian, eta hor lana eta aktibismoa batera doaz, ez da pastelak egiten aritzea bezala, horrelako lanak 24 orduz dituzu buruan eta bizitzan.

Zer lan-ildo jorratzen dituzu elkarte horren barruan?

Sentsibilizazioa jorratzen dugu, edozein diskriminaziori aurre egiteko, baina batez ere arrazakeriari eta xenofobiari. Arlo guztietan lantzen dugu: gizartean, erakundeetan, eskoletan… Nik proiektu hauek kudeatzen ditut: Bizilagunak proiektua, alegia bertako eta kanpoko familien edo taldeen arteko bazkariak; errefuxiatuei buruzko erakusketa, batez ere eskoletan lantzeko gaia; eta udaberriaz geroztik martxan daukagun beste egitasmo bat: “Emakume musulmana islamofobiaren aurka”.

Zertan datza azken hori?

Emakume musulmanei prestakuntza-tailerrak eskaintzen dizkiegu islamofobia zer den ikusarazteko, zeren batzuek ez zuten ezagutzen: esaten ziguten gertatu zitzaiela hau, hori eta beste hura, baina ez zekitela hori islamofobia zenik. Oso emaitza onak bildu ditugu: maiatzean amaitu genituen tailerrak, eta emakumeak, nolabait esan, esnatu egin dira, ekarpenak egiten hasi dira, parte hartu nahi dute… Hori beharrezkoa da. Ni neu bere garaian konturatu nintzen horretaz ari dira orain beraiek konturatzen: “Leku bat daukat gizartean, eta parte hartu behar dut, ahal dudanaren barruan”. Guztiok ez dugu berdin parte hartuko gizartean, jakina, baina bakoitzak ahal duena emango du, eta dagokiona hartuko. Uste dut gizartea hartu eta emaneko prozesu bat dela.

Nola uztartzen dira islamofobia eta genero-zapalkuntza?

Islamofobia musulmanen aurkakoa da, bai, baina emakumea zarenean okerragoa da, ahultzat hartzen zaituzte. Batzuetan, emakumeei esaten diete gizonei esan ezin dietena. Gainera, esaten digute gizon musulmanek zapaltzen gaituztela. Behin, islamofobiari eta feminismoari buruzko tailer batean nengoela, bertako emakume batek hauxe esan zidan: “Zapia jartzera derrigortzen zaituztete, ea noiz askatzen zareten!”. Tailer feminista batean zegoen emakume batek, pentsa! Hauxe erantzun nion: “Aizu, goizero nik neuk jartzen dut zapi hau, ez daukat inor etxean zapia jartzeko agintzen didanik”. Askotan, zapiarekin, bertako emakume asko baino askeagoa naiz. Buru barruan daukazun askatasuna, horixe da kontua; mundua nola ikusten duzun, zure bizitzaren jabe ote zaren… Horixe da askatasuna, eta ez zapia eramatea edo ez eramatea.

Zenbat buru, hainbat aburu

“Gure testua, Korana, gizonek interpretatu dute, eta begiratzen baduzu nola bizitzen den islama Iranen, Turkian edo Indonesian, ez dute berdin egiten: liburu bakar batetik baldin badator dena, zergatik da hain diferentea? Interpretazioak direlako. Adibidez, feminismo islamikoan dabiltzan emakumeak, arabiera ondo ezagutzen dutenak, Koran originala ari dira ikertzen, genero-perspektibarekin, luparekin. Nik ez dakit arabieraz, baina hizkuntza horretan hitz batek hainbat esanahi izan ditzake: gizonek, gehien interesatzen zaizkien esanahiak hartu dituzte, eta horri beste ikuspuntu batetik ere begiratu behar zaio”.

