argia.eus
INPRIMATU
Ezin utzi, ezin hustu
Ramon Etxezarreta @retxezarreta 2017ko ekainaren 27a

Esan liteke gizarteak uko egin nahi diola aparatu politikoen praktika omnipresentzialari eta gizarte eredu horretatik ihesean abiatu dela. Behar zuen inoiz betekadaren ondorengo okada bistaratu. Iraultza abian jarrita, kontua da, norabide egokian egin ote den, helmuga egokira eramango ote gaituen, merezitako zigorra hau ote zen.

Ufadaz baliatuz alderdietako baseak –bizirauten dugun militante hondarrok– jipoi ederrak ari dira ematen zuzendaritzei eta hauen historiei. Gehiegikerian, ohikeria ustelean eta akritikotasunik endogamikoenean instalatu direla eta horiek hortik astintzen ez badira politikagintzak jai izango duen usteagatik dela uste da.

Ufadaz baliatuz alderdietako baseak –bizirauten dugun militante hondarrok– jipoi ederrak ari dira ematen zuzendaritzei eta hauen historiei

Ufadaz baliatuz alderdietako baseak –bizirauten dugun militante hondarrok– jipoi ederrak ari dira ematen zuzendaritzei eta hauen historiei Euskal Herrian, ordea, ez da, beste mamu batzuek uxatzen nonbait, gertatu oraindik. Partidu klasikoek indarrean jarraitzen dute, agintean esan nahi da, ez baita gainerakoetan eman den zilipurdikarik eman. EAJk eternala dirudi, eskuin, zentro, kontserbadore, sozialdemokrata… mazoko karta guztiak eskuan dituela. Partidu Sozialista, nazionalismo demokratiko instituzionalaren beharrek salbatu dute, oraingoz. Hau horrela esanda, gaizki ulerturik ez dadin egon, esan dezadan behar horiek euskal gizartearen beharrekin gehien identifikatzen direnak direla.

Dena den, ezker nostalgikoak eta populismoak eragindako lurrikararen azken uhinek ere harrapatu dute alderdi sozialista eta kanpai-buelta bat baino gehiago eman beharrean gertatu da trapezioan. Harrigarriki, Espainian aldaketa usaina egoten den uneen antzeko sinpatiak eragin ditu Pedro Sánchezen lidergorako itzuliak. Okasio horietan ez bezala euskal militanteen botoen beharrik gabe gertatu da garaipena. Andaluziak, neurri batean, eta Euskal Herriak huts egin dute hitzordu horretan.

Andaluziakoa morrontzazko botoa izan bada, etxeko aparatuarekin boto kritikorik gutxiena gure artean jaso da. Ez dakit inork horrela irakurri duen kontua, baina alarmatzekoa da aparatuarekiko manupekotasuna eta honen kontinuismoa. Euskal sozialisten diskurtso politikoan, Odon Elorza outsiderrarengandik harat, aldaketa eta berritzerik ez da sumatzen oraingoz. Politikagintzaren deskredituari eta sozialdemokraziaren krisi intelektualari aurre nola egin asmatu ezinda edo horretarako borondatea disimulatuz biziraun nahi balu bezala. Ez dago erraza.

Erraza ez dagoen bezala desarmatu eta politikagintza libre eta demokratikora igaro nahi dutenena. Sozialdemokrazia mesprezatu eta erasotzetik, inoiz ez bezala garaia omen, sozialdemokrata esplizitatu gabeko izateko igaro bidean doaz. Sozialdemokraton krisi intelektualek, diskurtso kontraesankorrek, preso gauzkate, Diogenes sindromearekin etxetik atera ezinda. Zenbat ganbara daukagun husteko!