Iftar

“Iaz, Ramadan bitartean, iftar bat antolatu genuen kalean, meskitarekin batera. Jateko momentua da iftar: egunean zehar ez dugu jaten eta edaten, eta gaua heltzean egiten dugu. Plazan egin genuen eta alkatea ere gonbidatu genuen, jendeak ikus zezan zer den, beldurra baitaukate beti ea zer egiten ote dugun meskitan, ea magia egiten dugun edo zer [barreak]. Kalean egin genuen dena: errezatu, jan, hitz egin, zalantzak argitu… Beldurrak uxatu nahi genituen, batzuk nahiko urduri daude eta”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura aniztasuna
Soka izan

Abenduaren 18an migratzaileen nazioarteko eguna ospatzen da. Iaz Bilboko Alhondigan ekitaldi instituzionala egin zen eragile sozialekin batera, eta ni parte hartzera gonbidatu ninduten. Aukera ezin hobea izan nuen han sortzaile berriak ezagutzeko eta, batez ere, Miren Agur... [+]


Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


Borderline Fabrika
Arteetatik komunitate arteko nahasketaz gozatzeko gunea

Tarte luze batez espazioa eraldatzen ibili ondoren, azkenik, 2021eko martxoan zabaldu zuten Borderline Fabrika; Hendaiako geltokiaren albo batean dagoen "lan egin eta topatzeko lekua". Proiektua ezagutzeko asmoz, bertako kide eta bultzatzaile den Ander Fernandezekin... [+]


“Ileapaindegi honetan inor ez da ilegala”

GureHaizeak Donostiako Gros auzoan irekiko duten ileapaindegi komunitarioa da. Bost lagunek abiatutako proiektua da, baina kultura desberdinak elkartuko dituen eta auzoan sustraituko den proiektua izatea nahi dute.


“Ongi etorri eskolara” programa
Nola utzi bizkarra emateari

Dorleta Mikeok esango digu elkarrekin baina nahastu gabe bizi garela, ez dagoela bizikidetzarik bertakoen eta beste jatorri batzuetatik etorritako familien artean. Mikeo eta Lola Boluda Donostiako Egia auzoan, Aitor ikastolako jolastokian, abiaburua izan zuen egitasmoa garatzen... [+]


Rosario Palomino, Peruko katalana
“Kanpotarrari gaztelaniaz egiten badiogu, esaten ari gatzaizkio katalanak ez duela garrantzirik”

Rosario Palomino Liman (Peru) jaio zen eta 30 urtetik gora daramatza Bartzelonan bizitzen. Katalanez erraz egiten du, eta hala ere, katalan hiztunek gaztelaniaz egiten diote, kanpotar itxura duelako. Badaki errespetuaren izenean egiten diotela gaztelaniaz, baina bera... [+]


Euskal Herriaren koloreez

Eskerrak euria iritsi den azkenean: nola eutsi hain berde, bestela, Euskal Herriari…!”, diote. Eta badu egiatik. Baina gure amaren herrian teila-kolore iluna hartzen du lurrak euria egiten duenean, oso argi ez balego bezala zer dagoen zerez eginda: teilak lurrez ala... [+]


Elkartu ezinaz
Egoera larria? Norentzat da egoera larria? Nori axola zaio ba? 2018ko azterketa, ikerketa eta inkestek euskalduna bere kulturgintzari bizkarra emanda bizi dela frogatuta, nori inporta zaio?

Zenbat kostatzen zaigun elkartzea bota zidan lagunak, eguna argitu berritan,... [+]


Bizilagunak: “Aurreiritziak eta estigmak hausteko” bazkariak

Azaroaren 17an Bizilagunak egitasmoa antolatuko dute. Etorkinak, errefuxiatuak eta bertoko familiak bazkaltzeko elkartuko dira Araban –Bizkaian eta Gipuzkoan ere antolatuko da egitasmoa–. Nazioarteko kultura desberdinetik etorritako jendeen arteko egun berezi honek... [+]


2019-09-11 | Aiaraldea |
“Munduko emakumeen janak Aiaraldean” antolatuko dute lehenbizikoz, kulturartekotasuna eta ahizpatasuna saretzeko

Aiaraldea Ekintzen Faktoriako feminismo lantaldeak "Munduko emakumeen janak Aiaraldean" dinamika abiatu du. Ostiralean egingo dute aurkezpena Amurrioko Kultura Etxean, 18:00etan.


Eguneraketa berriak daude